Denak eskutik, Bilbon euskara indartzeko

Denak eskutik, Bilbon euskara indartzeko

Natalia Salazar Orbe

Euskaraldiak erein zuen hazia ernatu da Bilbon. Esperientzia hark emandako uzta jasota, baliabide horiek zer nola bideratu aztertzen ari dira orain hiriburuko euskalgintzako eragileak eta norbanakoak. Bilbon euskalgintzan ari diren eragile guztiak elkartu dira helburu komunaren bila. Maiatzean lanean hasi zen taldeak orain arte egindakoaren ondorioak eta datozen urteetarako lan ildoak aurkeztu zituen asteazkenean. Hiru ardatz finkatu dituzte: 2020ko Euskaraldiaren antolaketa, Bilboko hizkuntza politikan eragitea, eta egin beharreko ekitaldiak eta kanpainak.

Asmoetako batzuk aletu dituzte: udalari neurri gehiago eskatuko dizkiote euskararen erabilera sustatzeko. Besteak beste, euskararen ordenantza eratzearen beharra azpimarratu dute, hizkuntza paisaian eragiteko. Elkarrekin jardunda indar handiagoa izango dutela sinetsita daude: “Kohesionatuta, indartsuagoak izango gara. Gainera, udalak solaskide bat izango du, eta euskaltzaleek ere izango dute norengana jo; erreferente bat”. Hala adierazi du Jon Intxaurragak. Berbaizu euskara elkarteko langilea da, eta euskararen aldeko jardunean ari den lan taldeko kidea.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gauzatutako Euskaraldiak lortu zuen, lehen aldiz, Bilbon euskalgintzaren eremuan aritu ziren denak proiektu baten inguruan elkartzea. Batasun horrekin jarraitzea erabaki dute hainbat eragilek: “Berbaizu, Zenbat gara eta Euskaitz euskara elkarteek; AEK eta Gabriel Aresti euskaltegiek; Deustu, Santutxu, Zazpikaleak, Errekalde, Bilbo Zaharra-San Frantzisko eta Txurdinaga auzoetako ordezkariek; eta norbanakoek”. Elkarlan horren garrantzia nabarmendu du Intxaurragak, lehen gauzak norbere aldetik antolatzen zituztelako.

Egoeraren diagnositik abiatuta finkatu dituzte etorkizuneko erronkak. “Euskararen erabilera da Bilboko erronka nagusia. Gero eta euskaldun gehiago gara, baina erabilera ez doa gorantz: kalean %3ren bueltan geratu da. Ez da pozik egoteko datua”.

Hala ere, bestelako kezkak ere badituzte. “Hizkuntz paisaian euskara atzeraka ari da, euskararen ordenantzarik ez dago Bilbon, eta administrazioak gabeziak ditu. Denok dugu gogoan Arkaitz Zarragari gertatu zitzaiona”. Udaltzain batek isuna jarri zion Zarragari iaz, autoritatea ez errespetatzea leporatuta, kaltetuak berak BIZKAIKO HITZAri azaldu zionez, euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako.

Euskara bermatu

Era horretako egoerak eta beste batzuk bideratzeko planteatu dute hizkuntza politikan eragiteko ardatza. Udalarekin landu beharreko erronkei begira adostu dute bereziki. “Uste dugu udalak neurriak har ditzakeela euskara bermatzeko. Kaleko obra batean iragarki handi bat jarri behar duenari eska diezaioke elebiduna izatea”. Eskatu soilik ez, era horretakoak arautzea galdegin dute. “Horretarako behar da ordenantza. Ordenantza horrek ahalbidetuko luke hori betetzea”.

Euskalgintzaren agenda bateratzeko beharra ere proposatu dute. “Leku askotan eskaintzen dira gauza asko euskaraz. Euskalgintzak hainbat areto ditu, askotan ez daukagu elkarren berri, eta jarduera batek bestea zapaltzen du”. Euskaraldiari esker lotu zuten hiru hilabetez euskaltegiek eskaintza bateratua argitaratzea. “Hori ez da gertatu sekula Bilbon”. Bide horri eutsi nahi diote aurrerantzean ere.

Merkataritzan ere eragin nahi dute. Erosketak euskaraz egiteko aukera eskaintzen duten lekuen mapa era lezaketela pentsatu dute.

Lorpenak

Irauli edo aldatu beharreko egoeren aurrean, orain arteko lorpenak ere nabarmendu dituzte. “17.000 lagunek parte hartu genuen Euskaraldian, Bilbon. Lorpen handia da hori. Auzo guztietan batzordeak egotea lortu genuen, gainera. Hori ere oso garrantzitsua da. Eta denok elkartu gara proiektu baten inguruan aritzeko. Hori ere ez da izan ohikoa Bilboko euskalgintzan azken urteetan”.

Datorren urteko Euskaraldia antolatzea dute beste egiteko bat. Berritasunak izango ditu. Abenduaren 4an aurkeztuko dute, Kafe Antzokian 19:00etan egingo duten ekitaldian. Hala ere, Intxaurragak zenbait datu aurreratu ditu: hamabost egunekoa izango da eta entitateek ere parte hartu ahalko dute. “2018koan norbanakoek hartzen zuten parte, eta entitateak sustatzaile gisa ari zitezkeen. Orain, arigunea figura sortuko da, entitateek barrura edo kanpora begira landu beharrekoa”. Euskaraz aritzeko espazioak sortzeko konpromisoa eskatuko diete, edo euskara zabaltzeko neurriak. Entitateak denetarikoak izan daitezke: “Enpresa, futbol talde, kultur elkarte, taberna…”. Hori guztiori antolatzeko lanketa sakona egin beharko dutela aurreikusi du.

Datorren urtean Euskaraldia antolatu bitartean Bilboko euskalgintzak zer-nolako forma hartuko duen aztertzear dago. “Badakigu elkarrekin aritzeko gogoa dagoela, baina ez dakigu elkarlan horrek zer forma hartuko duen”.