Zabortegian izandako suteek kezka eragin dute Zallan

Zabortegian izandako suteek kezka eragin dute Zallan

Peru Azpillaga Diez

Zallako Udalak ezohiko neurriak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari Las Lagunas zabortegian piztu diren suteak ikertu eta egoerari aterabidea topatzeko. Eskaera joan den astean igorri zitzaion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, hain zuzen ere, urriaren 31n zabortegian sute bat izan ostean. Izan ere, Cespa enpresak kudeatzen duen zabortegi horrek zenbait herritarren arreta piztu izan du bere sorreratik, eta, azken hilabeteetako suteen ostean, arreta hori kezka bilakatu da.

Uztailaz geroztik, hiru aldiz piztu dira suteak Zallako zabortegian; azkena, joan den ostegunean. Suhiltzaileek orduak behar izan zituzten hura amatatzeko, eta ezbeharraren arrazoiak ez dira oraindik argitu. Horren aurretik, beste bi sute ere izan dira zabortegian, hilabete gutxiko tartean. Lehendabizikoa uztailaren 24an izan zen, eta enpresak aurreko egunetan izandako tenperatura altuei egotzi zien ezbeharra. Bigarrena irailaren 6an gertatu zen, zabortegian etxetresna elektrikoentzat dagoen gordailuan. Oraindik ez da argitu zerk eragin zuen.

Egoera horretan, esku hartzeko eskatu dio Zallako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Hain zuzen ere, eskatu dio Cespari ezohiko neurriak hartzea exijitu diezaiola, herrian kudeatzen duen zabortegia segurua dela bermatzeko. Hala, suteen kausak argitu bitartean, eta halako ezbehar gehiago ez gertatzeko neurri zehatzak ezarri arte, ezohiko neurriak indarrean egotea eskatu du udalak. Horrekin batera, beharrezkoa balitz, suteen zergatia argi izan arte zabortegiko jarduera aldi baterako etetea ere galdegin du Zallako Udalak.

Udalaren erabakia enpresaren kudeatzaileekin eta erakundeekin hainbat bilera egin ostean etorri da. Dena dela, hau ez da izan batu izan diren lehenengo aldia. Irailaren 6an piztutako sutearen ostean ere egin zuten bilera, eta, harako hartan, udalak zaintzaile erreten jarraitua bermatzeko eskatu zion zabortegiaren ardura duen enpresari.

Zabortegia, aspaldiko arazo

Las Lagunas zabortegiak, ordea, hasiera-hasieratik sortu izan du polemika Zallako herritarren artean. Besteak beste, zabortegiaren sorreraren harira sortu zen Zalla Bai auzokide elkartea. Elkarteak sorreratik aldarrikatu izan du zabortegia ez zela eraiki behar, eta, Zallako Udalean agintean egon den azken bi agintaldietan, lan egin du zabortegiaren inguruko “irregulartasunak” salatu eta haren jarduna kontrolatzeko.

Hori dela eta, Zalla Baik eta Bizkaia Zero Zabor plataformak kritikatu egin dute Jaurlaritzak azken urteetan zabortegiarekin izandako jarrera, eta horren arriskuen berri eman dute; zalantzan jarri dute, besteak beste, Zallako zabortegira heltzen diren zaborren nolakotasuna. Adierazi dutenez, 2019an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak baimena eman zion Cespa enpresari Las Lagunaseko zabortegian proba esperimental bat egiteko. Horren helburua, hain zuzen, Zabalgarbitik ekarritako 30.000 tona hondakin baloratzea zen.

Salatu dutenez, zaborren inguruko eztabaida ez da berria. 2014aren hasieran, Zallako Udala konturatu zen Zabalgarbiko erraustegitik ekarritako hondakinak uzten ari zirela Las Lagunaseko hondakin ez-arriskutsuen zabortegian. Hori dela eta, garai hartan udalean agintzen zuen alderdiak, Zalla Baik, zabortegia ixteko eskatu zuen, “hondakinen isuriaren irregulartasuna eta sute-eztanda arriskua” tarteko.

“Eraiki zuten egun beretik eman ditu arazoak zabortegiak”, azpimarratu du Manu Maestre Zalla Bai auzokide elkarteko kideak. “Onura publikorako eremu batean eraiki zuten, zenbait errekaren iturburutik gertu, eta hainbat arazo ekarri dizkigu auzokideoi: usain txarrak, lurrinak, gasak, eta ibilgailuen mugimendu handia”, azaldu du. Kezka ere sortu duela erantsi du. Izan ere, herritarrek ez dute inoiz jakin zer den zehatz-mehatz bertan pilatzen den zaborra. “Berez, arriskutsuak ez diren hondakinen zabortegi bat da, baina jakin izan dugu hori ez dutela beti errespetatu”.

Horregatik, Maestek jakinarazi duenez, udal gobernura heldu zirenetik saiatu ziren zabortegiaren jarduna “ahalik eta gehien” kontrolatzen. 2018an ere, Zalla Bairen agintaldiaren amaieran, sute bat izan zen. “Informazioa eskatu genuen, baina Jaurlaritzak ez zigun erantzunik eman, eta enpresak tximista bati egotzi zion sutea, Euskalmeten datuek teoria hori ezbaian jartzen zuten arren”. Maestrek sute batek ekar ditzakeen kalte larrien inguruan ohartarazi du, eta Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak erakutsi duen “hermetismoa eta lankidetza falta” kritikatu du. “Oraindik ez dakigu zerk pizten dituen suteak: 2018koa tximista bat izan omen zen; uztailekoa, berriz, tenperatura altuek eragindakoa. Baina enpresak udalari jakinarazi dionez, azken biak nahita piztutakoak izan direla argudiatu dute… Ez du ez hanka ez buru”.

Ulergaitza zaio enpresaren eta Jaurlaritzaren artean suteen kasua ezin topatu izana, eta gardentasun falta leporatu dio azken horri: “Enpresaren interesak jarri dituzte pertsonon osasunaren eta ongizatearen gainetik”. Horrekin batera, zalantzan jarri du egun Zallan agintean dauden alderdi politikoen eskaera: “Orain neurriak eskatu arren, bere garaian atzera bota zuten zabortegiaren gaineko kontrola areagotzeko guk aurkeztutako mozio bat”.