Natalia Salazar Orbe
Ideia huts batetik proiektu bat gauzatzera arteko prozesu guztia modu kolektiboan, elkarrekin, egiten duten lau emakumek osatzen dute Txakur Gorria taldea. Jarduteko modu hori ardatz hartuta antolatu dute Lau Eskutara literatura ikastaroa. Otsailaren 1ean hasita, Txakur Gorriko kideek lau larunbat goizetan eskainiko dituzte hitza eta irudia abiapuntu hartuta sormenari ateak zabaltzeko topaketak, Markina-Xemeinen.
Malen Amenabar Larrañagak, Mariñe Arbeo Astigarragak, Ane Labaka Mayozek eta Nerea Ibarzabal Salegik osatzen dute Txakur Gorria. Azken hirurek gidatuko dituzte ikastaroak. Euren esperientzietatik abiatuta prestatu dituzte. Ibarzabalek eman ditu azalpenak: “Sormena aktibatzeko hainbat ariketa prestatu ditugu; batzuk jostalariagoak, beste batzuk sakonagoak, bakoitzak erosoen sortzen duen estiloa bilatzeko eta taldearekin konpartitzeko”. Eroso sentiarazi nahi dituzte parte hartzaileak. “Konfiantzazko giroa sortzea da gakoa, sartu dizkiguten beldur denak uxatzea eta inori ezer demostratu beharrik ez daukagula sentitzea”.
Beldur edo presio horiek ezagutu izan dituzte Txakur Gorria kolektiboa osatzen duten kideek. Ibarzabalek kontatu duenez, laurek izan dute harremana sormen diziplinekin umetatik. “Urte askoan modu indibidualean bizi izan dugu sorkuntza ibilbidea; bertsolariok lehiaz ere bai, txapelketak zirela medio”. Txakur Gorria unibertsitate garaian sortu zuten, ikusi zutenean gai zirela euren gaitasunak uztartu eta bururatzen zitzaizkien “ideia zoroei” forma emateko, “inongo sariketatan bermerik lortu beharrik barik, edo mailakatuko gintuen sistemarik barik. Izugarrizko oxigenoa eta motibazioa izan zen”. Laurak emakumeak izatea ere esanguratsua izan da eurentzat prozesu horretan, “elkar ulertzea eta konplizitatea oso handiak baitira. Badakigu nondik gatozen, eta erabaki nahi dugu nora goazen”.
Ikastaroaren izenburutik bertatik bultzatu nahi dute kolektibotasun hori. Lau Eskutara, hain zuzen, lau eskuz lantzen den proiektuaren eta prozesuaren isla da. Lau bloketan banatu dute ikastaroa. Horietako hirutan idazketa landuko dute, batez ere. Bestean, irudiak izango du garrantzia batez ere. Bigarren saioan izango da hori.
Saioetatik tiraka
Hitzekin jolasean jarriko dituzte parte hartzaileak, Hitzei tiraka izeneko lehen blokean. Sormena lantzea literatura ikastaro baterako oinarrizko pausoa dela deritzo Ibarzabalek. Batez ere, ikastaroa praktikoa denean. Sinetsita dago idazteko zaletasuna duen jende askok aski izaten duela hori guztia aktibatzeko “bultzadatxo” edo “pizgarritxo” bat. “Beldur asko sartu dizkigute idazketari eta marrazketari dagokienez, eta idazlea eta ilustratzailea gugandik urrun dauden figura gisa ulertzen ditugu askotan. Hori apur bat deseraiki eta hizkuntzarekin, irudiekin eta irudimenarekin ondo pasatzea da ikastaroaren asmoa”.
Lehen saioan, berben fonetikarekin eta esanahiekin jolastuko dira; horiek aldatuz, ezabatuz, berrasmatuz… Zenbait liburu eta hiztegi eramango dituzte. Ondoren, taldean elkartu direnen artean hitz asmatuen hiztegia osatzen saiatuko dira, besteak beste. Txakur Gorria kolektiboak argitaratua du hitz asmatuen hiztegi bat: Hizteria eskuko hiztegia. XIX. mendearen bukaerara arte, emakumeei histeria gaixotasuna diagnostikatzen zieten. Asmatutako gaixotasun hori izendatzeko erabiltzen zuten histeria hitza abiapuntu hartuta osatu zuten hiztegia.
