Euskahaldundu

Igor Elordui Etxebarria

Bost urte atzera egin dut bat-batean eta 19. Korrikaren lema etorri zait burura: Euskahaldundu.

Honezkero, ahalduntzeari buruz ari garenean badakigu, gutxi gorabehera, zeri buruz ari garen eta, zorionez, mugimendu feministak aspaldi horrenbesteko arrakastaz zabaldu eta garatu zuen kontzeptua bere egin dute minorizatutako hainbat kolektibok. Honakoa da, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, ahalduntzea: Pertsona edo talde ahul edo babesgabe bat indartsu edo ahaldun egin. Sarritan gertatzen den moduan, azalpenak ematen dio definizioari argitasun handiagoa: Eskubide baten alde borrokatzeak ahalduntzen gaitu, eskubide hori mantentzeak ahalduntzen gaitu.

Beharrezkoa eta zuzena izanagatik (horrexegatik preseski), ahalduntzeak badauka bere alde txarra, eta hori ere erakutsi digu feminismoaren aldeko borrokak. Kolektibo bat eta bere kideak ahaldundu ahala, kontrako erreakzioak gordindu egiten dira. Horren adibide da Irantzu Varelak azken aldian jasan behar izan dituen eraso eta mehatxuak (bihoakio lerroon bidez nire elkartasuna Irantzuri).

Duela aste biko kontua da orain azalduko dizuedana, hauteskundeen egunekoa, hain zuzen ere. Goizean Emakume Master Cup emakumeen pilota-txapelketaren kanporaketa, Zaratamon. Eguerdian mezu elektronikoa jaso dute antolatzaileek, kexa-mezua: “Egun on, Emakume Master Cup ikusten egon naiz Zaratamon eta umiliatuta sentitu naiz euskara ez jakite hutsagatik. Komentario guztiak, berriro diot, komentario guztiak, euskaraz izan dira eta sentitzen dut gogoraraztea, gustatu zein ez, Euskadiko hizkuntza ofiziala gaztelania dela, eta jende piloa dagoela, motibo bat dela edo bestea dela, euskaraz ez dakiguna eta, zintzotasunez, errespetu falta dezente handia iruditu zait nireganako. Oxala hurrengoan errespetu nahikoa izatea eta, euskaraz egitearen kontra ez banago ere, hitz egiten ez dugunok errespetatzea eta gaztelaniaz ere izatea”. Imajinatuko duzuenez, gaztelaniaz jaso zuten mezu hori eta neuk euskaratu dut.

Amorruz, ironiaz zein pedagogia eginez erantzun dakioke halako bati, testuinguruaren arabera (antolatzaileak, zentzuko, azken aukeraz baliatu dira).

Oraintsuko txio honi, ostera, erantzun aparta eman zioten ironia erabiliz (jarraian doazkizue, neuk euskaratuta biak ala biak): “Nire emaztea euskal herritarra da, Bilbon jaioa eta hazia. Maistra da eta ezin da han aritu euskaraz ez hitz egiteagatik, bere gurasoek Lizeo frantsesean ikas zezan eta frantsesez egin zezan gurago izan zutelako (askoz baliagarriagoa munduan euskara baino)”.

Erantzuna: “Nire lehengusuak Vienako filarmonikoan jo nahi du baina ezin du, ez dakielako instrumenturik jotzen; bere gurasoek Telekomunikazioa ikas zezan gurago izan zuten (askoz baliagarriagoa munduan biolina jotzea baino)”.

Laostia da azaldu beharra zergatik den euskara frantsesa baino baliagarriagoa eskolak euskaraz emateko.

Etorriko dira gehiago. Bide onean goazen seinale. Egin diezaiegun aurre, pedagogia eginez eta umorez, kasuan-kasuan; amorrua eta pena eurentzat gordeta.