Komunitatearekin bat eginez

Komunitatearekin bat eginez

Ane Maruri Aransolo

Hezkuntza zentroko hormak eraitsi eta herrira eta herritarrengana gerturatu nahi dituzte Natxituko (Ea) Haizeder eskolako irakasle eta ikasleek. Inguruko ekoizleekin harremanetan jarriz eta euren produktuak landuz, eskola azokak egiten hasi dira, eta aurrerantzean ere jarraitzeko asmoa dute.

Urrian egin zuten lehenengoz eskola azoka Haizederren, eta azaroan bigarrena. Luzaroko etorri den proiektua da. Ideia Haur Hezkuntzako ikasketak egin zituen Begoña Lekue Ibarrangeluko eskulangilearena da, berak bultzatu baitu Eskola Komunitarioa izeneko proiektua. Gradu bukaerako lana egiteko abiatu du egitasmoa. Azaldu du eskolako hormak sinbolikoki eraitsi nahi dituela ikasleek inguruko herri eta bizilagunekin harremanak estutu ditzaten: “Eskola komunitarioa eraikitzea da proiektuaren asmo nagusia, eta, horretarako, eskoletako hormak eraitsi behar dira ezinbestean”.

Hezkuntza zentroak askotan “herriko jardueretatik kanpo” geratzen direla aintzat hartuta, ikasleen eta herritarren hartu-emanak bultzatu gura dituzte, betiere ingurua eta komunitatea errespetatuz eta kontuan hartuz. Inguruko produktuak aprobetxatuta, horiek landu eta herritarren eskura jarri dituzte Haizederreko ikasleek azoka hauetan, “herri eta ikasleen arteko harremanak suspertuz”.

Lekuek Haizeder eskolan azokak egitea pentsatu zuen, inguruko egitasmoak aztertuta eskualdean azoka asko egiten zirela ondorioztatu zuelako: “Busturialdean dauden azoka kopurua ikusita, azokak lantzea erabaki nuen. Izan ere, umeek bisitatu egiten dituzte. Urrian Gernika-Lumoko urriko lehen eta azken astelehenetako azokak egon ziren, azaroan Bedaroko okelarena Ean, eta abenduan, berriz, San Tomas eguna”.

Azokak aprobetxatuz, komunitatearen idea “zabala eta abstraktua” landu eta praktikara eraman dute Haizeder eskolako umeek. Lehenengo saioan ogiak, pizzak eta ontziak prestatu eta saldu zituzten, eta bigarrenean, berriz, galletak.

Azoka antolatzeko prozesuan gaztetxoek asko ikasten dutela azaldu du Erruki Aberasturik, Haizeder eskolako zuzendariak: “Produktuak zeintzuk eta zelakoak diren ikasten dute, baita zelan landu behar diren ere”.

Lehen sektorera gerturatu dituzte ikasleak, eta lehenengo saio hauetan, ogia egiten ikasteaz gain, errezetak idazten eta jarraitzen ikasi dute. Gainera, salerosketetan matematikak ere landu dituztela zehaztu du: “Umeentzako ikasketa prozesua da azoka. Produktuak manipulatuz teorian ikasitakoa lantzen dute, esperimentatu egiten dute. Ez da berdina entzuten ikastea edota praktikatuz ezagutzea”.

Aurrerantzean ere jarraitzeko asmoa dute, hilean behin elkartuz. Lehenengo azokak “oso aberatsak” izan direla aitortu, eta garai bakoitzean momentuko produktuak lantzeko asmoa dutela adierazi dute: “Galletak eta ogia egin ditugu azaroan; ortuan ez dugu produkturik eduki. Hala, baina, garaian garaikoari erreparatu diogu”.

Eskualdeko ekoizleengana ere zabaldu dute deia. Lehenengo azokan Lekuegaz ogia sortzeko prozesua landu zuten, eta Ibarrangeluko bizilaguna den Maria Noel Arregirekin artisautza produktuak egin zituzten: “Azoka jarri aurretik buztinagaz ontziak egin zituzten ikasleek, gero salgai jartzeko”. Inguruko ekoizleekin ere harremanetan jarri dira arduradunak, eta hurrengo azoketara gerturatzea espero dute.

Bizilagunen parte hartzea

Eskola komunitate osoaren parte hartzea lortzen saiatu dira arduradunak, guraso, gazte eta inguruko bizilagunena. “Eskola txikia izanik, ekintza askotan parte hartzen dugu, eta oraingoan ingurukoak gurera hurbiltzea bilatu dugu”, adierazi du eskolako zuzendariak.

Proiektuaren asmoekin bat eginda, hezkuntza zentroa ez dela herriko “irla bat” aldarrikatu gura dute beste behin. Inguruko herrietako ikasleak ere badituztenez, herri horiek ere bisitatzen dituztela azaldu du zuzendariak: “Ibarrangelun maiatzean ospatzen den San Isidro azokara joaten gara, eta Elantxobe ere bisitatzen dugu”. Hori horrela, eskolaren zonakatze berria lortu dutela gogoratu du Aberasturik: “Hezkuntza Sailak onartu du Eako herritarrak ez ezik Ibarrangeluko eta Elantxobeko umeak ere Haizederrera gerturatzea”.