Natalia Salazar Orbe
Ez da Getxon izango den lehen aldia. Marika Vila ilustratzaile eta komikilariaren lanak ikusgai izan ziren Getxoarten eta Algortako Torrene aretoan duela lau urte ere. Topiko eta estereotipo sexisten zerrenda luzea agerrarazi eta horiek suntsitzen zituzten lanak ikusteko aukera izan zen orduko hartan. Hausnarketarako bidea zabaldu zuten Herrialde Katalanetako sortzaile horren lanek. Orain, haren ibilbidea sarituko du Getxoko Komiki Azokak. Omenaldia egingo diote berari, eta baita Bilboko Joker liburu dendari ere.
Gaur hasi eta igandera bitarte egingo dute XVIII. komiki azoka, Getxon. 1970eko hamarkadan ilustrazioaren munduan murgildu zen Marika Vila izango du protagonista nagusia. Haize kontra jardun behar izan zuen hastapen haietan. Hasiera-hasieratik borrokatu zen emakumeen eskubideen alde. Jarrera hori argia da haren lanetan. Kostata, baina bidea egin zuen erabat maskulinizatuta zegoen sektore batean. Hainbat herrialdetako argitaletxerentzat lan egin du. Gaur egingo diote omenaldia. Ekitaldi horrez gain, topaketa bat ere antolatu du azokak artistarekin.
Joker liburu dendari ere saria emango diote ekitaldi berean. Egoitza Bilbon duen saltoki horri komikia zabaltzeko egin duen lana aitortuko diote antolatzaileek. Euskalduna kaleko 7. zenbakian 300 metro koadrotik gorako lokala du. Bertan, komiki eskaintza zabala daukate. Horrez gain, urtean berrogei ekitaldi baino gehiago antolatzen ditu: besteak beste, sinatze saioak, hitzaldiak, mahai inguruak, erakusketak eta tailerrak.
Bi gune
Bi protagonista horiez gain, bestelako artista eta aukerak eskainiko ditu Getxoko azokak. Bi gune izango ditu: Areetako Geltokia plazan jarriko dituzte saltokiak. Bisitariak 43 salmenta postu aurkituko ditu, eta, horietan, komiki dendek, liburu denda espezializatuek, aldizkariek, fanzineek, argitaletxeek eta komikiaren artearekin lotutako sektore guztiek izango dute ordezkaritza. Bertaratzen direnek azken nobedadeak eskuratu ahalko dituzte. Baita bildumak osatzeko aleak ere. Horrez gain, komiki zaharrak, bildumagileen produktuak eta era guztietako merchandising elementuak aurkituko dituzte.
Bestalde, Itzubaltzetako kultur etxean jarduera programa zabal eta bizia antolatu dute. Berritasunen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak eta tailerrak eskainiko dituzte, besteak beste.
Elkarren segidan marraztu eta idatzitako binetez gain, horien egileek ere leku berezia izango dute aurtengo topaketan ere. Horietako batzuek sona handia dute nazioartean. Haien lanak sinatzeko eskatzeaz gain, haien hitzaldiak entzuteko aukera ere izango dute azokara doazenek.
Zerrenda luzea da. Horien artean, atzerriko zein bertako egileak bertatik bertara ikusi ahalko dituzte bisitariek. Azken horietako bat da Alex Orbe. Haurrentzako liburuak, testuliburuak, publizitatea eta komikiak marraztu ditu. Animazioaren alorrean ere jardun da. Komikiari dagokionez, Xabiroi aldizkarirako kolaborazioak egiten ditu.
Gabrielle Bellek, berriz, istorio surrealista eta komikoak ekarriko ditu AEBetatik. Karikaturagile hori Ingalaterran jaio zen, baina bost urte zituela Kaliforniara joan zen (AEB). Han, herri eta komunitate bakartu batean hazi zen. Asko irakurtzeko astia izan zuen bizileku hartan, baita basoan barrena murgildu eta istorioak asmatzeko ere. 2001ean When I’m Old and Other Stories argitaratu ondoren, haren lanak hainbat argitalpenetan agertzen hasi ziren. The Voyeurs da haren lanik nabarmenena. Publishers Weekly, Kirkus Reviews eta The Atlantic-en arabera, 2012. urteko libururik onenetako bat izan zen. Bellek bere bizitzari eta bere arazoei buruz egiten dituen interpretazioak jasotzen ditu lanak. Memoria liburu gisa deskribatua izan da.
