Natalia Salazar Orbe
Zoritxar edo beharren batek bultzatuta sortu ohi dira elkarte ugari. Era horretan ernaldu zen Gaztelugatxe zaintzen duen batzordea ere. X. mendean eraiki zuten San Joan santuaren omenezko ermita, Bermeoko irla gainean. 1978an, ordea, erre egin zuten. “Nahita eragindako sutea izan zen”. Hala azaldu du Enrique Bilbaok. Batzordeko kidea da bera. Eskuin muturraren erasoa izan zela uste dute, baina hori frogatzerik ez dela izan adierazi du.
Lau horma besterik ez ziren geratu, eta ordura arte irlatxoaren gainean egondako santutegia desagertzear. Auzolanean altxatu zuten, berriz ere. “Hainbat lekutatik iritsi zen laguntza. Ez dakit zenbat lagun bildu ziren: 500, 600 izan zitezkeen. Hondakinak kentzen aritu ziren, eskaileretan gora eta behera”.
Bi urteren buruan berritu zuten ermita. Garai hartan, Ramon Mendizabal apaizak ematen zituen mezak han. Ermita berreraiki ostean, batzordea eratu zuten, haren ekimenez. “Boluntarioak mantentzeko proposamena egin zuen”. Garai hartan lan horretan hasi ziren batzuk gaixotu egin ziren, beste batzuk hil egin dira… Gaur egun zazpi lagun ari dira lan horretan.
Larunbat goizero joaten dira Gaztelugatxera. “Berdin dio euria edo elurra den. Zapatuero joaten gara. Beti abante”. 08:30etik 11:30 ingurura izaten dira han, bazterrak garbitzen, eta hala behar duten lekuak margotzen. “Mantentze lanak egiten ditugu”.
Bisitarien kopurua, gora
Azken urteetan bisitarien kopurua izugarri igo duela nabaritu dute. Game of Thrones telesaileko agertokietako bat bihurtu ostean, hainbat turista erakarri ditu inguruak. “Normalean, errespetuz jokatzen dute”. Hala adierazi du Bilbaok. Hala ere, badira bertako harriak etxera eramateko ohitura hartu duten batzuk ere. “Elizaren aurrean 30 edo 40 harri kenduta daude. Eskaileretan ere beste batzuk. Ikusten dugu gero eta gehiago direla. Baina guretzat ez da arazoa”.
Dena den, neurriren bat hartu beharko luketela sinetsita dago. “Ardura duenak jarri beharko luke kartelen bat eskailerak hasten diren lekuan mezu bera hiruzpalau hizkuntzatan idatzita: ‘Mesedez, ez ukitu harriak'”.
Horrez gain, udan Gaztelugatxeri buruzko informazioa zabaltzeko dagoen zerbitzua luzatu beharko litzatekeela uste du. “Irail erdialdera arte egoten dira. Hortik aurrera, gu geu egoten gara. 12:00etarako itxi egiten dugu eliza. Eta jendeak apur bat gehiago zabalik uzteko eskatzen digu. Argazkiak ateratzeko denbora gehiago nahi izaten dute”.
Bisitari ugarien joan-etorrien bestelako seinalerik ere geratu da. Duela bi urte, San Joanen omenezko elizan zegoen kanpaia aldatu egin behar izan zuten. “Telesaila filmatu zutenez geroztik, ilarak sortzen dira kanpaia jotzeko”. Batzordeko kide bat egoten da bertan bisitariei ohitura azaltzeko: “Esaten diegu kanpaia hiru aldiz jo eta santuari nahi duten eskea egiteko. Baina batzuk jo eta su ibiltzen dira, eta urteekin kalteak pairatu zituen”.
Bermeotarrek osasuna, arrantzaleak zaintzea edo arrantza ugari egitea eskatu diote santuari urteetan. Gurasoekin txikitatik bizi izan zuen usadio hori Bilbaok. Bermeotik oinutsik joaten ziren asko, santuari promesa eginda. Baita Arrietatik ere. “Horien promesa antzinakoa da. Izurriteren bat gertatu zen, eta San Joanera ekarri zuten euren ama birjina”. Izurritea gainditu zuten, eta orduz geroztik, Gaztelugatxera erromesaldia errepikatzen dute arrietarrek San Ignazio egunean.
Festa egiten dute egun horretan Gaztelugatxen, jana eta edana eramanda. Ermitan urtean seinalatuta dauden egunetako bat da hori. San Juan eguna ere berezia da. Ermita ondoan dagoen aterpetxean taberna jartzen dute boluntarioek. “Ogitartekoak, txorizoa, patata tortilla, solomoa, txakolina, ardoa eta freskagarriak eskaintzen ditugu”.
Horiek denak eramatea ez da lan erraza, eta ez dute egiten egun bakarrean. “Aste batzuk lehenago hasten gara”. Bisitarien laguntza ere izaten dute. “Gutariko bat behean egoten da, furgonetan. Turistei jakiren edo edariren bat gora eramateko mesedea eskatzen die. Normalean, egiten dute. Gero, gora iristean, ura, freskagarriren bat edo zerbait ematen diegu”. Ekainaren 24az eta uztailaren 31z gain, abuztuaren 29a —San Joan Doloz eguna Bakion— eta abenduaren 30a dira beste egun handiak Gaztelugatxen.