“Bizitzeko eredu jasangarriagoak daudela erakutsi nahi dugu”

“Bizitzeko eredu jasangarriagoak daudela erakutsi nahi dugu”

Natalia Salazar Orbe

Ingurumenarekin kezka duen talde plural bat batu eta Makatzak elkartea sortu da Arratian; Aralarri buruzko dokumentala eman dute asteon. Urtarrilaren 23rako, GuraSOS plataformaren hitzaldi bat antolatu dute Lemoan, airearen kalitateari buruz. Oihane Astui Zulaikak (Bermeo, 1977) eta Igor Bernaola Abasolok (Igorre, 1975) taldearen asmoak azaldu dituzte.

Zer helburu du taldeak?

OIHANE ASTUI ZULAIKA: Gure eskualdeko ingurumen arazoak identifikatu eta konponbidea aurkitzeko lan egingo dugu. Gure inguruan lokartuta sumatzen dugun jendearen kontzientzia astindu, eta bizitzeko eredu jasangarriagoak daudela erakutsi nahi dugu; beste alternatiba batzuk daudela ezagutarazi. Taldea fase enbrionarioan dagoenez, beste herri batzuetako ingurumen arazoak jaso eta ekintzetarako lehentasunak ezarri nahi ditugu. Hori dela eta, herriz herri ari gara batzarrak egiten, ingurumen gaietan jarduten diren pertsonekin harremanetan jartzen eta euren esperientzia aprobetxatzen.

Talde sendoa sortu nahi dugu. Uren kalitatea nola dagoen ere aztertu nahi dugu; badira zenbait herri saneamendu sarera lotu gabe daudenak. Zeanuriko Udalak hainbat urte daramatza ur partzuergoari konponbide eske, eta ez dute lortzen saneamendu sare dezente bat izatea. Hainbat auzo daude saretik kanpo, eta horrek eragin zuzena du erreketan; aztertu nahi dugu zenbateraino den garrantzitsua gure bailaran. Horrez gain, animalien ongizateak kezkatzen gaitu. Gandhik esan zuen: “Nazio baten handitasuna eta garapen morala euren animaliak tratatzeko moduagatik epaitu daiteke”. Bat gatoz. Ezjakintasunagatik edo ohituragatik, pertsona batzuek ez dute pentsatzen animalien ongizatean. Lan mordoa daukagu, eta jende gehiago hurbiltzea nahi dugu. Talde txikia gara, eta laguntza beharko dugu.

IGOR BERNAOLA ABASOLO: Uste dugu etorkizuna eredu ekonomiko iraunkor eta ekologikotik landu behar dela. Bizi kalitatea aztertuko dugu, eta txarto dauden gauzak hobeto eginaraziko dizkiegu administrazioari, enpresa pribatuei eta norbanakoei.

Ingurumenaren kezka mundu osokoa da. Hala ere, zuenean ondorio zuzenak izango dituzten proiektuak daude. Zerk sortzen dizue kezka gehien?

O.A.Z.: Zaila da batzuk lehenestea, baina gaur egun gehien kezkatzen gaituztenak hauek dira: autobide elektrikoaren proiektua; airearen kalitatearekin ditugun arazoak; basoen kudeaketari dagokionez, ikusi dugu mozketa masiboak egin direla; erreken egoera ere ez da oso samurra; N-240ko trafikoaren kudeaketa… Klima aldaketa globalari dagokionez, hemen ere badugu zer esan.

Zer eragin izango luke zuenean Gueñes eta Itsaso goi tentsioko linea elektrikoz lotzeko proiektuak, alegia, autobide elektriko esaten zaionak?

I.B.A.: Azken albisteen arabera, Espainiako Gobernuak irailean desjabetu zituen hasierako proiektuak jasotzen zituen ibilbidearen lurrak —ibilbide hori onartzeke dago oraindik—. Oraingoz, Arratian ez dira hasi lanean. Proiektua gauzatzen badute, kalteak ikaragarriak izango dira: ingurumenarentzat, espezie babestuen habitatetatik pasatuko delako; paisaian eragin izugarria izango du; eta suteetarako arrisku handia ekarriko du. Auzo askok eta askok pairatuko dituzte kalteak, besteak beste, Igorreko eta Lemoako dozena batek.

Proiektu hau Gueñestik Itsasora arteko bigarren autobide elektrikoa da, eta ez da bizkaitarrontzat edo gipuzkorrentzat izango. Autobide elektriko hau Espainiatik Frantziara energia elektrikoa esportatzeko eta inportatzeko da. Energia nuklearra inportatuko litzateke —Frantzian gehiena mota horretakoa baita—. Bigarren helburua da Espainian egiten ari diren parke eoliko industrialen energia elektrikoa esportatzea Europara, Bizkaitik eta Gipuzkoatik Frantziara aterata.

