Zigarreta elektronikoa eta jokoa, droga planaren arerio berriak

Zigarreta elektronikoa eta jokoa, droga planaren arerio berriak

Ibai Maruri Bilbao

Eskola, familia eta komunitatea dira drogen kontsumoari aurre egiteko eremurik garrantzitsuenak, eta hiruretan eragin nahi du Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak Adikzioen Prebentziorako IV. Planaren bitartez. 2023. urtera bitartean egongo da indarrean, ume eta nerabeen artean kontsumoa apaltzeko asmoz. Berritasunen artean, zigarreta elektronikoa erretzearen aurkako kanpaina sartu dute. Izan ere, mankomunitateko droga mendekotasunaren arloko arduradun Amaia Sarrionandiaren esanetan, “moda” bihurtzen hasi da eskualdeko umeen artean. “Oso deigarria iruditzen zaigu Lehen Hezkuntzako neska-mutilen artean zenbatek erretzen duten zigarreta elektronikoa”, ohartarazi du. Sekula tabakorik erre ez duten umeak dira zigarreta elektronikoarekin hasten direnak; batak bestea ordezkatzea saihestu nahi dute. Ludopatiarekin ere lan egiten hasiko dira, ohartu baitira gazteen artean “nabarmen” zabaltzen ari den mendekotasun bat dela. Teknologiaren eta sare sozialen erabilera zuzena irakatsiko diete gazteei, arriskuei aurre egiten jakin dezaten.

“Eskola funtsezkoa da; izan ere, ikastetxeek zenbait abantaila dituzte prebentzio lana garatzeko, haur eta gazte guztiengana iristeko, adinari dagokionez antzeko populazioa izateko eta jarduera jarraituari bide emateko”. Hor egingo dute indar ludopatiari eta zigarreta elektronikoaren kontsumoari aurre egiteko. Hori horrela, esan dute Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan hainbat proiektu ipiniko dituztela martxan: adingabeen osasunerako hezkuntza proiektuak, ikastetxeetan tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa prebenitzeko proiektuak, prebentzio proiektuak droga kontsumoaren ondoriozko arrisku kolektiboetan, eta teknologiaren erabilera egokiari eta ludopatiaren prebentzioari buruzko proiektuak.

Familiaren esparrua ere funtsezkoa dela ohartarazi du Sarrionandiaren lankide Vicente Fernandezek. “Familiaren barruan oinarrizko balioak, sinesmenak, arauak, ohiturak eta jarrerak transmititzen dira, seme-alabek bizitza osasuntsua izan dezaten”. Hala, profesional eskarmentudunek gidatutako bilerak egingo dira gurasoekin. Besteak beste, haurdun dauden emakumeekin egingo dute lan: “Askok ez dakite, baina drogekiko adikzioa jaio aurretik sortzen da batzuetan”. Emakumeekin batera, haien bikotekideek ere parte hartu ahal izango dute tailerretan.

Bilakaera, abiapuntua

Plana taxutzeko, kontuan hartu dira Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen VII. Plana eta Droga Mendekotasunaren gaineko Arreta Integralari buruzko Eusko Legebiltzarraren 1/2016 legea. 2008, 2012 eta 2016 urteetako azterlanak ere izan dituzte eskutan bilakaera zehazteko. Oro har, kontsumoak behera egin du. Gainera, ikusi dute 2016an tabakoa probatu dutenen eta egunerokoan kontsumitzen dutenen kopuruak behera egin duela nabarmen, aurreko inkestan jasotako gorakadaren ondoren. Azpimarratzekoa iruditu zaie, gainera, atzeratu egin dela tabakoa probatzeko adina: 13 urtetan zegoen 2008 eta 2012ko inkestetan; 15 urtetan zegoen, ordea, 2016an. Urte hartako inkestan, tabakoa probatu zutenen artean gehiago ziren emakumeak, nahiz eta gero egunerokoan erretzeko ohitura hartu zutenak gizonak izan gehienbat.

Alkoholari dagokionez, 2016an behera egin dute egunerokoan alkohola edaten dutenen ehunekoek. Probatzeko adina 13 urtetan dago oraindik, eta ez dago alderik neska eta mutilen artean; orekatuta daude. Kalamua probatzeko adina, berriz, 15 urtekoa da —2012an bezala, eta 2008an baino urtebete atzerago—. Deigarria iruditu zaie kalamua noizbait probatu dutenen artean —gazteen %29 dira— herenek baino gehiagok egunerokoan kontsumitzen jarraitzen dutela; %30ek ez dute gehiago erre, eta gainontzekoek noizbehinka kontsumitzen dute. Legez kanpoko kontsumoari dagokionez, gaztetxoen artean ez da batere ohikoa.

Lau urteroko ikerketak aurten izango du ekitaldi berria. Eta Mireia Elkoroiribe mankomunitateko presidenteak iragarri du aurkeztu berri duten plana egokituz joango direla haren datuekin. “Plan dinamikoa da, unean uneko beharrei egokituko zaiena”.