Ibai Maruri Bilbao
Formatuak egiten du ezberdin Neguko Bidaia kontzertu sorta. “Ordubeteko musika saioak dira, eta, ondoren, musikariarekin berba egiteko aukera izaten dute entzuleek; solasaldiak ordu laurden edo ordu erdi iraun dezake, entzuleen parte hartzearen arabera”. Getxoko Andres Isasi Musika Eskolako zuzendari Joxean Llorenteren arabera, “horrek egiten ditu erakargarri”. 2009an egin zuten lehen ekitaldia, hiru kontzerturekin. Aurtengoa hamabigarrena izango da, eta, aspaldion bezala, sei kontzertu-solasaldi egingo dituzte, bihar hasi eta otsailaren 22ra bitartean, larunbatero. Andres Isasi Musika Eskolako aretoan izango dira guztiak, 19:30ean. Musika klasikoa, jazza, lirika, mariatxiak eta rock doinuak entzuteko aukera dago. Bost euro balio du emanaldi bakoitzerako sarrerak; 25 euro, jaialdi osorako abonamenduak. “Ez da garestia, prezioa jendearentzat aitzakia izan ez dadin. Gutxi gorabehera, zurito bigatik eta pintxo batengatik ordaindu behar duzuna da”.
Emanaldiaren une batzuetan musikariek obra aurkezten dute. Baina solasaldia, bereziki, bukaerakoa da. Llorenteren esanetan, entzuleak “batere lotsarik eta beldurrik gabe” hartu dezake parte: “Nahi duena galde dezake, ezagutzarik apalenetik aditu batek izan dezakeenera. Musikariek zalantza guztiak argituko dizkiote. Elkarrizketa bat izango da, denak eroso sentituko diren solasaldi eder bat”. Neguko Bidaia kontzertu sortak “musika ona” eskaintzea du helburu. Horregatik, estilo eta formatu guztietako kontzertuak eskaintzen saiatzen dira. Aurtengo egitaraua osatzeko orduan “freskotasuna” lortu nahi izan dutela esan du Llorentek. “Saiatu gara gure inguruan ezagunak ez diren jendea eta taldeak ekartzen, baina, era berean, ziur gaudenak entzuleak erakartzeko gai izango direnak”. Aipatu du edizio honetan dagoen izen ezagun bakarrenetakoa Iñaki Salvador dela. El Pacto rock taldekoak ere rockzaleen artean ezagunak izan daitezkeela iruditzen zaio, Fito & Fitipaldis taldean ibili izan direlako euretako batzuk.
Aurten, esperimentatzen ere ausartu dira. Izan ere, mariatxi talde bat ekarriko dute Mexikotik. “Gurean, musika estilo guztiek dute lekua, baita folk musikak ere. Normalean gure ingurura begiratu dugu, baina duela urte batzuk flamenkoa ekarri genuen, eta sekulako arrakasta lortu. Aretoa lepo bete zitzaigun. Ohartu ginen kanpokoak ere pizten duela jendearen interesa. Eta, aurten, gure folklorea eta gure sustraiak albo batera utzi gabe, Mexikora begira ipini gara”.
Jaialdira biltzen den jendea askotarikoa dela esan du. Normalean estilo bakoitzak bere jarraitzaileak izan ohi ditu. Baina, Llorenteren esanetan, Neguko Bidaia kontzertu sortako emanaldietara joaten direnak musikazaleak dira, oro har, eta edozein estilok erakartzen ditu. Era berean, solasaldiak ere animatzen ditu, gehiago ezagutzeko aukerak. “Nik ezagutzen dut kontzertu guztietara etortzen den Getxoko eta inguruko jendea; berdin die zein den emanaldiaren estiloa. Adibidez, esango nuke Oskorriko kide izandako Anton Latxak ez duela sekula hutsik egiten; berdin izaten dio folka entzun, rocka edo musika klasikoa”. Hona hemen aurtengo egitarauak dakarrena:
Mario Clavell Larrinagak sortu zuen Camerata Albia, 2005ean. Euskal Herriko musika jotzaile entzutetsuak batu, eta musika barrokoaren konpositorerik handienen lanetan oinarritutako errepertorioa lantzea zen asmoa. Nahiz eta euren interpretazio estiloa XVIII. mendeko arauei zorrotz lotuta dagoen, etengabe berrasmatzeko beharra sentitzen dute, eta egungo musikaren oihartzuna nabaritu daiteke haien lanetan. Biharko emanaldian Clavell flautarekin igoko da agertokira, eta alboan izango ditu Enrique Campos eta Javier Navascues biolinarekin, Iraide Sarria biolarekin, Gema Lopez biolontxeloarekin, Ricardo de Lucas kontrabaxuarekin eta Guadalupe Castelo klabizenbaloarekin. Besteak beste, Vivaldiren Il cadellino kontzertua eta Bachen Badinerie ezaguna joko dituzte.
