Artisautza tradizionala eta garaikidea erakusgai Durangon

Artisautza tradizionala eta garaikidea erakusgai Durangon

Peru Azpillaga Diez

Euskal artisautzak bizi duen bilakaeraren ispilua da Euskal Denda. Durangoko Azokarekin batera urtero Durangoko merkatu plazan antolatzen den artisautzaren erakusleihoak, Euskal Herri osotik etorritako mota guztietako proposamenak bilduko ditu. Zeramika, ehuna, larrua, moda, kosmetika, bitxigintza, jostailuak… era guztietako produktuak izango dira, 52 erakusmahaitan banatuta.

Arbasok, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak, antolatzen du Euskal Denda egitasmoa. Larruzko lilia lelopean, eskulangileek beren lanbideekiko duten grina eta sentimendua azpimarratu nahi izan dute aurten, eta, era berean, gogorarazi artisauek egiten duten lana, haien sektorearen sostengurako izateaz gain, euskal kulturaren aldekoa ere badela.

“Azoka hau orain dela 24 urte sortu zen, artisauak bildu eta erakusleiho bat eskaintzeko; hots, euskal artisautza bultzatu eta indarra emateko; oinarria beti izan da hori”, azaldu du Endika Zabalak. Egitasmoaren antolatzaileetako bat da, eta euskal artisautzaren inguruan azken urteetan izandako “modernizazioa” nabarmendu du: “Orain dela 24 urte zeuden artisauak askoz tradizionalagoak ziren, baina, urteen poderioz, sektorea asko modernizatu da”. Artisautzaren munduan gazte asko murgildu direla dio, eta haiekin produktu “berritzaile” eta eskaintza “bereziagoak” ekarri dituztela adierazi du. Besteak beste, digitalizazioa aipatu du Zabalak. “Gazteak guztiz sartuta daude mundu digitalean, eta, orduan, haien artisau ibilbide profesionaletan ere txertatu duten ezaugarri bat izan da: webguneak, sare sozialak… Gaur egun, artisautzan ere, horri begira gaude guztiak”.

Zabalaren arabera, gainera, azken krisialdi ekonomikoaren ondorioz asko izan dira artisautzan lekua egiteko ahalegina egin dutenak. “Beren zaletasunak ogibide bihurtzen saiatu dira, azken finean artisautzan hasteko behar duzun bakarra zure eskuak direlako”, azaldu du. “Gazte asko daude egun sektore honi bultzada emateko gogoz”.

Zabalak argi du artisautza balio handiko jarduna dela. Batzuetan “gorabeheratsua” izan daitekeen arren, “esfortzuz eta ilusioaz” bidea egin daitekeela iruditzen zaio. Haren esanetan, artisautzaren bidez ere, merkatuan lehiatzeko aukera dago. “Esklusibotasun puntu bat du artisautzak. Eskuz eginiko gauzak dira; ez dituzu bi produktu berdin topatuko sekula: originaltasuna du oinarri”.

Aurpegi berriak

Esan bezala, azokak 52 erakusleiho izango ditu, eta horien atzean, gutxienez, hamahiru aurpegi berri izango dira. “Postuen %25 berriak izango dira; lehen aldiz hartuko dute parte Euskal Dendan”. Azoka berritzeari garrantzi handia eman dio Zabalak, batik bat izaten duten publikoa nahiko “leiala” delako. “Bisitari kopurua nahiko egonkorra izaten da, horregatik funtsezkoa da aurpegi berriak egotea eta eskaintza zabaltzea”. Iaz goia jo zuen egitasmoak, 33.681 bisitari bildu baitziren; aurten ere zenbaki bertsuetan ibiliko direla espero dute.

Erakusleiho izateaz gain, Zabalak gogoratu du azokan ere parte hartzeko aukera izaten dela. 52 postuetan egongo dira produktuak salgai, baina eskaintza desberdinak egingo dituzte eskulangileek: batzuk lanean ibiliko dira, besteek tailerrak eskainiko dituzte… “Giro oso ona sortzen da”, erantsi du. “Artisautza, kultura bultzatzeko modua ere bada”.

Bilbon, datorren astean

Durangoko topalekua Arbaso elkarteak urtean zehar antolatzen dituenetan garrantzitsuenetariko bat izan arren, ez da urtean zehar egiten duten egitasmo bakarra. Gabonetan, esaterako, ia hilabete batez luzatzen den azoka antolatzen dute Bilboko Areatzan. Aurten, abenduaren 14tik urtarrilaren 5era arte izango da zabalik.

“Oraindik ez dakigu zehazki zenbat erakusleiho egongo diren”, esplikatu du Zabalak. “Durangokoarekin konparatuta, oso publiko desberdina du; ez da hain euskalduna, eta turista askoren arreta ere erakartzen du”. Era berean, 21 egunez luzatzen den azoka bat izanik, eta erosketak pil-pilean dauden garai batean antolatzen denez, eskulangileentzat “oso positiboa” dela azpimarratu du.