‘Preanbuloak’ eta paralelismoak

Igor Elordui Etxebarria

Gaurko egunez, duela berrogei urte, 1979ko urriaren 25ean, Gernikako Estatutua onartu zen erreferendumean Euskadiko Erkidego Autonomoan. Baita ere, Katalunian, Kataluniakoa. Ez dakit honezkero askok gogoan izango duen: Patxi Lopez lehendakaria izan zen garaian (PPren sostenguarekin eta Ezker Abertzalea legez kanpo), haren gobernuak urriaren 25a Euskadiren Eguna izendatu zuen eta jaieguna izan zen hiru urtez, 2011tik 2013ra, hain zuzen ere. Sasoi hartan, jada, Artur Mas zen Generalitateko presidentea, Lopezen alderdi ustez bereko, edo ia bereko, Pascual Maragall eta Jose Montillaren lekua hartuta. Lopezek sekula guztiz bete ez den 79ko estatutuaren aldarrikapena egin zuen. Eta oso seguru ausartzen naiz esatera: sekula beteko ez dena. Ostera, Maragall alderdikide sozialistak Kataluniarako estatutu berri baten alde egin zuen. Jakina da zer ekarri duen Kataluniako estatutu berriaren hitzaurre edo ‘preanbuloak’, edo hobe esanda, Espainiako Gorteek hitzaurreari egin zioten mutilazioak.

Aurreko astean Ibarretxe lehendakaria ikusi genuen Katalunian, Torra presidentearekin, askatasunaren aldeko ibilaldietako batean. Hura ikusi eta gogoratu naiz hilabeteak lehenago Agirre eta Companysen gomutan elkartu zirela, haien erbestearen 80. urteurrenean. Baina gogoratu naiz, hori ere bai, gaurko egunez, 2003ko urriaren 25ean, Ibarretxe lehendakariak bere izena eman zitzaion plana aurkeztu zuela Eusko Legebiltzarrean. Hain zuzen ere, Maragall Kataluniako presidentea zen garaian. Eta akordatu naiz Legebiltzarrak alde bozkatu zuela, joan zela Ibarretxe lehendakaria hura Madrilera aurkeztera eta Espainiako Kongresuak atzera bota zuela, halako irmotasunez bota ere.

Egia esan, ez dugu ikusi egunotan Katalunian lehenago Euskal Herrian ikusi ez den irudirik: protestaldiak, grebak, liskarrak, poliziaren oldarraldiak… Ez ditugu entzun lehenago hemen entzun ez den berbarik: bortizkeria, kondenatu, konstituzionalismoa, separatismoa… Ez, ez dugu sentitu hangoaz lehenago hemen sentitu ez dugun minik. Eta zaurietan musu ematen jarraitzen dugu, oraindinokarren. Baina Kataluniak, egunotan, gauza bat egin du: ispilu aurrean jarri gaitu.

Teoria baten arabera, bi marra paralelok bat egin dezakete infinituan. Ba, ematen du Euskal Herria eta Katalunia horixe direla: marra paralelo bana infinitura bidean; elkar ukitu barik bidea egitera kondenatuta dauden bi lerro zuzen. Zer gertatuko litzateke lotuz gero?

Asteon BERRIAn elkarrizketa egin diote Clara Ponsatiri. Elkarrizketaren lerroburua hauxe izan da: “Kaleko indarra artikulatuko duen klase politiko bat behar da”. Hori Katalunian. Hemen, Euskal Herrian, gaur-gaurkoz, klase politikoa artikulatuko duen kaleko indarra da behar dena. Hortik etorriko da, etorriko bada, marra biak lotuko dituen hari perpendikularra.