Bakarkako piano kontzertua eskainiko du Iñaki Salvadorrek Andres Isasi Musika Eskolako agertokian. Hiru ildo nagusi landuko ditu urtarrilaren 25eko emanaldian: berak konpostatutako lanak, euskal musika herrikoiaren gaineko moldaketa pertsonalak, eta jazzeko standarden egokitzapenak ere egingo ditu. Salvadorrek hamabost disko baino gehiago editatu ditu bera buru izan den taldeekin. Beste ehun diskotan baino gehiagotan agertu izan da kolaboratzaile edo bakarlari modura.
Emanaldi “kurioso” bat eskainiko du Neguko Bidaia jaialdiak otsailaren 1ean, Llorenteren esanetan. Harparen sokek eta sopranoarenak bat egingo dute, eta opera errepertorioko maisulanekin aretoa dardarka ipiniko dute. Angeline Danel sopranoak eta Marion Desjacques harpa jotzaileak obra horiek interpretatzeaz gain, protagonisten benetako istorioa kontatzen dute elkarrizketa dinamiko eta bizi baten bitartez; entzuleak konplize eta protagonista bihurtzen dituzte. Familia giroan bizitzeko emanaldia eskainiko dute, opera errepertorioko zenbait maisulan eskuragarri jarrita. Helduentzako zein umeentzako kontzertua izango da.
Mexikoko musika tradizionala jotzen du Los Parranderos de Mexico taldeak. Mexikoko hainbat estatutakoak dira sortzez taldeko kideak. Lehenengoz arituko dira Bizkaian, baina Europan ezagunak dira, hainbat hiritan jo izan dutelako sarri. Jose Alfredo Jimenez, Ruben Fuentes, Cuco Sanchez, Juan Gabriel, Vicente Fernandez, Pedro Infante eta Jorge Negreteren lanak jotzen dituzte euren emanaldietan. Cielito lindo, Mexico lindo eta Volver volver kanta ezagunak kantatzeko aukera izango dute entzuleek taldeko abeslariekin.
Bizkaia eta Kantabria (Espainia) artean sortu zen El Pacto taldea, 2012ko martxoan. Mario Marrodan (abeslaria) eta Juan Carlos Gomez (bateria jotzailea) dira martxan jarri zutenetako bi. Fernando Florido (baxu jotzailea), Alberto Egia (teklatu jotzailea), Juan Carlos Ares (gitarra jotzailea) eta Iñaki Galarza (gitarra jotzailea) batu zitzaizkien. Hala hasi ziren kontzertuak ematen. Gerora, Lisbeth Lopez (abeslaria) ere elkartu zitzaien, eta Juan Carlos Aresen ordez Ramon Escobar hasi zen gitarra jotzaile lanetan. 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako rock musikaren doinurik klasikoenek osatzen dute euren errepertorioa.
2016an sortutako hirukotea da Halir. Karel Halir XIX. mendeko txekiar biolin jotzaile ospetsuaren lana ezagutaraztea zen taldekideen asmoa; Eduardo Garcia biolin jotzaileak, Jana Podolska txelo jotzaileak eta Vaclav Macha piano jotzaileak osatzen dute. Halir hirukoteko kideek nazioarteko hainbat lehiaketa irabazi dituzte: Eslovakiako kontserbatorioetako ikasleen lehiaketa, Hannoverko Karl-Bergemann lehiaketa, Dublingo Musikaren Europar Saria… Bakarlari garrantzitsu askok jo izan dituzte kontzertuak hirukote honekin: besteak beste, Bennewitz laukoteko lehen biolin jotzaile den Jakub Fiserrek eta Txekiar Filarmonikako klarinete jotzaile Jan Brabecek.