BIS edo BIZ

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Kanta bat entzuten duzuenean kantuaren musikari edo letrari erreparatzen diozue? Mundua bi zatitan multzoka daiteke, bata edo bestea erantzuten dutenen artean. Batzuei melodia eta erritmoak sartzen zaizkie azalean barrena, eta besteei abestien hitzek kilimak egiten dizkie barruetan. Hitzak edo musika, aukeratu bata edo bestea eta erabaki ezazu askatasun osoz bi multzo horietako zeinetan egon gura duzun.

Beno, biei berdin erreparatzen diezuela esaten duzuenak ere izango zarete eta zuek hirugarren multzo batean jarriko zaituztegu. Ea, ados, laugarren multzo batean batzuetan musikari eta bestetan letrari erreparatzen diozuenak. Bosgarren bat ere ba ei dago musika gustuko ez duena. Seigarrena hitzen soinuari erreparatzea gustatzen zaiona hizkuntza ulertu ez arren. Zazpigarrena… stop.

Testua edo musika, ez da horren gaitza. Bata edo bestea apur bat gehiago gustatuko zaizu ba! Aukeratu multzo bat eta barrura. Antolaketagatik da. Era horretan, bi multzotan banatu ahalko dugu mundua, bestela, zer, zenbat multzo? Mila? Milioiak? Kexatu egingo zara gainera. Aizu, bi multzo eskaintzen dizkizut, eta, gainera, zeinetan egon gura duzun erabakitzeko askatasun osoa.

Multzogintzaren sustatzaile sutsuenen helburua mundua ordenatzea da. Mundua modu normal batean antolatzen dute; normala da betikoa, normala da… badakizue, normala. Zu hau eta zu beste hori, zu hemen eta zu hor. Dudak ahulen kontua dira, erabaki eta kito. Ez zarela identifikatuta sentitzen sailkapen bakar batekin ere? Multzoak nork egin dituen jakin gura duzula? Multzogintzaren aurka zaudela? Normalak normatiboa esan nahi duela uste duzula? Ba bazter-nahastaile bat zara; beraz, bazter-nahastaileen multzora.

Multzo bat izan daiteke bestea baino handiagoa, sendoagoa eta indartsuagoa, baina zure esku dago multzo bakoitza zelakoa den jakinda bateko edo besteko kide izatea. Beraz, arazoa ez da bi multzo bakarrik egotea, arazoa ez da multzoen arteko desoreka, arazoa ez da multzoak existitu beharra, arazoa zu zara. Arazoa zure desberdin izan beharra da, zure ezinegona, zure aldatu nahia, zure ordena errespetatzeko muga, zure egonezina, zure desobedientzia.

Garena izaten nahikoa lan ez, eta, gainera, inork sortutako pentagramaren marren artean kabitu behar. Desberdinak izateko moduak asmatuta daudela esaten digute eta desberdinen artean ere zein multzotakoak garen erabakitzeko. Bost marra berdinen artean sor daitezkeen soinurik ederrenak entzuteko ditugu oraindik, eta sortzen jarraituko dugu. Berben arteko loturetan sortutako testurik ederrenak etortzeko daude oraindik, eta entzun egin gura zaituztet.

Behinola asmatu zuten ereserkiaren estribiloan ez aurrera eta ez atzera gelditu zirenenek jarrai dezatela bis, bis eta bis. Guk biz, biz eta biz erantzungo diegu. Baimenik gabe bizitzen, bizitza ulertzeko modu berriak sortzen eta aniztasuna biziarazten.