Nire fantasiak

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Bizitza erraztuko diguten tresnaz eta baliabidez betetzen dizkigute begiak. Eta begietatik burmuinera heldu orduko, laster bihurtzen dira gure parte. Ni, adibidez, non gorde dudan ez dakidan zerbaiten bila ia etsituta nabilenetan nire sakelako telefonoaren bilatzailearekin akordatzen naiz. Eta pentsatzen dut: “Ederra litzateke, etxeko giltzak, galtzerdi moreak edota eguzkitako betaurrekoak idaztea, eta segundo baten buruan bilaketen emaitza jasotzea”.

Izan ere, bakoitzaren memoriaren arabera eta informazioa prozesatzeko dugun gaitasunaren arabera zailagoa edo errazagoa zaigu buruan informazioa metatzea, edota horietara iristea. Hala ere, bakoitzaren suebakiak gora behera, nire teknologia-fantasiak partekatu gurako nituzke gaur zuekin.

Gustura ez nagoen egoeretan, adibidez, solaskideari bolumena jaisten imajinatzen dut nire burua. Eta, ondoren, leihoa itxi eta beste bat zabaltzeko gogo bizia sentitzen dut. Aske sentitzen naiz nire erritmora nabigatzen. Aurrera gura dudan beste egiten dut, baina ziurtasun osoa izaten dut, atzera egin nahi izatekotan, bidea urratsez urrats berregiteko aukera bermatuta dudala.

Lasai sentitzen naiz nire anti-birusa eguneratzen dudan aldiro; zirrikituak ditu, baina badakit arrisku larregirik ez hartzen. Beharrezko ditudan konpainiak eta jardunak instalatzen ditut eta traban ditudanak ezabatu edo behin-behinean ezkutatu. Zakarrontzia ideiaz, soinuz, sentimenduz… betetzen dut, eta nik erabakitzen dut behin-behineko zaborra behin betiko noiz ezabatu.

Egunak izaten ditut. Baditut filtro koloretsudun egunak, zuri-beltzekoak zein kolore apalekoak. Eta askotan, zoomak laguntzen dit ikusi nahi dudanari gertuagotik erreparatzen edota osotasunean begiratzen. Batzuetan, aurreko kamera isiotzen dut nire burua ikusteko, eta beste batzuetan, nire burua ikusi nahi ez dudalako pizten dut bestea. Sarri bizitzaren distira erabatekoa da, itsugarria. Bestetan, gaitzagoa da distira horri eustea eta aurrezteko modua pizten da nigan. Izan ere, beti ez dut izaten poltsikoan kargagailu eramangarri bat, eta komeni da neurrian gastatzea.

Konektatuta egoteko beharra dudanetan, inguruko edozein sareren konexioa eskertzen dut eta dena iruditzen zait gutxiegi; beste batzuetan, aldiz, hegaldi moduan jarri eta barnerako funtzionamendura mugatzen naiz. Barruko irudiak eta hitzak errepasatu eta ordenatzeko tartea izaten da hori. Horrelakoetan, gailu-garbitzailea pasatzen dut, eta, sobera daukadan erdia ere bota ez arren, aurrera egiten jarraitzeko pisuaren zati bat kentzen dut gainetik. Berrabiarazten bezala sentitzen naiz.

Baina, azken batean, nire ibilien historiala nirekin daramat, harik eta aspertu eta ezabatzea erabakitzen dudan arte. Ezabatu dezaket ordubeteko ibiliaren oroitzapena edota ibilitako guztia. Baina badakit ezingo dudala nire aztarna guztiz ezabatu. Beharbada, fantasia horretan dago: guk kontrolatzen dugulakoan, gu kontrolatzen garelakoan, gu kontrolatzen gaituztela.