Sortzaile sarituak
Bestelako formatua eta estiloa aurkeztuko ditu Ulli Lust austriarrak. Berlinen grafismo ikasketak egin ostean, komiki marrazkilari gisa hasi zen lanean. Egungo bizitzari zorrotz behatuta, erreportaje ugari egin ditu komiki formatuan.
Hainbat sari eskuratu ditu. Besteak beste, emakume batek egindako komiki onenaren Artemisia saria eman zioten 2011n. Eta nobela grafiko onenaren Ignatz saria jaso zuen lan beragatik, 2013an. Heute ist der letzte Tag vom Rest deines Lebens (Gaur da zure bizitzaren hondarraren azken eguna) lanak eman zizkion sari horiek eta beste asko.
Zerrenda luzea
Gaurtik igandera arte Getxon ibiliko diren sortzaileetako batzuk besterik ez dira horiek. Bisitariek gehiago ere aurkituko dituzte azokako pasaguneetan eta bestelako aurkezpen edo topaketetan. Han izango dira, besteak beste, Max, Alfonso Zapico, Javier de Isusi, Laura Perez, Flavita Banana, Artur Laperla, Judith Vanistendael, Pepe Larraz, David Lopez, David Lafuente, Dani Lagi, Victor Santos, David Rubin, Mamen Moreu, M. A. Martin edota Agustin Ferrer. Getxoko Komiki Azokak, izan ere, estilo eta ibilbide askotako sortzaileak gonbidatu ditu.
Egileek euren lanak sinatzeko txandak ere finkatu dituzte azokan. Gaur, bihar eta etzi saltokietan antolatutako txandetan izango dira, sortzaileek irakurleei euren ohartxoak dedikatu eta irakurleek gustuko dituzten lanen egileak ezagut ditzaten.
‘El Víbora’-ren urteurrena
Azokaren denbora eta espazioa gandituko duten erakusketek osatuko dute eskaintza. Denen artean bat nabarmendu dute antolatzaileek: El Víbora. Comix contracultural izenekoa. El Víbora aldizkaria sortu zeneko 40. urteurrena ekarri nahi dute gogora horrekin. Honela azaldu dute: “Aldizkariak ezin hobeto irudikatu zuen demokraziaren hasieran Bartzelonan zegoen sinkretismo kulturala. Bere orrietan, 1970eko hamarkadan underground kultura —hiriarekin bereziki lotutako mugimendu kultural eta artistikoa— abian jarri zuten zenbait egileren lanak argitaratu ziren”. Erakusketaren bidez, aldizkariaren ibilbidea gerturatu nahi diete zaleei, artista ezagunenen jatorrizko lanak baliatuta. Urria bukatu arte bisitatu ahalko da Itzubaltzetako kultur etxean. Museu Nacional D’Art de Catalunyatik zuzenean iritsi da Getxora. Beste lau erakusketa programatu dituzte beste horrenbeste lekutan.
Zurrumurrurik ez
Getxoko Udalak lau erakusketa horietako bat nabarmendu du: Calamos y viñetas: Comic árabe en movimiento. Zurrumurrurik Ez estrategiak eta Komiki Azokak elkarlanean antolatu dute. Helburu argia du: hainbat alor eta esparrutatik lan egin nahi dute xenofobia eta diskriminazioa prebenitzeko, eta, aldi berean, bizikidetza eta kultur aniztasuna hobetzeko lanean jardun nahi dute.
Etxe Arabiarraren eskutik iritsita, freskotasunez, irudimenez, berritasunez eta ausardiaz betetako komikiek osatzen dute erakusketa. Horrekin lotuta, gazteleraz idatzitako komikietan mundu arabiarraren iruditeria zer-nola azaltzen den aztertuko dute bihar. Estereotipoak izango dituzte eztabaidagai.
Zale gazteak, haurrak zein helduak asetzeko moduko egitaraua izango da, beraz, Getxon. Marrazketa saioak, irakurketak, komikiak egiten ikasteko tailerrak… Arte mota horren jarraitzaileek aukera zabala izango dute hiru egunetan.