O.A.Z.: Igorreko Udalak administrazioarekiko auzi helegite bat jarri du Madrilgo Auzitegi Nagusian, baina oraindik ez dute ebatzi. Badirudi jatorrizko proiektua aurrera eraman nahi dutela.

Kezka agertu duzue airearen kalitatearekin ere. Nolakoa da egoera zuenean?

I.B.A.: Arazo nagusia Lemoan daukagu. Cementos Lemona enpresaren jarduerak asko kezkatzen gaitu. Datu ofizialen arabera, iaz 9.000 tona gurpil, mila tona plastiko eta 9.500 tona animalia irin baino gehiago erre ziren lantegiko labeetan. Ez da nolanahiko datua. Erraustegiei buruzko ikerketen arabera, era horretako hondakinen isuriak oso kaltegarriak dira osasunarentzat. Arazoa are larriagoa izan daiteke porlandegiaren azpiegitura ez delako eraiki erraustegi bat izateko. Argi dago auzi honek lotura zuzena duela hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidarekin. Horrez gain, gure ustez, herri erdia ez da mota horretako hondakinak erretzen dituen lantegi bat kokatzeko lekurik egokiena.

Zer funtzio izan beharko lukete basoek, eta zer-nolako kudeaketa proposatzen duzue?

O.A.Z.: Bi ikuspegi bereiz ditzakegu. Bata, kontserbazio basoak sortzea; horiek dute onura gehien ingurumenarentzat. Oxigeno gehiago sortuko genuke, eta basook oso eraginkorrak dira aireko karbono dioxidoari aurre egiteko. Bigarren ikuspegia basogintzari dagokio; basogintza hori ezin da oinarritu monolaborantzan, gaur egun dagoen bezala. Azken urteetan agerian geratu dira horrek dakartzan arazoak: izurriteak, gaixotasunak, suteak, kalitate gutxiko eremuak izatea, bakarrik erabil ahal izatea industria kutsagarrienetan, gero eta errentagarritasun gutxiago izatea… Hori ez da bidea. Balio handiagoko zuraren ekoizpenerako bidea hartu behar da. Dibertsifikaziora jo behar da. Biodibertsitatearen arauak ere errespetatu behar dira. Gaur egun enpresa batzuk hasi dira ekoizpen mota horren alde egiten, baina ez da ohikoa. Etorkizunera begira, eredu hori babestu behar da: Makatzak taldeak eredu hau babestuko du.

Garrantzia eman diozue norbanakoek erantzunkizuna hartzeari.

I.B.A.: Bai, jendea kontzientziatu nahi dugu, eta aktibatu. Arazoak presentzia nabarmena du agenda politikoetan; egunero agertzen da komunikabideetan. Arazo horren aurrean ezin ditugu begiak itxi. Zientzialarien iritzia ere azaltzen da. Testuinguru horretan, gure zereginetako bat izan beharko litzateke aldaketa klimatikoaren aurkako jarduerak maila lokalean aktibatzea; gure eskualdean gauzak egitea.

O.A.Z.: Asko ez dira konturatzen aldaketa klimatikoak hemen ere eragina duela. Hori izango da gure zeregina: esatea non eta zergatik eragiten duen, eta ikusaraztea denok egin dezakegula zerbait horren kontra, egoera hobetzeko.

Zer deritzozue administrazio publikoaren jardunari?

I.B.A.: Oraindik ez dugu izan harreman zuzenik erakundeekin. Hala ere, gure iritziz, publizitate asko egiten da, eta itxurakeria asko erabiltzen da. Erabakiak hartzeko orduan, ordea, nahiz eta ulertzen dugun ez dela erraza, Arratian ez dugu ikusten inolako aldaketarik, ez Jaurlaritzaren ez Aldundiaren aldetik. Aldundiak dauka hemen ingurumenaren eskumena.

O.A.Z.: Normalean, baliabide publikoak ez dira bideratzen ingurumena babestera. Beti jartzen dute arrazoi ekonomikoa beste guztiaren gainetik. Horiek ere oso garrantzitsuak dira, baina beste era batera neurtu beharko litzateke nola kudeatu baliabide ekonomikoak proiektu batzuen garapenerako. Kritikoagoak izan behar dugu arlo horretan. Ingurumena gure ondarea da, eta babestea ezinbestekoa da.

I.B.A.: Administrazioaren erantzunkizuna da ingurumena babestea.