Natalia Salazar Orbe
Zorrotzaurre aukeren irla bihurtu nahi du Bilboko Udalak; ezagutzarena, talentuarena. Hala iragarri du Juan Mari Aburto alkateak. Helburu hori lortzeko beste pauso baten berri eman dute oraintsu erakundeak berak eta Mondragon Unibertsitateak. Heziketa zentroa Zorrotzaurren lurreratuko da datorren ikasturtean. Bost ikasketa titulu eskainiko ditu bertan.
Orain arte, Bilbo Berrikuntza Faktorian zuen presentzia, eta Merkataritza Ganberarekin elkarlanean ere bazuen hezkuntza eskaintza hiriburuan. Bilboko eskaintza hori indartzera dator Zorrotzaurreko espazio berria. Bizkaian orain arte eskaintzen ez ziren bi gradu eta master bat ekarriko ditu unibertsitate pribatuak. Hain zuzen, bertan ikasi ahalko dira Ingeniaritza Mekatronikoaren gradu duala —unibertsitate horrek Bizkaian eskaintzen duen lehen ingeniaritza gradua izango da—; Humanitate Digital Globalen gradua; eta Salmenta, Bezero eta Digitalizazio masterra.
Horrez gain, unibertsitateak jada Bilbon eskaintzen dituen zenbait titulu Zorrotzaurrera eramango ditu. Horiek zeintzuk izango diren zehaztu dute: Business Data Analytics gradua, Administrazio eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradu duala, Ikaskuntza Errazten masterra eta Executive GECEM masterra. Horiek guztiak Bilbo Berrikuntza Faktorian eskaintzen ditu egun.
Mondragonek hamar urteko ibilbidea egin du Bilbon. Oraintsu iragarri dituen aukera berrien bidez, hiriburuan duen eskaintza handituko du. Denera, 27 titulu eskainiko ditu, graduak eta graduondoak barne. Zehatzago, bost unibertsitate titulu ofizial eta bereak dituen beste bi izango dituzte aukeran ikasleek Zorrotzaurren. Bilbo Berrikuntza Faktorian beste hamazazpi eskainiko ditu —unibertsitate tituluak dira hiru, eta gainerako hamalauak, bereak—. Horiek denak gehituko zaizkie Merkataritza Ganberan eskaintzen dituen hirurei.
Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak nabarmendu zuen eskaintza “berritzailea eta praktikoa” dela, “erabat egokitua etorkizuneko eraldaketetara eta enpresen eta gizartearen benetako beharretara. Helburua da profesionalak trebatzea merkatuak beharra dagoela antzeman duten profil berritzaileetan”.