‘La Pinza’ izeneko ingurua berritu du Bilboko Udalak Uribarri auzoan

‘La Pinza’ izeneko ingurua berritu du Bilboko Udalak Uribarri auzoan

Peru Azpillaga Diez

Maurice Ravel etorbidearen azpian dagoen 13.000 metro koadroko eremua biziberritu du Bilboko Udalak, auzoak eraberritzeko Auzo Bihotza estrategiari erantzunez. Zehatz-mehatz, Uribarri eta Matiko auzoen artean, La Pinza esaten zaion eremua berreskuratu da Lezama eta Zazpikaleak lotzen zituen trenbidea lurperatu ostean. Uribarriko auzo bihotza sortzeko proiektuaren lanak egiteko, 1,2 milioi euroko inbertsioa egin du udalak. Ingurune berrituan, pasealekuak, aisialdirako eta kirolerako azpiegiturak eta egonaldietarako guneak eraiki dituzte. La Pinzaren berritzea Matiko, Uribarri eta Deustu lotzeko proiektu zabalago baten parte ere bada.

Udalak jakinarazi duenez, inguru horrek behar zuen konponbidea zaila zen, zona “malkartsua” izateaz gain bertan bazirelako lehendik ere kontuan izan beharreko hainbat elementu, hala nola Artxandako funikularra, BI-625 errepidea eta trenbide zaharraren trazadurak. Azaldu dutenez, azpiegitura horiek “hesi bat” ziren auzoan, guneak bereizi eta espazio ez-seguruak sorrarazten zituztela eta.

Egindako lanei esker, hesi edo oztopo hori eraitsita geratu da, eta 13.000 metroko espazio ireki eta erdi estali bat berreskuratu du auzoak. Espazio hori Matiko eta Uribarri auzoen artean dago, Maurice Ravel etorbidearen azpian, Artatzamina ondoan dagoen aparkalekuaren eta Trauko eta Uribarri kaleek bat egiten duten lekuaren artean. Udalaren esanez, eraldaketari esker indartu egin da auzoaren bizimodua. Eremu berriaren ardatza 1,5 kilometro luze izango den pasealeku bat da, etorkizunean Deustuko erdigunearekin lotuta egongo dena. Amaitu berri dituzten lanak Uribarriko Auzo Bihotza estrategiaren parte dira: antzinako trenbidearen gainean pasealeku jarraitu bat sortzeko helburua zuena, Etxebarria parketik hasi eta La Pinzaraino. Azken estrategia hori Bilboko Auzo Bihotzen Sarearen barruan dago —hiri osoko auzoak lotzeko asmoa duen plana—.

Lanei esker, trenbidea kendu ondoren sortutako espazio berriak integratu direla nabarmendu du udalak: Loruriko geltoki zaharra, Montaño auzoa eta, azkenik, La Pinzako ingurua. Proiektua garatzeko, udalak nabarmendu duenez, lehentasuna eman zaio oinezkoen zirkulazioari, ibilgailu gurpildunen zirkulazioaren gainetik.

La Pinza zonako biziberritze proiektuan, udalak, gazteentzat bideratutako 1.040 metro koadroko eremu estali bat atondu du, Maurice Ravel kalearen estalkia baliatuz. Bertan, rokodromo bat, gorputz ariketako gune bat, egonleku bat eta pasealeku bat eraiki dituzte. Era berean, udalak jakinarazi duenez, argiztapen indartsu batez hornitu dute eremua, inguruaren segurtasun pertzepzioa hobetzeko. Bi igogailu ere jarri dituzte.

Proiektua, ordea, ez da amaitu, eta Bilboko Udalaren hurrengo fasea egungo agintaldian gauzatuko dute. Horren asmoa pasealeku jarraituari jarraibidea ematea da, bi noranzkoetan; hasi Artatzaminako atzealdeko gunetik eta behinolako trenbidean zehar La Salve inguruetaraino, eta, haren paraleloan, Rikardo Arregi kaletik, Uribarri kaleraino, pasealekua maila berean lotuz Uzturre plazarekin.