Lanak, amaitu ahala hasi

Lanak, amaitu ahala hasi

Ibai Maruri Bilbao

Bilbok 23 urte igaro ditu autobus geltoki intermodalaren zain. Eraikitzen noiz hasiko, behin-behinean ireki zuten 1996an Termibus zaharra. Bi urte pasako lanak amaituta, joan den azaroaren 29an hasi zen martxan Bilbao Intermodal geltoki berria. Izenak berak dioen moduan, intermodala da, autobusaz gain, Bilboko metroaren geltokiarekin, Renferen aldirietako trenen geltokiarekin eta Bilboko tranbiarekin lotura duelako. Geltokitik kanpo, Bilbobusa hartzeko aukera dago; taxi geltokia ere badu, eta BilbaoBizi udal alokairu zerbitzuko bizikletak ere bertan eskura izango ditu erabiltzaileak. Eta lurpekoa da: -1 solairuan daude kafetegia eta txartelak erosteko leihatilak; -2 solairuan distantzia luzerako autobusentzako eta Bizkaibusentzako 30 nasak; -3 eta -4 solairuetan, berriz, 250 ibilgailurentzako aldi baterako aparkalekuak.

Egunero 19.000 lagun igaroko dira geltokitik; hau da, urtero zazpi milioi bidaiarik erabiliko dute. Edo, beste era batera esanda: Loiuko aireportuak baino bi milioi erabiltzaile gehiago izango ditu. Erdiak inguru, Bizkaibuseko bidaiariak izango dira. Abenduko zubia “arrakastaz” gainditu du, udalaren arabera. 69.854 lagun igaro ziren geltokitik. Dena den, izan du alde ilunik estreinaldiak. Joan den astean geltokira sartzen ari zen Bizkaibus batek paretik igarotzen ari zen tranbia jo zuen. Lehen istripua, bada, inauguraziotik bi astera.

“Mugikortasun jasangarriaren zirkulua itxi du geltoki intermodalak”, azpimarratu zuen Bilboko Mugikortasun zinegotzi eta alkarteorde Alfonso Gilek, inaugurazioan. Aurten bete du urtea bere saileko proiektu “kutunenetako” batek: hiriburuko kaleen %75etan orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarri zen iazko uztailaren 1ean, eta balorazio “oso positiboa” egin du udalak. Hiri osora zabaldu nahi luke Gilek, bizikleten eta patinete elektrikoen mugikortasuna seguruago egiteko. Izan ere, urrian arautu zuen Bilboko Udalak patinete elektrikoen erabilera, eta debekatu egin diete espaloitik ibiltzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletetan ipini du arreta. Erabilera zelan sustatu aztertzeko jardunaldiak egin zituzten azaroan, mundu mailako adituekin. Testuinguru hartan bizikletentzako autobideak iragarri zituen Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bizkai osoa zeharkatuko duten bidegorri ardatzak izango dira, eta herri nagusiak lotuko dituzte. Datorren urteko aurrekontuak dagoeneko halako hiruren proiektua jasotzen du: Bilbo eta Zaldibar artekoa, Bilboko itsasadarraren eskumako ibarrekoa eta Ugaotik Basaurira joango dena.

Bide berriak trenari

Berria ireki den urtean, beste geltoki batek agur esan die erabiltzaileei. Atxuriko tren geltokiak irailaren 8an jaso zituen azken bidaiariak. Irailaren 9tik, Bermeotik irtendako trenek ere Zazpikaleetako tren geltokian dute helburua. Harrezkero, itxita dago Atxurikoa. Lokomotorak elkarteak auzoarentzako nahi du eraikina, eta Bilboko Trenbidearen Lagunen Elkarteak trenbidearen museoa atondu nahi du bertan. Baina Euskal Trenbide Sareak sozietateak argi utzi die dagoeneko han dagoen Euskotrenen kontrol gunea handitzeko eta Euskotranen Bilboko ibilbidea Boluetaraino luzatzeko erabiliko dela. Dagoeneko esleitu da tranbia tarte berria egiteko obra; azaroan egin zen, eta 2021erako egongo da prest.

Beste tren geltoki batek datorren urtean hasiko du bidea. Ekainean iragarri zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretarako sailburuak 2020ko ekkainean esleituko direla AHTaren Bilboko geltokiaren obrak; Espainiako Sustapen Ministerioak egingo du. Lur azpiko geltokia izango da, eta 730 milioi beharko dira obretarako. Sei kilometroko tunel batetik sartuko da tren lasterra Bizkaiko hiriburura. Joan den udan proiektua ikusgai egon zen Zazpikaleetako geltokian.

Motel bada ere, aurrera doaz tren lasterraren obrak. Duela aste batzuk hasi ziren, Atxondo eta Elorrio arteko zatian. Hamar urte baino gehiagoan egon dira geldi inguru horretan, herritarren protesta eta ekimenari esker. Orain ere bizilagunek kalteak salatu dituzte, kamioien joan-etorriek sortutako lokatzagatik eta hautsagatik. Obrak hasiko ziren zurrumurrua zabaldu zenerako, herritarrak antolatzen hasiak ziren. Joan den urrian sortu zuten Atxondoko AHTri Ez! plataforma. Elorrio, Atxondo eta Abadiño artean igaroko den trenbide zatia da obretan dagoena. Bi noranzkotarako trenbide bana izango duen enbor nagusi bat du oinarri azpiegiturak tarte horretan. Horrez gain, noranzko bakarreko adar bi ere izango ditu, bakoitza 900 metrotik gorakoa.

Lanak, “martxa onean”

Berriro ere obretan dagoen proiektua Bilbo hegoaldeko saihesbidea da. Bide azpiegitura honen lehen hamabost kilometroak, Santurtzitik Larraskiturakoak, 2011tik daude zabalik. Urtarrilaren 21ean hasi ziren orain arte eraikitako tartea eta AP-68 autobidea lotzeko lanak. Lau kilometro izango ditu zati berri honek. Eginda dagoenarekin eta egiten ari direnarekin amaituko da saihesbidearen lehen fasea. 2023rako egongo da prest. “Bukatzean esanahi osoa izango du; A-8 autobidea, Bilboko portua eta AP-68 autobidea lotuko ditu”, azaldu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak.

Lehen fasearen ondoren, aurreikusita dago beste bi egitea. Bigarren fasean Sereberetxeko tunelak eta Zornotzako Kortederra auzoa batuko dituzte: 11 kilometroko luzera luke, eta ibilbidearen erdia tunelak lirateke. Lanek ez dute hasierarik zehaztua. Izan ere, horrekin hasi aurretik diputazioak badu beste asmo bat: Getxo eta Portugalete itsasadarraren azpitik lotuko dituen tunela.

Lehen fasearen bigarren zati hau, bada, tunel bik eta Bolintxu harana zeharkatuko duen zubibideak osatuko dute. Supersur Handitzeari Ez plataformak ingurmenean eragingo duen kalteaz ohartarazi du. Horrez gain, obrak geratzeko eskatu du epaitegiek 2017an iraungitako ingurumen baimena egungo obretarako balekoa den ebatzi arte.