Pedalei eraginez, normalizazioaren bila

Pedalei eraginez, normalizazioaren bila

Peru Azpillaga

Buelta ugari ematen ditu bizitzak. Gaur hemen, bihar han; zaila da norberaren etorkizuna aurre-ikustea. Hala ere, bizitzak aurrera egiten du beti. Bueltaka, baina aurrera. Bizikleta batean jarrita egongo balitz bezala: pedalei eraginez eta etorkizuna marraztuz. Mossa Sisi, Marcel Mbehe eta haiekin batera Arrigorriagako gaztetxean bizi diren beste zortzi migranteek nekez imajina zezaketen nolakoa izango zen itsasoaren beste aldean topatuko zuten etorkizuna. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta, gaur bertan, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, Arrigorriagako Bizi Eskola irekiko dute; pedalei eraginez etorkizun bat marrazteko esperantzarekin.

Irekiera jaia 19:00etan egingo dute, eta nahi duen guztia gonbidatu dute parte hartzera. Jaiaren ostean, baina, beharra dator. Astelehenetik aurrera, arratsaldero irekita egongo da Bizi Eskola, bizikletari lotutako hainbat zerbitzu eskaintzeko helburuarekin. “Bizikletaz ibiltzen edota bizikletak konpontzen ikasteko ikastaroak, bigarren eskuko bizikleta konponduen salmenta eta bizikleten alokairua: batik bat, zerbitzu horiek eskainiko ditugu”, zehaztu du Sisik.

Bizi Eskola, ordea, negozio arrunt bat baino askoz harago doan egitasmo bat da. Hainbat elkartetako pertsonen ekarpenari esker jaio da, eta, errentagarritasunaren ordez, gizarteratzea jartzen du erdigunean. Besteak beste, Biziz Bizi elkarteak, Arrigorriagako Gazte Asanbladak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Arrigorriagako Harrera Sareak sortutako proiektua da Bizi Eskola. “Lanaren bidez, gizarteratzea sustatzea da azken helburua”, erantsi du Pedro Vallejo Biziz Bizi elkarteko kideak.

Esplikatu duenez, bi dira Bizi Eskola proiektuak dituen oinarriak. Batetik, herrian bizi diren migranteen egoera sozializatzea eta ikusgarritasuna ematea; bestetik, migranteei lan aukera bat eskaintzea, beraien egoera erregularizatzen duten bitartean: “Paperak lortzeko beharrezkoa da hiru urtez erroldatuta egotea, eta, ostean, urtebeteko iraupena duen kontratu bat lortu behar dute… Asko luzatzen den prozesu bat da, trabaz jositakoa, eta proiektu honek aurrera egiteko aukera bat eskaintzen die bien bitartean”, adierazi du Vallejok. ” Aktibo egotea da behar eta nahi dutena; lan egitea eta haien bizitzen kontrola edukitzea”, azpimarratu du Amagoia Martinek.

Arrigorriagako Harrera Sareko kidea da Martin, eta herrira etorri zirenetik ezagutzen ditu Sisi eta Mbehe. Jakinarazi duenez, goizero, hamaika ikastarotan hartzen dute parte. “Horrek zeregin bat ematen die, baina etorkizun bat garatzen lagunduko dien zerbait behar dute”.

Paperak lortzeko zubi

Ideia horri berari heldu dio Mbehek: “Orain ez dugu paperik, baina Bizi Eskolari esker, etorkizun bat ereiten has gaitezke, eta, gainera, oso lagungarria izan daiteke paperak lortzeko orduan”. Oraingoz, Arrigorriagako Harreraren izenean dagoen proiektu bat bada ere, etorkizunean autoenplegua bultzatu dezakeen kooperatiba bihurtzea da egitasmoaren bultzatzaileen asmoa. Izan ere, Martinek ohartarazi duenez, hiru urte erroldatuta egon arren, migranteei oso zaila egiten zaie lan bat lortzea; are gutxiago, gutxienez urte baterako kontratuarekin. “Horren aurrean, autoenpleguak alternatiba bat eskaintzen die”, erantsi du Vallejok. “Bizi Eskola kooperatiba bat bilakatzea da helburua luze gabe, paperak lortzeko prozesua errazteko”, argitu du.

Hori dela eta, nabarmendu du proiektuaren helburua ez dela hainbeste errentagarritasun erreal bat bilatzea, baizik eta haien egoeraren erregularizazioan zubi lana egin dezakeen alternatiba bat eraikitzea. Alde horretatik, otsailean, kooperatibei buruzko ikastaro batzuetan parte hartuko duela gehitu du Sisik, gutxinaka bada ere, amesten duten etorkizun horretan aurrerapausoak ematen hasteko.

Bizikletak izango dira proiektu berri horren ardatza. Vallejok azaldu duenez, bi dira apustu horren aldeko arrazoiak. “Arrigorriagan ez dago bizikleta dendarik, ez erosteko, ezta konponketak egiteko ere”. Horretaz gain, Arrigorriagako gaztetxean bizi diren migranteak Biziz Bizi elkarteak eskaintzen dituen ikastaroetan parte hartzen ibili dira, eta gai dira halako proiektu bat aurrera ateratzeko. “Eta beharko dute”, zehaztu du Martinek. “Batik bat haiek izango dutelako proiektua aurrera ateratzeko ardura. Gu hor egongo gara edozertan laguntzeko prest, baina Bizi Eskola haiek kudeatuko dute”.

Gaur inauguratuko badute ere, Bizi Eskola proiektuan murgilduta dauden pertsonek hainbat denbora daramate lanean. Vallejo Martin, Sisi eta Mbehe herrian bertan dagoen lokalari azken ukituak ematen ari dira, lanean hasi ahal izateko. Hasieran Bizi Eskola gaztetxean jartzeko asmoa bazuten ere, lokal bat lortu dute Arrigorriagako erdigunean, eta dena prest utzi nahi dute irekierarako.