Natalia Salazar Orbe
Umeak dituzten familiak dira pobrezia erreala gehien pairatzen dutenak; bereziki, guraso bakarrez osatutakoak. Hala dio Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 2018ko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko inkestak. Pobreziaren eragin hori Araban (%6,3) eta Gipuzkoan (%4,5) baino handiagoa izan da Bizkaian (%7) —inkestak hiru lurralde horiek besterik ez ditu aztertzen—. Bizkai barruan, Ezkerraldea izan da pobreziak historikoki gehien zigortu duen eskualdea. Han ere, gora egin du, eta %7,7an kokatu da pobrezia erreala. Kontzeptu horrek aipamen egiten dio oinarrizko premiak bete gabe edukitzeko arrisku egoerari; betiere, egoera hori konpensatzerik ez dagoenean gutxieneko ongizate maila lortzeko.
Behar hori duten familietako haur eta gazteei etorkizun hobea lortzen laguntzeko programa abiatu dute Save The Childrenek eta BBK-k: Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroa jarri dute martxan, Barakaldoko Gurutzeta auzoan. “Haurren pobreziaren aurkako erreminta indartsuena heziketa da. Hori baliatuta, haurrek euren garapen integrala indartu dezakete”. Hala azaldu du Eli Azkorrak, Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroaren koordinatzaileak.
Hainbat baliabide eskaintzen dituzte zentroan. Batetik, heziketa indartzeko, Txokoa deritzon jarduerara jo dezakete gazteek, astelehenetik ostiralera. “Hezkuntza errefortzua eta ikasketetarako laguntza ematen diegu. Hala, hobetu egiten da umeok eskolari ateratzen dioten etekina”. Erreferentziazko hezitzailez osatutako talde bat daukate horretarako, eta baita erreminta pedagogiko eta ikasketa ingurune egokituak ere. “Horiei esker, murriztu egiten da eskola absentismoa. Horrez gain, gazteek ikasketak goizegi uztea eta eskola porrota saihesten dira”.
Bestalde, Astileku proiektuak aisialdiko jardueretan parte hartzeko aukera eskaintzen die. “Haurrentzako espazio seguruetan gauzatzen da”. Jolasa erabiltzen dute sozializazioa garatzeko. Garrantzi berezia ematen diete giza balioak lantzeari, bizitza ohitura osasungarriak bultzatzeari, gaitasun sozialei eta gatazken konponbideei, eta baita frustrazioen kudeaketari ere. “Aisiaren merkantilizazioari aurre eginez, aisialdi egituratu baterako aukera eskaintzen diegu neska-mutilei. Bertan, gizarteratzea ahalbidetzen duten ezagutzaren ikasketak, trebetasunak, balioak, abileziak eta jarrerak bultzatzen dira”.
Familien beharrei ere heltzen die programak. Hiru hilabetean behin gurasoentzako eskolak eta haurrentzako tailerrak antolatzen dituzte. “Besteak beste, segurtasun digitala, lidergoa edota frustrazioen kudeaketa lantzen ditugu”.
Udan, berriz, hiriko udalekuak antolatzen dituzte. Irteerak eta txangoak egiten dituzte. “Denen eskura egongo den aisia bat bermatzen dute jarduerok. Helburua da ez ditzatela diskriminatu edo baztertu gastuoi aurre egin ezin dieten familiak”.
250 haur jomugan
Azaroaren 15ean zabaldu zuten zentroa. Gizarte bazterketa eta pobrezia arriskuan dauden 48 haur izaten dira egunero Txokoan. Bestalde, Astilekuko jardueretan hogei ume ari dira. Guztira, 250 ume artatzera iritsi nahi dute.
Haurren eta gazteen profilari buruz hitz egin du Azkorrak. “Ehuneko handi bat feminizazio tasa handia duten guraso bakarreko familiak dira. Horrez gain, erdiek baino gehiagok gutxienez senide bat dute langabezian. Askok diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dute, eta egoera ekonomiko delikatuan daude. Ondorioz, umeetako asko eta asko etxebizitza partekatuetan bizi dira”.
Zentroa Barakaldon badago ere, Ezkerralde osoko haurrengan antzemandako beharrei erantzuteko helburua dute. “Erabiltzaile gehienak Gurutzetako edo inguruetako auzoetakoak dira. Hala ere, Barakaldoko beste inguru batzuetako umeak ere badaude. Baita Santurtzikoak ere. Eta Sestaoko zenbait familiak ere interesa agertu dute”.