Nor bere buruaren jabe

Nor bere buruaren jabe

Ibai Maruri Bilbao – Natalia Salazar Orbe

Gutxienez, era honetan zeure ahotsa entzunaraz dezakezu. Ez du hitz egiten beste batek zure izenean; zuk zeuk egiten duzu. Hori da desberdintasuna”. Hala mintzatu da Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkatea. Norbere interesak eta beharrak defendatzeko norbera baino hoberik ez dagoela adierazi du. Hamabost urte beteko dira bihar haren herria Markina-Xemeindik desanexionatu zenetik. Herriak bere kabuz egin duen bidea “positiboa” izan dela ondorioztatu du.

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004. urteko azaroaren 30ean aitortu zioten herri izaera bostehun biztanle inguru zituen herriari. Prozesua luzea izan zen. 1968. urtean erregimen frankistak Markina-Xemeinekin anexionatu zuen, beste hainbat herrirekin egin zuen bezala. Herri txikiak handiagoen barruan sartu eta egiturak zentralizatzeko joera nagusitu zen orduan.

Lehenago ernaldutako desanexio prozesuek fruituak eman zituzten 1980ko hamarkadan, eta hainbat herrik independentzia lortu zuten. Ziortza-Bolibarrek ez zuen baliatu aukera hura bide bera jarraitzeko. “Agian ez ginen izan kontziente, baina aukera hori galdu egin genuen”.

Arauen aldaketa

Handik gutxira hasi zen euren herria berreskuratzeko mugimendua. 1993an, ordea, aldundiak aldatu egin zituen desanexioak gauzatu ahal izateko baldintzak. Besteak beste, ezarri zuen desanexionatu nahi zuten herriek gutxienez 5.000 biztanle izan behar zituztela.

Herritarrek uste zuten Bolibarri aurreko araua zegokiola, ordea, eta auzibidea abiatu zuten. 1998an epaitegiek arrazoia eman zieten, eta aldundiak aurrera jarraitu behar izan zuen desanexio prozesuarekin. 2004ko maiatzean egin zuten erreferenduma, eta herritarren %96k herria bereiztearen aldeko botoa eman zuen. Markina-Xemeinek ez zuen agertu kontrako jarrerarik. Azkenean, urte horretako azaroaren azken egunean egikaritu ziren bolibartarren nahia eta erabakia.

IX. mendean eratu zen Bolibar herri gisa. Garrok azaldu du biztanleek Bolibarko nortasuna erabat barneratuta zutela , askok herri independente gisa ezagutua baitzuten. “Ezagutzen genuen, eta gauza propio gisa nahi genuen”. Herriekiko lotura hori orokorra dela uste du. “Bizkaitarrok gure herrietako nortasunari eusteko joera handia dugu; auzoekin ere gauza bera. Ziortzako auzotar batek lehenengo esango dizu Ziortzakoa dela, eta gero Bolibarkoa”. Alkateak uste du errotutako nortasun horrek bultzatuta gauzatu zutela desanexioa.

Izan ere, herriak ez dauka baliabide ekonomiko askorik. “Ez dugu industriarik. Gurean, baserri txikiak dira gehienak; beraz, indar handia izan du gure nortasuna mantentzeko nahiak. Herrian bi taberna besterik ez daude. Dena daukagu herritik kanpo”.

Eskola bera ere galdu egin zuten. “Umeen kopuruak behera egin zuen, eta eskola kendu zuten Bolibartik. Orain hori berreskuratzea oso zaila da”. Gaur egun gora egin du haurren kopuruak. Hala ere, Markina-Xemeindik oso gertu daudenez, ez dute aurreikusten eskolarik jartzea eurenean.

Etorkizunera begira

Herri txikiak mantentzeko, Ziortza-Bolibarren orain arte nagusi zen herritarren nortasun horri eutsi behar diotela uste du Garrok. “Ez dakit zer-nolakoak izango diren datozen belaunaldiak. Lehenago askoz ere herri biziagoa zen Bolibar. Sei taberna zeuden, eta jendea herrian bertan bizi zen. Orain, asko Markina-Xemeinen edo Bilbon bizi dira”.

Ziortza-Bolibarko alkateak garrantzitsu iritzi dio euren interesak defendatzeko herri izaerak ematen dien aukerari: “Markina-Xemeingo parte ginen garaian, Bolibarko baserri batzuk enklabeak ziren. Aldundiak alboko herrien esku utzi zituen, normaltasunez. Bolibartarrek, ordea, pentsatu zuten Markina-Xemeinek ez zituela defendatu haien interesak, eta horregatik hartu zuela erabakia aldundiak. Garrantzitsua da, beraz, norbere interesak defendatzeko hitza izatea”.