Herritarrak instituzioen ordez

Herritarrak instituzioen ordez

Peru A. D.

Migratzeko arrazoi adina migratzaile mota daude. Horien artean, nabarmentzekoa da umeak dituzten familien egoera, euren etxeak utzi eta lekualdatzera behartuta dauden familiena. Izan ere, badira bikotekidea zein umeak hartuta, beren herriak utzi eta Europarako bidaia luze eta arriskutsua bat egiten duten familiak. Emigratzen duten gainontzeko pertsonen antzera, haiek ere ez dute inolako arreta integralik jasotzen, eta, ezer topatu ezean, kale gorrira kondenatuta daude.

Gaur egun, ordea, umeekin datozen familia horiei irtenbide bat emateko zenbait proiektu daude martxan. Orain dela bi urtetik hona, Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritako 150 pertsonari, Zierbenan Erresuma Batura heltzeko esperantza duten pertsonei edo adingabeentzako zentroetatik irten eta kale gorrian bizi diren gazteei laguntzeko proiektuak ere badaude martxan, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforman ibiltzen diren ehunka pertsonaren lana tarteko.

Gallartako (Abanto) Harrera Taldea da beste adibideetako bat. Herriko zenbait lagunek sortutako proiektua da; besteak beste, Txus Elorzak. Hark kontatu duenez, hiru umerekin kalean geratuko zen familia bati laguntzeko sortu zuten egitasmoa. Egun, hiru familia bizi dira; eta, etorkizuna oraindik ere “lausoa” den arren, erroak botatzen hasi dira meatzarien harana izandakoan.

Elorzak esplikatu duenez, otsailaren 9an, Bilboko Erriberako zubian Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak egindako ekintza batean ari zirela, familia bat hurbildu zitzaien kalean geratuko zirela esanez. “Instituzioen zerbitzuetan hiru egun eman ostean, kale gorrian geratuko zirela azaldu ziguten; Bilboko Udalak, diputazioak edo Jaurlaritzak zerbait eskaini ahal zien aztertu genuen, baina ez zieten inolako aukerarik ematen”. Harrera sarea aktibatu eta aterpea eskaini zieten. Egoera horrek, ordea, Gallartan ere lanean hastera bultzatu zituen, eta martxo inguruan abiatu zuten haien proiektua. “Ezagun batek etxe bat eskaini zigun, baina berreraiki beharra zegoen”, jakinarazi du Elorzak. Lanean hasi ziren, eta, tokia txukundu ostean, aipatutako familiaz gain, Maroko iparraldeko beste bi familiaren bizitokia da gaur egun Gallartako etxe hori.

“Lehenengoak hiru-seme alaba zituen; bigarrenak, jaioberri bat; eta hirugarrenak, beste hiru seme-alaba. Orain, gainera, beste jaioberri bat bizi da etxean”. Elorzak azaldu duenez, hasi zirenean ez zuten argi zer-nolako bilakaera izango zuen egitasmoak. “Hiru familiak arrazoi ekonomikoak bultzatutako migratzaileak dira, eta bakoitza urte bat egotea da asmoa, euren bizitzaren kontrola hartzeko tartea izan dezaten”. Hala, taldetxo bat osatu zuten, beharrezko lanak egin eta baliabideak lortzeko. Egun, hainbat elkarte eta bizilagunekin elkarlanean, proiektua aurrera ateratzea lortu dutela azpimarratu du Elorzak. “Jendearen elkartasunari esker atera dugu aurrera etxea. Proiektu komunitario bat daukagu, eta bertan gustura daude; etorkizuna ezintasunez ikusten dute, ordea”.

Elorzak atzerritarrei buruzko legeak sortzen dituen trabak ere salatu ditu, eta familia horietako kideek lan egiteko topatzen dituzten zailtasunak “oso handiak” direla ohartarazi du. “Paperik gabe daude, eta beldurrak jota ibiltzen dira; gainera, lan egiteko eskubidea ere debekatzen diete”.

Bizkaia osoan, hainbat dira haiena bezalako proiektuei esker aterpea topatu duten familiak. “Hiru familia horietako umeak eskolara joaten dira, herrian errotzen hasiak dira, eta, orain dela gutxi, proiektuaren aurkezpena egin genuen”. Dena den, Elorzak argi du harrera eta salaketa eskutik doazen bi gai direla, eta batak, bestea gabe, zentzurik ez duela deritzo. Hori dela eta, hurrengo galdera egin du Elorzak: “Zer gertatuko litzateke harrera sarea existituko ez balitz? Bada, familia horiek guztiak kalean geratuko liratekeela”.

Haren ustez, “erakunde publikoek hartu beharko lukete” dozenaka herritarrek egiten duten lana: “Diskurtso hutsak egin beharrean, jendeari harrera egiteko ardura hartu beharko lukete, eta migratzaileek dituzten beharrizanei kasu egin”. Harrera “integral” bat garatu beharko litzatekeela deritzo, hirugarren egunean “jendea kalean” uzten duen sistema bat ezarri ordez. “Sekulako hutsunea dago, eta gu, antolatuta gauden herritarrak, elkarlanean aritzeko prest gaude”. Hala ere, Elorzak gogorarazi du euren lana oso bestelakoa izan beharko litzatekeela: “Gu ez gaude etxeak eraikitzeko, instituzioek kudeatu beharko lukete harrera; guk integrazioan laguntzea dugu helburu, herritarren artean kontzientziak astintzea, eta arrazakeriari aurka egitea”.

Izan ere, Elorzaren aburuz, gizartean geroz eta kontaktu gutxiago dago etorkinekin. “Lehen naturalagoa zen, eta, orain, zulo handiagoa dago kulturen artean; hori apurtu eta zubiak eraikitzeko beharra daukagu”.