Zihara Jainaga Larrinaga
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, eskaileretan gora igo eta bigarren solairuaren eskailera buruan, irudi koloretsu batekin egindako beira-leiho bat dago. Zeledon Gasteizko jaietako pertsonaia du protagonista koadroak, eta inguruan duela zenbait hamarkadako euskal jai eta tradizioen ezaugarriak ikus daitezke irudikatuta. XX. mende hasierako Jose Arrue margolari bizkaitarraren obra bat da. Hainbat urte daramatza obra horrek museoan, eta, hilabete hauetan, esangura gehiago hartu du, museoko azken solairuan jarri duten artistaren bizitzaren inguruko Jose Arrue barrutik erakusketari esker. Uda hasi bitarte, mundu guztiarentzat zabalik egongo da erakusketa; domeka goizetan bisita gidatuak ere antolatzen dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz.
Jose Arrue margolari kostunbrista oso ezaguna izan zen Euskal Herrian. Erreferente bilakatu eta eskola sortzera ere iritsi zen. Kostunbrista legez, ikusten zuena margotzea zen bere berezitasuna, hau da, garaiko ohiturak eta gertakariak islatzen zituen artelanetan. Baina, tradizioez gain, pertsonaiak ere baziren protagonista. Bereziki euskal kulturari ematen zion garrantzia Arruek, eta ohikoa zen koadroetan erromeriak, txinbo edo erbi ehiza eta txistulariak edo dantzariak ikustea.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoko erakusketa Bizkaian zehar Arrueren obrekin egin duten erakusketa sortaren atal bat da. Arduradunen arabera, atalik osatu eta pertsonalena dela esan daiteke. Nati eta Gonzalo Arrue Joseren ilobei esker eskuratu du Bizkaiko Foru Aldundiak artistaren obra ia osoa. Halaber, erakusketa osatzeko informazioa ere haien eskutik jaso dute. Hori gutxi ez, eta Euskal Herria Museoan dagoen koadroetako batean ere ageri dira biak.
Gaztetatik margolari
Erakusketaren lehen zatian margolariaren bizitza kontatzen da, zenbait urtetan banatuta. Hain zuzen, 1885. urtean, oraindik Bilbo hiri modura sortu gabe zegoela, Abandoko errepublikan bizi zen familia ezagun eta entzutetsu batean jaio zen Jose Arrue. Zazpi anai-arreba eduki zituen, baina azpimarratzekoa da horietatik gizonezkoak bakarrik egin zirela ezagun; are gehiago, ia denak margolariak izan ziren. “Beraien aita oso gizon ilustratua zen, artea asko gustatzen zitzaion, eta, diotenez, Goyaren koadro baten jabe ere bazen”, azaldu du Nerea Larrauri Euskal Herria Museoko gidariak.
Oro har, Arrue familiak hainbat artelan zituen etxean. Intelektualki nabarmentzen zen familia bat zen, baina ez ziren garaiko aristokraziarekin nahasten. Aitak Jose “probetxuzko zerbait” izatea nahi zuen, “futbolaria edo boxeolaria”, baina, semeak zioenez, ez zuen margolari izatea beste aukerarik izan. “Josek esaten zuen anaia Alberto etengabe margotzen eta aita hura miresten ikusita ekin ziola berak ere margotzeari, biak baino gutxiago ez izateko”, zehaztu du Larraurik.
Margolariak zazpi urte zituela, ama hil, eta izeba Matilde Arruek hartu zuen familiaren ardura. Emakume oso jakintsua zela zioten, eta, ondorioz, familiak asko bidaiatu zuen Europan zehar. Jose Arrue Parisen, Italian eta Bartzelonan ibili zen oraindik ere haurra zela, eta bidaia horiek geroago bere obretan islatu zituen. Bere lehen koadroen artean, aldiz, familiako kideak ageri dira,bai eta Zumalakarregiren erretratu bat ere. Arruek garrantzi handia ematen zion koadroetan bera edo bere ingurukoak azaltzeari, eta askotan erretratatzen zuen bere burua. Obren artean badaude bere autorretratuak ere. Horietako batek atentzioa ematen du bereziki, bere alabaren irudi baten atzeko aldean eta sinadurarik gabe azaltzen delako. “Familiak gordeta eduki du obra hori, eta duela gutxira arte ezezaguna zen”, azaldu du Larraurik. Sinatzerako orduan, koadroaren arabera izena, izena eta abizena edo sinadura pertsonalizatua egiten zituen.
