Istripuen beldur dira Trianoko mendietan

Istripuen beldur dira Trianoko mendietan

Ibai Maruri Bilbao

Trapagaranen, Ortuellan eta Zierbenan, Zugaztieta, Triano eta Campillo auzoetan, bizilagunak “haserre” eta “kezkatuta”daude. BI-2757 errepidean istripu “mordoa” egoten direla salatu dute; batez ere ibilgailuek bide horretan hartzen duten abiaduragatik. Berez, orduko 50 kilometroko muga dago jarrita, baina, bizilagunen arabera, inor gutxik errespetatzen du. “Asko dira 110 edo 120 kilometroko abiaduran pasatzen direnak”, azaldu du Jose Quintana abeltzainak. Gallartakoa da, baina Zugaztietan ditu animaliak.

Zugaztietako golf zelaiaren komunikazioa hobetzeko eraiki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak BI-2757 errepidea. 2005ean inauguratu zen Zugaztieta inguruan dagoen Meaztegi golf zelaia, eta ordurako egin zuten bidea. Ez du trafiko handirik: diputazioak emandako datuen arabera, egunero, batez beste, 2.411 ibilgailuk erabiltzen dute; ordubetean ehun ibilgailuk, horrenbestez.

Errepidea eraikitzen hasi zirenean ere protesta egin zuten bizilagunek eta talde ekologistek, inguruko abere eta animalia basatientzat arriskutsua izan zitekeela uste zutelako. Diputazioak esan du urteotan guztietan ez duela izan animalia basatiekin izandako istripuengatik jarri diren salaketen berririk.

Quintanaren esanetan, “eromena” izan da azpiegitura hau zabaldu zutenetik bizi izan dutena. Eta azken aldian okerrera egin duela kexatu da. Urteotan izandako istripuek hildako bat eragin dute; bi autoren arteko talka izan zen. Aurten, Ertzaintzak emandako datuen arabera, bost zauritu izan dira auto istripuetan errepide horretan; iazko urte osoan zenbatutakoak baino bi gehiago.

Quintanak uste du oinezkoren bat edo txirrindulariren bat harrapatzeko arrisku handia dagoela. “Zeren zain daude neurriak hartzeko? Basurtun ere [Bilbo] luzaroan ibili ziren semaforo eske, baina ibilgailu batek harrapatuta neskatila bi hil ziren arte inork ez zien kasurik egin. Istripuaren biharamunean han zeuden semaforo berriak jarrita. Hemen ere horrelako ezbehar bat gertatu behar al da?”.

Autoen abiaduraz gain, errepidearen iluntasuna ere arazo dela azpimarratu du abeltzainak. Esan du errepidea argiteria jartzeko prestatuta dagoela hasieratik, baina inork ez duela farol bakar bat ere ipini. Gallartatik Zugaztietara doan autobus linea bat dagoela erantsi du: “Urte sasoi honetan oso goiz iluntzen du. Eta errepide hau oso iluna da. Edozer gerta daiteke, edozein egunetan”.

Abeltzainen ardura

Inguru horretan abeltzaintza da nagusi. Ganadua bazkatzen izaten dute abeltzainek. Quintanak eman du datua: BI-2757 errepidea martxan dagoenetik, behi, zaldi, ahuntz, ardi eta asto, 30 aberetik gora hil dizkiete. Azkena harena izan da: istripu batean asto bat hil zioten urrian. Horrez gainera, dozenaka animalia basati ere hil dituztela esan du: basurdeak, orkatzak, azkonarrak… topatu dituzte. “Halako lekuetan behartuta daude errepideetan pasabide zinegetikoak jartzera, baina hemen ez dute bakar bat ere jarri. Animalia basatiek errepidea gurutzatzen dute, eta istripuak horrela gertatzen dira”. Errepide bazterreko arbolak ere aterata topatu dituzte behin baino gehiagotan, azkarregi joandako auto baten kolpea jasota.

Trapagaran, Ortuella eta Zierbenako alkateek ere kezka agertu dute. Xabier Cuellar Trapagarango alkatea da. Azaldu du ibilgailuen abiadura dela arazoetako bat. “Jendeari asko gustatzen zaio abiadura. Errepide zabala da, tarte zuzen luzeak ditu, eta badirudi batzuek legez kanpoko lasterketak egiteko erabiltzen dutela”. Han inguruko aparkaleku batera autoarekin zibarena egitera ere joaten direla kexatu da. Esan du Udaltzaingoarekin zaintza lanak egiten dituztela, bai abiadura kontrolatzeko, bai bermatzeko ez direla legez kanpoko lasterketak egiten. Baina aitortu du gauero zaintzea ere ezinezkoa dela. Bizkaiko Diputazioari eskatu izan diote neurriak hartzeko, eta oraindik ez du ezer egin. Aste honetan, Cuellar bera berriro elkartu da diputaziokoekin, eta gai honi buruz ere egin dute berba.

Dena den, Trapagarango alkatearen arabera, auto gidariak ez dira arazo sortzaile bakarrak. Abeltzainengan ere jarri du arreta. Horregatik, diputazioarekin egin beharreko bileretan, Azpiegituratarako eta Lurralde Garapenerako Saileko ordezkariek ez ezik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailekoek ere egon beharko luketela dio. “Abeltzainek ez dituzte behar bezala zaintzen euren abereak. Errepide horretan hesiak ipini genituen horrelako arazorik ez sortzeko, baina abeltzainek ez dituzte abereak biltzen gauetan eta neguan; orain hemen daude, gero hara doaz, eta errepidera irteten dira; istripuak eragiten dituzte”.

Cuellarren esanetan, Zierbenako elkarte batek eta diputazioak ganadua uzteko leku bat adostu zuten, baina abeltzain batzuek ez dute erabili gura. Quintanak esan du bere abereak eremu itxietan daudela, baina saihetsezina dela gainetik salto egitea edo pasabideren bat zabalik geratzea.