“Emakumeen ahotsa argi eta garbi ageri da eleberrian, ozen”

“Emakumeen ahotsa argi eta garbi ageri da eleberrian, ozen”

Ane Maruri Aransolo

Amodio kantu zahar baten kopla du izenburutzat Laura Uruburu (Gernika-Lumo, 1962) euskal filologoaren bigarren eleberriak: Katigatu ninduzun librea nintzena (Labayru, 2018). Emozioen uholdea islatu gura izan du liburuan, eta emakume errealak literaturaren lehen lerrora eraman nahi izan ditu. Euskara oso presente dauka, eta galtzeko zorian dauden euskal hitzei erabilera eta presentzia eman dizkie. Aurkeztu berri du bere sorterrian.

Zer aurki dezakete irakurleek Katigatu ninduzun… liburuan?

Liburuaren baliorik garrantzitsuena da aztertzea zelan lantzen dudan emozioen mundua. Oinarrizko kontzeptuak dira emozioak, eta zientziak horrela berresten du. Ez dago ekintzarik emozioak atzean ez dituenik; emozioen ondorioz sortzen dira ekintzak. Zentzumenen bitartez jasotzen ditugu sentsazioak, intuizioa eta sentipenak. Gure buruaren eta emozioen artean zein lotura dagoen islatu gura izan dut, emozio baikorrak zein ezkorrak landuz. Hau ez da saiakera bat, irakurlea hotz utziko ez duen nobela bat baizik. Emozioek biziarazten dituzten gertaerez beteta dago.

Zein izan da zure helburua?

Emakumetasuna landu dut; emakumearen ahalduntzea islatu gura izan dut. Hala, emakumeen ahotsa argi eta garbi ageri da, ozen. Ez du emakume eredugarri baten istorioa lantzen, baina protagonista erakusleihoan dagoen emakume bat da, gaur egungo hainbat emakumeren erakusgarria izan litekeena. Eleberriak sufrimenduan bizi izan den emakume baten istorioa lantzen du: etsipenean, isiltasunean eta itzalean egon den emakume batena. Askok hurretik ezagutuko duten errealitate bat da.

Emakume baten benetako istorioa da. Errealitatea islatzea lan erraza izan da?

Errealitatea islatzea ez da erraza; ondo ezagutu behar da kontakizuna, eta nik asko landu dut. Ezagutzak asko erraztu du idazteko prozesua. Agerikoa da benetako istorio bat dela; ez dago asmakizunik. Literaturara egokitu besterik ez dut egin. Inguruko harremanek jokabideak nola bideratu ditzaketen ere ageri da. Hori islatzeko asko eta ondo ezagutu behar da pertsona, eta asko entzun eta pertsonarekin bat egin.

Andreen desira ere landu duzu.

Adituek aipatu izan didate desiraren lanketa. Emakumeen plazerra demonizatuta egon da eleberrietan, eta nik sakon landu dut. Hala, eleberri honetan, emakumeak objektu izateari uzten dio, eta subjektu aktibo bihurtzen da sexu harremanetan. Emakume baten desira bere ertz guztiekin azaltzen da liburuan, eta oso elementu berritzailea dela esan didate. Iragazi gabeko kontua da, argi eta garbi azaltzen dena. Ausarta izan naizela uste dut hori islatzen. Niretzako ez da zaila izan emakume baten sentimendu horiek era horretan lantzea. Lorpen bat izan da. Momentu horiek dira harentzat gozoenak, eta oso garrantzitsua da hori islatzea.

Protagonistaren egunerokoaz gain, beste kontu batzuk ere landu dituzu.

Istorio nagusia erakargarria eta bitxia den heinean, albo istorioak oso deigarriak eta harrigarriak dira. Eleberria hornitzen dute, osatu; ez daude zintzilik. Istorioari ekarpenak egiten dizkiote. Adarrari hostoak gehitu.

Zer sentiarazten du liburuak?

Astebeteko epean hainbat gauza gertatzen dira, eta gogoeta prozesu sakona eragiten du. Sentimenduen uholdea da liburua. Errealitatearen eta ametsaren artean jokatzen duena. Errealitate gordina sentiarazten du. Hainbat irakurlek esan didate hunkitu egin dituela edo negarra eragin diela. Errealitatean oinarrituta dago, eta hori nabaritzen da irakurleengan eragiten duen sentipenetan.

