Borrokan, zegokienaren alde

Borrokan, zegokienaren alde

Natalia Salazar Orbe

Ez dago quiola nescacha bati bururic ausitzea liburuguiñen: asco duela gorua, naiz jostorratza zucen erabiltzea. Nola nie sinesarozoko diet ascori, eusqueratu ditudala erdaldun jaquitunac arguiratu dituzten ipuiac?”. Bizenta Mogelek 1804an argitaratu zuen Ipui onac liburuan idatzi zuen sarreraren pasarte bat da goikoa. Garai hartan emakume bati ustez ez zegokion lana egiteagatik Mogelek aurkitu zituen oztopoen isla dira hitzok. Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko sailak egin duen ikerketa bateko protagonistetako bat da bera. Ikerketak jasotakoak 10 emakume Bilbon, bizkor eta eraginkorrak erakusketan ikus daitezke.

1800. eta 1936. urteen artean bizi izan ziren abangoardiako hamar emakumeren historiak jaso dituzte. Denek garatu zuten euren jardueraren zati handi bat Bilbon. Guztiak aritu ziren garai hartako gizarteak emakumeei ez zegozkiela uste zuen egitekoetan: zientzian, liburugintzan, medikuntzan zein ekintzailetza proiektuetan. Asteartera arte egongo da ikusgai erakusketa, Zabalgune eraikinean. Horrez gain, liburu bat argitaratuko dute, eta ikerketari eta emakumeoi buruzko informazio zabalagoa Bilbaopediaren webgunean jaso dute.

Maria Jose Villak koordinatu du ikerketa. Esan du zaila izan dela informazioa bilatzeko prozesua. Hainbat bide erabili dituzte horretarako. “Dokumentazio gutxi dago. Historialarioi beti gertatzen zaigu, are gehiago emakumeen historiarekin lotutako gaiak ikertzean. Agiriak lortzeko arazo ugari izan dugu”. Hori dela eta, beste bide batzuk jorratu behar izan dituzte. “Prentsan argitaratutakoak hartu ditugu oinarritzat, jendaurrean garrantzia izan zuten emakumeei dagokienez. Horrez gain, emakumeen familiekin ere hitz egin dugu. Hori izan da atseginena”.

Emakume horiek guztiek zailtasunak eta oztopoak aurkitu zituzten euren lana gauzatzeko. Bizenta Mogeli egin dio aipamen ikerlariak. “Liburuak euskaraz argitaratu zituen lehen emakumea da. Ipui onac liburuaren sarreran adierazten du zein zaila den idaztea emakume batentzat”.

Juana Whitneyren biografia ere azpimarratu du. “Alargun geratu zen, eta berak bakarrik hasi behar izan zuen negozio bat. Zailtasun ugari aurkitu zuen”. Ticiana Iturri Landajok, berriz, arazoak izan zituen lanbide bereko gizonen artean. Bilbon egon zen lehenengo mediku emakumea izan zen bera. “Sendagilea zela zalantzan jarri zuten beste medikuek. Alegia, emagin edo mediku moduan ari zen emakume bat bazegoela esaten zuten, baina ez zela sendagilea. Azkenean, Bilboko sendagileen elkargoak ohar bidez jakinarazi behar izan zuen baietz, lizentziatuta zegoela eta mediku gisa jardun zitekeela”.

Tinkotasuna

Andreok antzeko bizipenak izan zituzten, beraz, arlo guztietan. “Lan honekin azpimarratu nahi duguna da etsaitasunezko giroan bizi arren, euren bokazioa gauzatzea lortu zutela: mediku, maistra, sukaldari, propagandista politiko… Lanbide oro gauzatu zuten, adore handiarekin, oztopoz betetako mundu bati aurre egin behar ziotelako”.

Emakumeen eskubideen aldeko borrokan aitzindariak izan zirela azaldu du Villak. Ikertu dituzten emakumeotako batzuk 1800. urtearen inguruan bizitakoak dira. “Garai hartan, ez zegoen mugimendu feminista deritzona. 1910etik aurrera bai, gero eta emakume gehiago hasi ziren borrokatzen espazio publikoan agertzearen alde; baita oinarrizko hezkuntzatik harago, ibilbide luzeagoa izango zuen araututako eta kalitatezko hezkuntzan sartzearen alde ere”.

Hamar emakume horien borrokaren garrantzia azpimarratu du: “Sarri, XX. mende hasierako lorpenak ez zaizkigu iruditzen hain garrantzitsuak gaur egungo ikuspegitik. Garai hartan, emakume batek hitzaldia ematea erabat iraultzailea zen. Emakumeok sarri hitz egin zuten jendaurrean, eta erreferente izan ziren euren ikerketa eremuetan”.

Bilboko Udalarekin batera antolatu du EHUk erakusketa. Aurkezpen ekitaldian, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea zinegotzia ere izan zen. Hura ere Villarekin bat etorri zen garrantzitsua dela emakumeek mendeetan galdu duten protagonismoa berreskuratzea. Historian ondoan zuten gizonaren beste aitortzarik izan ez zuten hainbat emakume ekarri zituen gogora: “Einstenen itzalean Mileva Maric matematikari aparta zegoen”. Fisikari alemaniarrari egozten zaizkion aurkikuntza askoren atzean haren emaztea egon zitekeela dioten teoriak gogorarazi zituen.

Gertuagoko adibideak ere aipatu zituen. Maria Diaz Harokoa izan zuen gogoan. “On Diego Lopez Harokoak bortxaz kendu zion boterea ilobari”. Diegoren anaia Bizkaiko jauna zen. Hura hilda, Bizkaiko jauna bera izango zela aldarrikatu zuen. Mariari zegokion kargua, baina Diegok argudiatu zuen ez zegoela era horretako aurrekaririk. Eta hala gertatu zen: gizonaren esku geratu zen boterea. “Ukatze hori beste hainbat arlotara hedatu da. Erakusketa honen bidez, historiak isildutakoak gogorarazi nahi ditugu”, adieraz zuen Sagarduik. “Izan zirelako gara, eta garelako izango dira” esaldiarekin bukatu zuen agerraldia.

Azkenik, Patxi Juaristi Larrinaga EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak historialariek egindako lanaren garrantzia azpimarratu zuen. Lan horrek unibertsitatearentzat garrantzitsuak diren hainbat helburu betetzen dituela azaldu zuen. Ezagutzaren transferentzia edo transmisioa egiten duelako eta ikerketaren ikuspegiagatik nabarmendu zuen.

Bereziki Bizenta Mogel izan zuen gogoan Juaristik. “Umearoa Markinan pasatu zuen, eta markinarrez idatzi zuen. Ni neu markinarra naiz. Plaza bat eskaini diogu bertan”.

Ikusgarriago bihurtzen ari dira, baina lan handia dago egiteko oraindik. Villak utzi du hori agerian, Mogelek 1804. urtean emakumeei ustez zegozkien eta ez zegozkien egitekoei buruz idatzitakoa gogora ekarrita: “‘Irudi liteke emakume bati ez dagokiola liburugintzan murgiltzea, goruan eta joskintzan aritu beharko lukeelako’, idatzi zuen. Esaldi hura garaikidea da. Baita hezkuntzari dagokionez ere, hein batean. Oraindik, gaur egun ere, emakume batzuk ez baitira gai sentitzen zientzietako ikasketak abiatzeko”.