Irudiei hauspoa
Hitzen ordez, irudiak hartuko dituzte jolaserako ardatz bigarren blokean. “Irudiak erabiliko ditugu testuak sortzeko amu gisara”. Horretarako, aldizkarietako irudiak, prentsakoak zein ikastaroko kideek eurek sortutakoak erabiliko dituzte. “Irudietatik testuak eta testuetatik irudiak sortuko ditugu hainbat ariketaren bitartez. Eskuak zikindu beharko dira, eta, hasieran askok aurpegi arraroak ipini arren, gero primeran pasatzen dute”.
Bistakoa da irudiek presentzia galtzen dutela helduek irakurtzen dituzten liburuetan. “Badirudi helduek marrazkirik gabeko liburuak irakurri behar dituztela benetako heldu izateko, baina badago album ilustratuen merkatu zabal bat helduentzat, agian askorentzat ezezaguna dena”.
Ibarzabalek ez du uste helduaroan irudien inguruko interesa galtzen denik. “Kontua da desagerrarazi egiten direla irudiak helduen produktuetatik. Eta sumatzen dugu gutxiespenez tratatzen direla irudia daramaten lan literarioak”.
Inspirazioaren bila arituko dira Gauza txikiei tiraka izeneko hirugarren saioan. “Horretarako aitzakia ona dira kontzeptuak, objektuak edo gertaera txikiak”. Aurreko blokeetan bezala, hainbat liburu, poema, zutabe edota pasarte irakurriko dituzte hasieran, eta horiei buruz hausnartuko dute. “Gero geure testu propioak sortuko ditugu, bakoitzak hautatzen duen gauza txiki horri jarraika”. Egun horretan kalera ere aterako dira, inguruan dituzten hitzei eta irudiei erreparatzera. Edozer izan daiteke helduleku bat: elkarrizketak, kartelak, perspektibak, sentsazioak…
Garrantzitsu deritzo gauza txikiei erreparatzeari. “Zarataren eta hitz potoloen garaian bizi gara, eta horrek gauza asko estaltzen ditu. Gauza ederrez zein ez hain ederrez inguratuta gaude, eta gauza handiagoez hitz egiteko abiapuntu dira askotan”.
Azken saioak borobilduko du ikastaro osoa: Kolektibotasunari tiraka izenburua jarri diote. Txakur Gorria kolektiboak lan egiten duen modua islatuko du. “Interesgarria eta emankorra izango da”. Ibarzabalen arabera, sortzaileak ez daude ohituta era horretan lan egitera. “Sortzaile indibidual arrakastatsuaren bidea da sarritan erakusten zaigun bakarra, eta taldean aritzeak gauza asko puskatzen ditu”. Zenbaitetan zailagoa ere izan daitekeela aitortu du, negoziatu beharra dagoelako. “Hala ere, lehorte uneak gainditzea errazagoa da kideen laguntzaz. Ikastaro hauetan giro eder hori sortzeko aukera dago, elkarrekin sortzekoa edota banaka sortutakoak denekin elkarbanatzekoa, parez pare”.
Partekatzeko aukera
Sormenaren prozesuak partekatuko dituzte horrela. Badakite ikastaroko parte hartzaileek eskertu egiten dituztela halako aukerak. “Beste ikastaroetan zenbaitek esan ziguten beraiek ez daukatela inguruan horrelako gauzak elkarbanatzeko inor. Horrek argi uzten du letren munduaren kokapena zein den gizartean: kirola egiteko edo kirolaz aritzeko mila talde egongo dira prest astero”.
Zumaian izan zuten lehen esperientzia, iaz. Bertan egin zituzten lehenengoz orain Markina-Xemeinen eskainiko dituzten saioak. Euskaraz sortu nahi duten guztiei zabalduta dago Lau Eskutara. “Irakurtzeko eta idazteko ohitura edo, besterik barik, gogoa duen jendeari zuzenduta dago”, zehaztu du Ibarzabalek. “Berbek zerbait mugitzen dioten jendeari. Ez da ibilbiderik edo prestakuntzarik izan behar, guk geuk ere geure bizipenetatik jardungo baitugu, esperimentatuz, probatuz eta jolastuz. Ikastaro oso praktikoa izango da”.