Peru Azpillaga Diez
Errezeta guztiek izaten dituzte berariazko zailtasunak. Elikagaien hautaketatik, eman beharreko pausoetaraino; errezeta sinpleenari ere beharrezko zuku guztia ateratzeko, funtsezkoa da erronkari gogoz eta arduraz heltzea. Salda batek, esaterako, itxuraz, inolako konplikazio berezirik izan gabe, askotariko zaporeak izan ditzake. Mugimendu feministako kideek hala uste dute gutxienez: “Ez dago errezeta bakarra. Orotarikoak gara, askotarikoak, zahar bezain berriak, handik eta hemendik datozenak, doazenak; eta badakigu nahasita sendotu egiten garela”.
Izan ere, hamar urteren ostean, errezeta bakarra osatzeko batu da berriz ere Euskal Herriko mugimendu feminista: egindako bideaz hausnartu, mahai gainean dauden eztabaidei heldu, korapiloak askatu eta etorkizunera begirako erronkak zehazteko. “Urte luzeetako teoria eta praktika feministen oinordekoak gara Euskal Herrian. Su motelean luze irakin dugun iraultza gara, salda gara”, azaldu dute jardunaldiak aurkezteko zabaldu duten oharrean.
Mugimendu autonomo feministak bere ildo estrategiko nagusien inguruan eztabaidatzeko antolatzen dituen jardunaldiak dira Euskal Herriko jardunaldi feministak. 1997ko abenduan egin zituzten lehen aldiz, Leioan, eta 3.000 emakume baino gehiago bildu ziren. Gerora, 1984an, 1994an eta 2008an errepikatu izan dute egitasmoa. Aurten, 11 urteren ostean, Durangon egingo dituzte bosgarren jardunaldiak, “egoeraren analisiak partekatzeko eta aurrerantzean estrategia bateratuak zehazteko”.
Horretarako, gaur hasi eta iganderaino iraungo duen egitarau bat osatu dute, mota guztietako edukiz betea: mahai inguruak, tailerrak, eztabaidak, ikuskizunak, kontzertuak… Goizean goiz hasi eta eguna amaitu arte, buru-belarri ibiliko dira asteburuan Durango beteko duten emakumeak. Aurrean duten erronkaren tamainaren jakitun, bost ardatzen gainean antolatu dituzte jardunaldiak: mugimendu feministaren erraiei begira; gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua; indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen; gorputzak burujabetzak eta dekolonitatea; eta sexualitateak.
Aurreikuspenen arabera, 3.000 emakumek baino gehiagok hartuko dute parte asteburu honetan Durangon. Hori dela eta, jardunaldien muina izango diren eztabaidez gain, antolakuntza bera ere egundoko erronka bilakatu da mugimendu feministako kideentzat. Egitasmoa aurrera atera ahal izateko, koordinazio lantaldeaz gain, hainbat azpilantalde osatu behar izan dituzte: komunikazioan jardun dutenak, edukien arduradunak, parte hartzea koordinatu dutenak, azpiegiturakoak…
Esate baterako, azpiegituretako lantaldea jardunaldiak egin ahal izateko funtsezko oinarri guztiak antolatzeaz arduratu da: eztabaidak egiteko eta lo egiteko tokiak, bazkari zein afariak, zehaztutako proposamenak garatu ahal izateko baliabideak… Nerea Lesundik, Garazi Unzaluk, Mireia Delgadok eta Ane Amantegik osatzen dute, besteak beste, azken lantalde hori. Azken egun hauetan, lanean ibili dira, gaur jardunaldiak behar den bezala abiatu daitezen.
“Durangon izango zirela enteratu ginenean ilusio itzela egin zigun, eta benetan pozik ekin genion lanari, emozio eta ardura handiz, guretzat ere zerbait berria delako”, azaldu dute. Izan ere, jardunaldiak antolatzeko Euskal Herri osoko mugimendu feministako eragileek parte hartu duten arren, berebizikoa izan da Durangaldeko feministen lana. “Edozein deialdi egin dugula ere, erantzun bikaina eman dute, eta auzolan handiak egin ditugu”. Dena den, jardunaldiak beste era batera ulertzea “ezinezkoa” egiten zitzaiela ere zehaztu dute: “Hola izan behar du: denon artean”.
Adierazi dutenez, prest zegoen jendea batu, eta, ekain aldera, planteamendu bat osatu zuten. “Baina egia da geroztik planteamendu hori mila aldiz aldatu dugula; ezustekoak izan ditugu, eta horiek kudeatuz joan gara”, azaldu dute. “Guk esaten dugun moduan, master bat egin dugu; amaitzen dugunerako, geure ogibide bihurtu dezakegu erraz asko”, erantsi dute, umorez.
Jardunaldien atzean prestakuntza lan “itzela” dagoela azpimarratu dute laurek. Izen emateek “ziztu bizian” gora egin zutenez, aurreikuspenak “berehala gainditu” zirela jakinarazi dute, eta horrek lan handiagoa utzi zuen haien bizkar gainean. “Ikaragarrizko poza eman zigun, baina baita buruhauste asko ere, batez ere lo lekuak lotzeko orduan”. Dena den, egindako jardunaz harro azaldu dira: “Azkenean, lortu dugu tokia bermatzea egun guztietarako. Bazkariak antolatzea ere lan handia izan da, baina oso gustura egiten ari gara”.
Prestakuntza lanak zehazteko orduan, aurrekarien falta nabarmendu dute zailtasun nagusi moduan. “Hutsetik hasi behar izan dugu dena prestatzen, aurrekariak aspaldikoak direlako eta, hortaz, ia erreferentziarik gabe jardun behar izan dugu”, argudiatu dute. “Sorpresa hutsa izango da ikustea ea zer gertatuko den egun hauetan; espektatiba handiekin gaude”. Denborak aurrera egin ahala, gainera, behar berriak sortuz joan direla azpimarratu dute. “Kontu handiz hautatu ditugu materialak, eta gure esku zeuden erraztasun guztiak bermatzen saiatu gara; esperimentu moduko bat ere izango dira jardunaldiak, baina badakigu feministak horretarako eta askoz gehiagorako prest gaudela!”.
Lantaldeko kideek gogoratu dutenez, jardunaldiak “momentu historiko bat” izango dira, “mugarria” Euskal Herriko mugimendu feministarentzat. “Honetan sinesten dugu. Oso aberasgarria izango da guztiontzat; horregatik, gogotsu eta borondate on askorekin hartu dugu erronka, baita umorez ere”. Behar egiteko orduan lantaldeetako kideen artean egon den zaintza ere azpimarratu dute.