“Usurpazioa ez da okupazioa”

“Usurpazioa ez da okupazioa”

Ibai Maruri Bilbao

Santurtzi erdiguneko etxebizitza bitara indarrez sartu eta bertan bizitzen jarri diren familiek giltzak itzuli dizkiete jabeei. Irailaren 2an okupatu zituzten, eta joan den astean auzoko bizilagunek mobilizazioak egin zituzten etxe horietara indarrez sartu zirenak handik alde egitera bultzatzeko. Ez zuten helburua lortu. Duela hamabost bat egun Portugaleten gertatutakoa izan zuten gogoan Santurtziko bizilagunek. Harako hartan, gaixoaldia ahizparenean igarotzera joandako adineko andre baten etxera sartu ziren, eta indarrez okupatu zuen familia batek. Orduan, bizilagunen mobilizazioak lortu zuen etxea okupatu zutenak kanporatzea. Santurtzin, alkateak egin ditu etxejabeen eta familia okupatzaileen arteko bitartekari lanak. Kasu gehiago egon dira Portugaleten, eta Bilbon ere —Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala inguruan— salatu dira antzeko gertaerak.

“Ezkerraldean arazo bat dugu etxebizitzarekin, kroniko bihurtu den pobreziarekin lotuta”, salatu du Portugaleteko ESB Eskubide Sozialen Bulegoko kide Eska Araizek. Bazterketa eta pobrezia egoeran dauden herritarrei laguntzen dien elkarte bat da. Kasu honetan, etxeak okupatu dituzten familiak “gatazkatsuak” izan dira, eta etxejabeen aurkako indarkeria fisikoa erabili dute. ESBko kideak poztu dira etxejabeek euren etxeak berreskuratu dituztelako. “Bidegabekeria” izan dela azpimarratu dute. Ezer baino lehen, Araizek argi utzi nahi izan du ez direla izan okupazio mugimenduari lotutako “ekintza legitimoak”, delituak baizik; hau da, “etxejabe babesgabe batzuen aurkako injustizia ekintzak”. Salatu du hedabide batzuek eta hainbat agintarik “dena nahastu” eta okupazioaren aldeko mugimendua “kriminalizatu” dutela. “Usurpazioa ez da okupazioa”. Era berean, gizartearen sektore baten kriminalizatzea ere sumatu du indarrez sartu diren familien aurkako mezuetan. Pobrezia kriminalizatzeko saiakera ere egon dela uste du.

Bereziki gaitzetsi du Portugaleteko alkate Mikel Torresen jarrera: “Herrian 1.500 etxebizitza huts daude. Hipokrita iruditzen zait etxe hutsekin ezer ez egitea eta gatazka hauek egon direnean alkatea bera herritarren mobilizazioen buruan jartzea”. “Populismoz eta hauteskundeei begira” jokatu izana egotzi dio. Dena den, kritika ez da soilik alkatearentzat izan. Hainbat agintari politikok —tartean Santurtziko alkateak— Espainiako Diputatuen Kongresuari eskatu diote Prozedura Zibilaren Legea gogortzeko. “Hori ez da konponbidea. Legea berme emailea da, eta horrela izan behar du”. Uste du legea indartzea eskatu dutenek okupazioren aldeko mugimendu politikoaren aurka erabili nahi dutela.

Herritarren erantzuna

Torresek gogotsu defendatu du bere jokabidea. Eta lege aldaketa aldarrikatu du: “Udalei eman diezagutela jokatzeko aukera gehiago kautelazko neurriak hartu ahal izateko; etxe bat berehala txikitu dezakete, azkar jokatu ezean”. Haren esanetan, epaileek “azkar jokatu ez dutelako” erantzun dute modu horretan bizilagunek. Dena den, horrelako mobilizazioak “salbuespena” izatea nahi du: “Garrantzitsua da ohiko ez bihurtzea, Portugalete ez delako herri mendekatzaile bat. Epaileak dira babestu behar gaituztenak, eta hala izango da”.

Araiz poztu egin da bizilagunen erantzunarekin ere. “Antolatu egin dira, eta elkartasun ekintza bat egin dute etxebizitzak berreskuratzen ahalegindu direnean; eta hori txalotzekoa da”. Baina nahi luke mobilizazio hori ez mugatzea kasu jakin horietara soilik. Eskatu die etxebizitza eskubidearen aurkako urraketa guztien aurrean protesta egiteko. “Espero dut Portugaleten etxea okupatu dioten andre horren moduko beste bat banketxeak etxegabetu nahi duenean ere modu berean mobilizatuko direla”.

Era berean, esan du sinetsi nahi duela ez dela izan okupazioaren aurkako eta jabetza pribatuaren aldeko mobilizazio bat. “Etxera sartu direnak hil bukaerara iristeko familia soil bat izan balira eta etxejabea putre funts bat, auzokoek modu berean erantzungo lukete? Ezetz espero dut, okupazio hori zilegi litzatekeelako”.

Egun hauetan Ezkerraldean zabaldu diren hainbat mezuren inguruko ardura agertu du Araizek. Uste du eskuin muturra “hauspotu” dezaketen diskurtsoak entzun direla. “Kezkatzekoa da gurearen moduko eskualde langile batean gisa horretako marko ideologiko bat eraikitzea”. Eskubide Sozialen Bulegoak azken kritika bat ere egin die erakunde publikoei: “Etxe hauek okupatu dituzten familietan adingabeak egon dira. Zer gertatu da haiekin? Norbait egin al da haien kargu?”.

Etxegabetze protokoloen “porrota”

Berri-Otxoak plataformak eta Argitan zentroak etxegabetzeen aurkako protesta egin zuten martitzean, Barakaldon. Egun horretan iraungi zen indarkeria matxistaren biktima den eta seme-alaba adingabeak dituen andre baten etxegabetzea atzeratzeko agindua. Alokabide da etxegabetzea sustatu duena. Etxegabetzeen kontrako protokolo publikoen porrotaz ohartarazi dute. Amaia Egaña barakaldarra ere gogoratu zuten: 2012ko azaroaren 9an bere buruaz beste egin zuen, senarra eta biak etxegabetzera joan zirenean.