Natalia Salazar Orbe
Ageriko sekretua zena berretsi egin du laborategi independente baten azterketak: Jatako eta Enekuriko basoetan lindanoa aurkitu dute. Udan azaleratu zen albisteak bultzatuta, erakundeek argitu egin behar izan dute zer egin duten arazoari aurre egiteko. Jaurlaritzak esan zuen udalek dutela eskumena; aldundiarentzat, Jaurlaritzak esku hartu behar zuen; udalek zioten lurren jabeak zirela oztopoak jartzen zituztenak. Egoera horretan, milaka tona lindano daude lurretan barreiatuta.
BERRIA egunkariak uztailean piztu zuen alarma: Lemoizko Larrezabale eremuko zabortegia izandakoan agerian zeuden lindano hautsen arrastoak erakutsi zituen orduan. Pestizida egiteko prozesuan sortzen den hondakin toxiko hori bistan zegoen, edonork ukitzeko moduan.
Ekologistak Martxan plataformak behin baino gehiagotan salatu du gaur egun itxita dauden Bizkaiko hondakindegi gehienetan lindanoa dagoela (HCH). Denen artean, Jatako (Lemoiz) eta Enekuriko (Erandio) zabortegien kasuak nabarmendu dituzte.
Garai batean, inolako kontrolik gabe botatzen zuten lindanoa Bizkaiko lursail askotan. Jatako eta Enekuriko hondakindegietan ere beste horrenbeste egin zuten. Bi zabortegiok itxi egin zituzten, eta, urteen joan-etorriarekin, basoak hazi dira haien gainean. Estali zituztenean ez zituzten garbitu, ordea, eta ekologistek sarri esan dute balitekeela hango arbolak kutsatuta egotea.
Jatako lursailean 10.000 tona lindano egon daitezkeela uste dute ekologistek. Lindano horrek guztiorrek 30.000 metro koadroko eremua kutsatu duela kalkulatu dute. Egoera horren salaketa ere egin zuten duela bi urte. Salaketak inongo eraginik ez zuela ikusita, erabaki zuten hango zuhaitzetatik eta Enekurikoetatik zur laginak ateratzea eta laborategi independente batera eramatea, azter zitzaten.
Datu zehatzen berri eman zuten abuztuaren erdialdera: Jatan atzemandako egur lagin batean, zur kilogramo bakoitzeko 3,14 miligramo lindano aurkitu zuten. Beste batean, berriz, 6,47 miligramo. Enekuriko azterketei dagokienez, batean, 1,81 miligramo lindano aurkitu zuten, eta beste batean, 3,64 miligramo.
Osasun publikoko arazoa
Ekologistak Martxan plataformak azaldu zuen ingurumen arazotik harago doan afera dela lindano hondakinena. Hain zuzen, plataformako kide Javier Vazquezen esanetan, segurtasun eta osasun publikoaren arloko arazoa ere bada.
Bi arrisku mota nabarmendu zituen. Batetik, baso horiek su hartuz gero, ondorioak oso larriak izango liratekeela azaldu zuen: lindanoa desegin egingo litzateke, eta fosgeno izeneko substantzia pozoitsua askatuko luke. Hain zuzen, I. Mundu Gerran arma kimiko modura erabilita, hainbat eta hainbat pertsona hil zituzten substantzia horrekin. Sua itzaltzera doazenentzako arrisku handia ekarriko lukeela azpimarratu zuten, eta erakundeek ez dutela protokolo zehatzik halako kasuetarako. Bestetik, basootako zuraren erabilera ere arriskutsua litzateke. Jatan, esaterako, zuhaitzak mozten ari ziren, seguruenik, papera edo altzariak egiteko. Lehengai horiek hondakin toxiko arriskutsuak direla adierazi zuten. Egoera horretan, Jaurlaritzari, aldundiari eta udalei dei egin diete, bakoitzari dagokion eskumena baliatuta irtenbidea bila diezaioten lindanoaren arazoari.