“Enplegu horiek defendatu behar dira; Jaurlaritzak du horretarako giltza”

“Enplegu horiek defendatu behar dira; Jaurlaritzak du horretarako giltza”

Peru Azpillaga Diez

Desindustrializazioak gogor astindu du Arratia. Ibaiari jarraituta, bailara zeharkatzen zuten fabrika askok ateak itxi behar izan dituzte, eta lanpostuak defendatzeko borrokak ugaritu egin dira. Batz kooperatibak 2016an erositako Araluce trokelgintza fabrika ixteko erabakiaren ondorioz sortu da ugazaben eta langileen arteko azken gatazka. Biak zein biak Igorrekoak izanik, lan gatazkak sortu duen tentsioa herrira ere hedatu da. Horregatik, herriko alkate Illart Gumuzio bere eskualdeko lanpostuak bermatuko dituen aterabide bat lortzeaz mintzatu da.

Igorreko bi enpresaren artean sortu da gatazka hau. Zer eragin izan du herrian?

Berez larriak dira fabrika baten itxiera eta lanpostuen galera dakarren egoera denak. Eta, gatazka horretan murgilduta dauden bi aldeak herri berekoak direnean, bada, are gehiago. Kasu honetan, oso gogorra da, bereziki sostengu ekonomikoa galtzeko arriskuan dauden Araluceko 141 familia horientzat; baina Batz kooperatiba osatzen duten zazpiehun familia horientzat ere ez da erraza. Azken finean, denok dugu senitarteko, lagun edo auzokideren bat bertan lanean, eta zaila da honetatik ezer onik ateratzea.

Orain arte nola erantzun dute herritarrek?

Hau ez da arazo puntual bat, azken urteetako krisiaren azken kapitulua baino ez. Testuinguru horretan, herritar guztiok ikusten dugu arduraz eta minez 141 familia arriskuan egotea. Bai Aralucekoak, eta baita Batzekoak ere, bailarako langileak dira. Edozein enpresatakoak izanda ere, guk ez dugu hau bi enpresatako langileen arteko gatazka modura ikusten, eta uste dugu ez duela hori bihurtu behar, bestela denon galerarako izango delako jada gaitza den egoera.

Zer egin dezake udalak konponbide bat lortzeko?

Oraingoz, bitartekaritza lanak egiten gabiltza. Inguruko herrietako alkateekin harremanetan gaude, eta Araluceko enpresa batzordearekin eta Batzeko zuzendaritzarekin ere bildu gara. Dena den, kasu honetan, Jaurlaritzak hartu behar ditu neurriak, eta horregatik eskatu diogu bilera bat; gai hau landu eta gure eskualdeak bizi duen desindustrializazio prozesuari aurre egiteko. Guk argi dugu bi enpresen iraupena bermatzeko eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugula

Nola dago eskualdea?

Azken urteetan geroz eta enpresa gehiago itxi dira. Beti da gai arduratsua. Aitzitik, zenbait enpresatako langileek, ondo borrokatu ostean, egoerari buelta ematea lortu dute. Guk hor kokatu behar dugu: Arratian lan eta bizi nahi dugu, eta, modu batera edo bestera, enplegu horiek defendatzeko borrokatu behar dugu. Horretarako giltza Eusko Jaurlaritzak du, gai hau ahalik eta ondoena konpontzeko inplikatu behar da.