Bertako dantzaren plaza

Bertako dantzaren plaza

Lander Muñagorri Garmendia

Antzerki eta dantza garaikidearen BAD jaialdiak euskal konpainien presentzia indartu du 21. edizioan. Hala azaldu dute, bederen, Alicia Otxandategi jaialdiaren zuzendariak eta Gonzalo Olabarria Bilboko Kultura zinegotziak. “Finkatuta daudenen eta euren lekua lortzen ari direnen presentzia indartu nahi izan du jaialdiak, eta horietako birekin ekoizpen lan propio bi estreinatuko ditu”, zehaztu zuten aurkezpenean. 21 konpainiaren lanak taularatuko dituzte, eta aukeratutako konpainien ia erdiak Euskal Herriko eszena berrian sar daitezkeela ere erantsi dute. Horregatik nabarmendu dute euskal sortzaileek presentzia handia izango dutela aurtengo edizioan. Atzo hasi zen jaialdia, eta hilaren 27ra arte iraungo du.

Euskal Herriko sortzaileen bi emanaldi ere estreinatuko dituzte BAD jaialdian. Horietako bat atzo ikusi ahal izan zen Fundicion aretoan: Legaleon-T eta Kolektibo Monstrenkoren ¿Hay alguien ahí?. Horrez gain, BADek beste ekoizpen lan propio bat ere estreinatuko du, gaur bertan, Pabiloi 6n: German Jauregi & Antia Diazen Rassenblement dantza emanaldia. Sortzaileek honela azaldu dute ikuskizunaren ildoa zein den: “Giza harremanak egungo bizitzan betetzen duten lekua aztertzen duten bi gorputz dira. Diskurtsoaren, sinesmenaren, pentsamenduaren edo abstrakzioaren aurrean, beste azal batekin kontaktua agertzen da, eta horrek bultzatu eta eutsi egiten zaitu; zuk ere, aldi berean, eutsi egiten duzu”.

Euskal Herriko konpainien proposamenen artean, BADen pieza berrien emanaldi gehiago ere egongo dira. Sorkuntza eszenikoari laguntzeko Bilbao Eszenaren Artistak egoitzan izeneko programaren barruan aukeratu ziren hiru proiektu taularatuko dituzte, hain zuzen: Bizkaiko bi konpainiarenak eta Gipuzkoako beste batena. Emanaldi horiek antzerkiaren, dantzaren, zirku garaikidearen eta performancearen barruan daude.

Node Gipuzkoako konpainiak, esaterako, Pugna eskainiko du etzi Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan. Dantza garaikidea, zuzeneko musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen performance pieza emango dute gipuzkoarrek. Bigarren proposamena Zirkozaurreko Gorka Pereiraren Tiempo emanaldia da. Dantzaren eta zirku garaikidearen bitartez “ikusleak bidaiatzera eramango dituen lana da”, sortzailearen arabera. Denbora ulertzeko modu ezberdinak sortuz, eta penduluaren mugimenduan oinarrituta, teknologia berriak hartzen ditu ardatz. Azkenik, asteazkenean La Dinamika artistak 3er acto lanaren aurrerapena eskainiko du. Dantza eta antzerki proposamen horrek, emakumeen inguruan egon daitezkeen aurreiritziak, gaiak eta ideiak lantzen ditu. Besteak beste, menopausia, zahartzeak dakarren bazterketa, ikusgai izateari uztea eta horrek guztiak dakarren gainbehera pertsonalean oinarrituta.

Eskaintza zabala

Euskal Herriko ekoizpenez gain, aparteko eskaintza egongo dela azaldu dute antolatzaileek. Alde horretatik, Igor & Morenoren Andante azpimarratu dute, Miguel Pereiraren Pieza para negocio lana, Antonia Baehr alemaniarraren Exit performancea, edo Ana Pi artista eta koreografo brasildarraren Noir Blue ikuskizuna.

Haurrentzako eskaintza ere egongo da hilaren 27an. Benetan Be taldeak umorea, poesia eta txontxongiloak uztartzen dituen Inondik inora eskainiko du.