Gaztelugatxerako proiektuak auto pribatua sustatuko duela salatu dute

Gaztelugatxerako proiektuak auto pribatua sustatuko duela salatu dute

Natalia Salazar Orbe

Ukaezina da: Game of Thrones telesailean agertu zenez geroztik, izugarri areagotu da bisitari kopurua Gaztelugatxeko Donienen. 6.000 baino gehiago elkartu ziren egun bakarrean, udan. Horretan bat datoz Bermeoko eta Bakioko herriak eta Bizkaiko Foru Aldundia. Egoera berri horrek sortzen dituen arazoei konponbidea emateko orduan sortu dira desadostasunak. Aldundiak 51 autorentzako aparkalekua egiteko proiektua dauka. Hori auto pribatuen erabilera bultzatzeko bidea dela uste du, berriz, Bakion sortu berri den SOS Gaztelugatxe plataformak, eta garraio publikoaren alde egitea proposatu du. Aparkalekuaren aurkako sinadurak biltzen ari dira change.org-en. 20.000 inguru lortu dituzte. Ingurumen Sailarekin batzartu nahi dute bestelako pausorik eman aurretik. Hala ere, irtenbiderik ezean, mobilizazioak iragarri dituzte.

Bakiotik Gaztelugatxera doan BI-3101 errepidea eta Eneperi jatetxerako bidea elkartzen diren eremuan egin nahi du aparkalekua Aldundiak. Urizarreta izenaz ezaguna den inguruan, hain zuzen. 1.600 metro koadroko plataforma bat kokatuko dute bertan. Gaur egun inguru horretan dagoen autoentzako aparkalekua, berriz, egokitu egingo dute: 24 autorentzako aparkaleku hori kendu, eta bi autobusentzako lekua egingo dute. Horrez gain, bizikletentzako toki bat ere iragarri dute, 14 metro koadrokoa.

SOS Gaztelugatxe plataformak uste du egitura berri horrek ez duela ezer konponduko. Libe Arenaza bertako kidea da: “Aldundiaren arabera, helburua trafikoa gutxitzea eta ordenatzea da. Baina beste aparkaleku batekin autoa bultzatuko dute”. Biotopora iristeko bestelako moduen aldeko apustua indartu beharraz mintzatu da. “Garraio publikoaren bidez irits daitezela bisitariak bertara”.

Dena den, bisitarien kopurua ere kontrolatu beharrekoa dela uste du Arenazak. “Gaztelugatxeko Doniene leku txikia da, baina, bi hilabete eta erdian, 255.000 bisitari zenbatu dituzte. Ezin da jasan”, kritikatu du. Hori dela eta, sarrera mugatzeko neurriak aldarrikatu ditu. “Urederran [Nafarroa] 450 lagun egon daitezke aldi berean. Ordutegiak eta bisitarako txandak finkatu dituzte”. Antzeko neurriak eskatu ditu Bermeoko biotoporako.

Eraikuntza berriak ingurumenean izango duen inpaktuagatik ere kezka azaldu du plataformak. “Hormigoizko horma itzelak jarriko dituzte: bat, 105 metro luze eta 3,55 metroko garaierakoa; beste bat, 34 metro luze eta 6,5 metroko altuerakoa; eta hirugarrena, 15 metroko garaierakoa”. Horrez gain, 3.000 metro kubiko lur hondeatuko dituzte, eta 9.500 metro kubiko betegarri bota. Horietatik 6.500 metro kubiko Foruko eta Ereñoko harrobietatik ekarriko dituzte.

Betegarri horrekin aparkalekuaren azpian dagoen baso bat estaliko dutela salatu du Arenazak. Bertako espezieekin birlandatu zuten baso hura. “Bermeoko bide berria egin zutenean landatu zituzten arbolak, inpaktua konpentsatzeko. Basoa hazten ari da; denetariko espezieak daude bertan. Baita txoriak ere. Aurreko batean izan ginen han, eta, besteak beste, urretxindorrak, txepetxak, kaskabeltzak eta txantxangorriak entzun genituen. Zuhaitzei dagokienez, denetarik dago: urkiak, haritzak, hurrondoak, arteak… Hori guztiori estaliko dute”.