Emozio on zein txarren adierazlea ere bada titularra.

Bikoiztasun hori erakutsi gura izan nuen izenburuarekin. Oso adierazkorra da. Emakumeak bere striptease afektiboa egiten du, barne iraultza bat eragiten dion gertaera triste baten ondorioz. Librea zela pentsatzen zuen, baina konturatzen da olatu gainean dagoela, batzuetan katigatuta eta besteetan aske. Bizitza kontraste horretan dago. Gogoetarako eta hausnarketarako bidea zabaltzen du.

Nondik dator bertsoa?

Amodiozko kantu zahar bat da, Lope de Vegak lehenengo aldiz XVII. mendean idatzi zuena, Ramilletes de Madrid antzezlanean. Bizkaiko herritarren bati abesten entzundakoa da, eta antzezlanean jasotakoa. Ahozko literaturaren zalea naiz, eta, bertsoa irakurri nuenean, pentsatu nuen eleberriarentzat oso egokia zela, bikoiztasunaren seinalea baita. Lau hitzekin dena dio.

Euskararen lanketan ere sakondu duzu, ezta?

Azterlan handia egin dut eleberria idazterakoan. Ez da kontakizun lineala izan. Berridazketak, apainketak landu eta birlandu ditut. Filologoa naizen heinean, hitzen lanketa asko gustatzen zait, eta gure inguruan dauden berba eta esaera asko jasotzea izan da nire helburuetako bat. Baita hainbat hitzen adiera desberdinak ezagutaraztea ere. Ahoz aho bizirik dauden hitz eta esaerak erregistro idatzian jaso gura izan ditut, haien erabilera bultzatu. Ahoz aho dabilen berbakera jasotzea eta idatzizko forma ematea oso garrantzitsua baita. Hitzen bildumak jasotzen dira, baina estatikoak dira. Nik, baina, bizia eman gura izan diet. Azterketa sakonak egin, eta antzinako berbak erabili ditut; esaterako, eskimarra eta ihitza berbak. Noiz eta zertarako erabiltzen diren aztertu dut. Lehengo hiztegietara jo dut, baita gaur egungoetara ere. Dokumentazio lan sakona egin dut, oso gustura. Niretzako oso pozgarria izan da lan hori egitea. Sinbologia eta konnotazio asko ere jaso ditut, gure kulturaren parte direnak. Lantzen ez baditugu galdu egingo direlako.

33 urte igaro dira lehen eleberria kaleratu zenuenetik. Zelan bideratu dituzu irakaskuntza eta idazteko zaletasuna?

Lanbidea, bizitza pertsonala eta afizioa kudeatzea ez da erraza. Gaztetan, lehen eleberria landu nuenean, errazagoa zen. Ni ez naiz idazlea lanbidez, baina idazle zaletua naiz, eta bizitza osoan idatzi izan dut. Idazteko zaletasun hori nirekin eraman dut beti. Lanbidea eta zaletasuna uztartzea oso zaila izan da, lanbideak dedikazio osoa eskatzen didalako. Liburu hau nire zaletasuna izan da, denbora eduki dudanean idatzitakoa. Urte luzez izan dut bidelagun. Ez dut presiorik eduki, eta une lasai eta atseginetan idatzi dut.

Emaitzarekin pozik zaude?

Oso pozik nago. Idatzi gura izan dudana idatzi dut, nahi izan dudan modura, eta pozik nago. Eleberri ederra dela uste dut.

Bigarren atala izango du?

Bai. Emakume baten bizitzako epealdi bateko kontakizuna da hau. Amaiera modu irekian landu dut, eta irakurle bakoitzak era batera edo bestera interpreta dezake. Baina bizitza errealean jarraibide bat izan du kontakizunak, eta horrek beste ondorio batzuk eragin ditu. Bigarren atala idazten hasi naiz dagoeneko, eta idazketa prozesua eta liburua bera arinagoak izango direla uste dut. Liburu hau atal gogorrena izan da, egoera emozionala landu dudalako. Bigarrenean, berriz, akzio gehiago egongo da, eta hausnarketa gutxiago.