Teknikari dagokionez, Arruek arkatza erabiliz bozetoak egiten zituen lehenengo, eta, ostean, olioz, guax argizari-pinturaz edo akuarelaz margotzen zituen koadroak. “Arkatza erabiliz oso marrazkilari ona zen, eta pisu gutxiko margoa erabiltzen zuen. Bozetoak dira bere mailaren erakusle argienak”, azaldu du Larraurik. Euskal Herria Museoko erakusketan ere ikusgai daude zenbait bozeto, eta, koadroak zehaztasunez begiratuz gero, argi nabari daiteke arkatzaren erabilera.
Zehaztasunez eta mimoz
Jose Arruek erromeria asko margotu zituen bere ibilbidean zehar. Gustuko zituen dantzariak eta txistulariak. “Abila zen mugimendua islatzen; Unica solucion velocidad koadroan, adibidez, hanka eta eskuen mugimendua zehatz ikus daiteke”, dio Larraurik. Aitzitik, baliabide asko zituen mugimendu horiek islatzeko. Oso detailezalea zen, eta, mugimenduak margotzeko ez ezik, koadroetan, atzeko pertsonaiak, bigarren mailakoak, azpimarratzeko ere baliabide asko erabiltzen zituen. Hain zuzen, Arrueren beste berezitasunetako bat koadroetan ageri zen jendetza zen.
Koadroak margotzeaz gain, beste hainbat egitasmoren parte ere izan zen Jose Arrue. 1908. urtean, adibidez, El Coitao aldizkaria sortzeko 800 pezeta jarri zituela esan izan da. “Garai hartako Bilboko intelektual eta politikari batzuei egindako satira bat zen El Coitao aldizkaria”, azaldu du Larraurik. Arruek, proiektua bultzatzeaz gain, argitaratu ziren zazpi zenbakietarako binetak ere egin zituen. Baina ez zen izan aldizkari bakarra; geroago, El Liberal, El Sol, Vida Vasca edota Buenos Aireseko La Razon egunkarietan ere parte hartu zuen.
Gerraosteko bizitza
1937. urtean, Frantziara erbesteratzekotan zegoela, atxilotu egin zuten, EAE-ANV alderdiko kide izatea egotzita. Ondorioz, bi urte eman zituen Bilboko Eskolapioen eskolan zegoen kartzelan. “Bertan ere ez zion utzi pasioari, eta erretzeko orrien liburuxkak baliatu zituen irudiak egiteko”, nabarmendu du Larraurik. Kartzelatik irtetean, bestalde, nahiz eta familia momentu hartan Ipar Euskal Herrian egon, Areetara (Araba) lekualdatzea erabaki zuten. Garai hartako hainbat koadro ere ageri dira erakusketan, eta inguruko herrietako erretratuak ikus daitezke. Vidrieras de Llodio edo Caminos de Areeta, besteak beste. Hain zuzen, sarritan, paisaia bakartiak ere margotzen zituen Arruek.
Gerraoste gogorra izan zuen, eta gehiago margolari izanik. Horregatik, koadroez gain, garai hartan enkarguak egiten hasi zen ekonomikoki bizirik iraun ahal izateko: postalak, egutegiak, bonboi kaxak, zeramikak eta liburuen azalak ilustratzen zituen. Horrez aparte, Bilboko Aldeanos eraikineko fatxadan ageri den margoa ere berak egina da. 80 urterekin hitzemandako enkargu guztiak amaitu eta ez zuen gehiagorik hartu, baina koadroak margotzen jarraitu zuen. 90 urterekin, eta begian katarata bat zuela, hiru koadro ere margotu zituen. Hain zuzen, kataraten ebakuntzaren ondoren aldaketa bat ikusten da koadroen koloreetan. Aitzitik, egindako azken koadroetako bat, Tras la galerna, Bizkaiko kostaldean 1912. urtean izandako galernari buruzkoa, ikatz-zirinarekin soilik eginda dago.