Aparkalekua egin asmo duten tokia hiru babes eremuk mugatuta dago: Gaztelugatxeko Donieneko Biotopo Babestua, Gaztelugatxeko Donieneko Kontserbazio Bereziko eremua eta Urdaibaiko Itsasadarreko Hegaztientzako Babes Bereziko eremua. “Aparkalekuen ingurua ez dago babes eremu horien barruan, baina hiruren mugan dago. Aldundiak agindutako txostenak esaten du baso hori ez dela bereziki garrantzitsua, berria delako. Zein da tranpa? Aprobetxatu dute ingurua ez dela sartzen babes eremu horien barruan, eta 1.600 metro koadroko aparkalekua planteatu dute. Izan ere, 3.000 metro koadro baino gutxiago duenez, ez dute egin behar proiektuak ingurumenean izango duen inpaktuari buruzko azterketarik. Nortzuk dira eurak esateko ez duela izango inpakturik?”.

Horren harira, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak finkatzeko orduan aurreikusi duela hainbat milioi euroko sailak bideratzea klima aldaketaren aurkako neurrietara. “Ikerketa guztien arabera, kalterik handienak jasango dituzten inguruetako bat Urdaibaiko biosfera da. Padurak galtzeko arriskua dago. Urak gora egiten duenean eta padurak desagertzen direnean, nora joango dira hango hegaztiak? Eremua gero eta artifizialago bihurtzen badugu, ez da egongo lekurik. Natura suntsitzen ari gara, eta gu ere natura garela konturatu behar dugu”.

Horrez gain, salatu du aldundiak proiektua ez duela inon aurkeztu: “Itxaropena genuen azkenean zerbait itxurosoa egingo zuela. Pozik geunden denok, esate baterako, Bakiotik Bermeora doan bide zaharrean pasealeku ederra egin dutelako. Bermeora arteko oinezkoentzako bidea egiteko proiektua dago. Baina, gero, Deloitte enpresari agindu zion plan hau egiteko. Ez dute inon erakutsi; ez du inork onartu. Sintesi bat besterik ez zuten aurkeztu Bakioko Udalean. Eta bertan turismoaren alorra besterik ez zuten aipatzen”.

Turismo jasangarria

Aldundiak Gaztelugatxe aurkeztu du turismo jasangarria erakarri eta ekonomia sustatzeko bide gisa. Plataformako kideak ez datoz bat planteamendu horrekin: “Sustatzen den turismoa da orain arte egin den turismo mota berbera: autoz doana bertaraino, argazkia atera, ‘non dago Rocadragon?’ galdetu, ikustean ‘a ze kaka zaharra!’ esan, eta buelta eman eta joan egiten dena. Turismo mota hori ez dugu nahi”.

Inguruaren balio historiko eta kulturala babestu eta sustatu behar dela sinetsita dago. “Arrantzaleak santuari kanpaina ona eskatzera joaten ziren; seme-alabarik izan ezin zuten emakumeek ere hara jotzen zuten. Erromesaldiak egiten zituzten. Leku hori bere testuinguru historiko, kultural eta naturalean ezagutu beharko litzateke”.

Plataformak argi esan du ez dagoela turismoaren aurka. Eta beste eredu bat sustatu behar dela uste du Arenazak. “Jendeak, etorri, eta herrian geratu behar du. Orain, argazkia atera, eta badoaz”. Turismo iraunkorra nahi dute, “jasangarria urteetan zehar, beste belaunaldi batzuek ere aukera izan dezaten Gaztelugatxera joateko. Turismo eredu honekin eremua hormigoiz beteko bada, balio naturala galdu egingo du. Gaztetan hainbat aldiz egon naiz han bakarrik. Mundua aldatu egin da, badakit, baina datozen belaunaldiek ez dute ezagutuko Gaztelugatxe”.

Lagun talde baten ekimenez sortu den plataforma hazten ari da. Joan den ostiralean bilera egin zuten, eta Bakioko Txakolinguneko aretoa bete egin zuten. Bermeotarrak ere egon ziren, eta egitasmoarekin bat egiteko dei egin diete. Bizkaiko Batzar Nagusietara joateko asmoa dute orain. Jasotzen duten erantzunaren arabera erabakiko dute mobilizazioak antolatuko dituzten ala ez.