Aurreko agintaldiaren jarraipena izango da

Aurreko agintaldiaren jarraipena izango da

Ibai Maruri Bilbao

Azken egunotan ibili dira Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak agintaldi honetan euren sailetan zer egin asmo duten azaltzen. Bizkaiko Batzar Nagusietan izan dira banan-banan. Oposizioak kritikatu du “oso berandu” hasi direla. Izan ere, Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta haren gobernua osatzen duten diputatuek ekainean hartu zuten kargua lau urterako. Xehetasun gutxi eman dituzte, eta aurreko agintaldian hasitako politiken “jarraipena” izango dela nabarmendu dute. Hona sail nagusiek izango dituzten ildo estrategikoak:

ENPLEGUA, GIZARTERATZEA
ETA BERDINTASUNA
Etxegabe “gatazkatsuak”

Teresa Laespada Enplegu Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak iragarri du etxegabeentzako aterpetxe bat zabalduko duela diputazioak “aurki”. “Muturreko bazterketa egoeran” dauden etxegabeentzat izango da, beste aterpetxeetan “egokitzeko arazoak” izan dituzten “gatazkatsuentzat”. Hogei lagunentzako lekua izango du. Dena den, enplegua izango da bere sailaren “erronka”. Hala, datozen lau urteetako bakoitzean 2,5 milioi euro gehiago erabiliko dira enplegu politiketarako; guztira, 20 milioi urteko. Iraupen luzeko langabeek, 45 urtetik gorakoek, andreek eta errefuxiatuek izango dute lehentasuna.

GIZARTE EKINTZA
Zahartzea, erronka

Gizarte Ekintzako Sailak arreta zerbitzua indartu beharko duela uste du Sergio Murillo diputatuak, populazioaren zahartzeak eskaera handitzea ekarriko duelako. Hala, mendekotasun egoeran dauden adinekoak zaintzeko sarea espezializatzea lortu nahi du. Elbarrien eta ezinduen parte hartzea indartu gura du. Mendekoak zaintzen dituzten senideentzako laguntzak indartuko dituela ere iragarri du. Baita adingabe babesgabeei zuzendutako esku-hartze programak ere.

IRAUNKORTASUNA
ETA INGURUNE NATURALA
Hondakinen plana helburu

Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuarentzat, klima aldaketaren aurkako borroka da “lehentasuna”. Herrialdearen karbono dioxido isurketak murriztu nahi ditu, baita energia alternatiboak sustatu ere. Baina haren sailak izango duen erronka nagusia Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko III. Plan Integrala osatzea izango da. Bien bitartean, falta diren hogei herrietara hedatu nahi du hondakin organikoen edukiontzi marroia; baita zuria ere, gabe dauden hiruretara. Pinuen gaitzari gertutik kasu egingo diote, eta, haren bilakaeraren arabera, basoen foru arau berria osatuko da. Landa inguruneko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere iragarri ditu, “teknologia berrien bidez”; bizitzeko leku erakargarria izatea gura du.

KULTURA, EUSKARA
ETA KIROLA
Ondarea oinarrian

“Ondarearen lurralde” bihurtu nahi du Lorea Bilbao Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak Bizkaia. Herrialdearen kultura ondarea gizarteratzeko proiektuak bultzatu nahi ditu; besteak beste, haitzuloetako margolanen interpretazio zentro bat zabalduko dute. Bizkaiko museoen sarea ere indartu nahi du: Euskal Museoaren eraldaketa izango da proiektu nagusia. Bizkaia elebidun bihurtzea ere badu helburu. Hori lortzeko, aparteko lana egingo dute gazteekin, etorkinekin eta kirolean. 2020ko Getxoko Munduko Sokatira Txapelketa ere gogoratu du Bilbaok.

MUGIKORTASUNA
Mugikortasun iraunkorra

Zuzendaritza berri bat izango du Garraio Sailak: Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Zuzendaritza. Miguel Angel Gomez Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak bizikletaz eta oinez egiten diren joan-etorriak sustatu nahi ditu. Besteak beste, oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen arteko bateragarritasuna lortzeko neurriak hartuko direla iragarri du. Bizkaibus da diputazioak bultzatutako garraiobide nagusia: autobus hibrido gehiago eskuratuko dituzte.

EKONOMIA
Hainbat ardatzetan

Industria, ekintzailetza, talentua, turismo jasangarria eta eskualdeen garapena. Bost ardatz horiek izango ditu Ekonomiaren Sustapenerako Sailak, Ainara Basurko diputatuaren hitzetan. Ekintzailetza sustatzeko “ekosistema” bat sortu nahi du, eta horretarako tresna nagusia 2021ean inauguratuko den Bizkaia Dorrean egongo da: Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa. Ekonomia eskualde guztietan modu orekatuan bultzatu gura duela esan du. Horregatik, tokian tokiko eragileekin plan bereziak taxutuko dituzte.

ADMINISTRAZIO PUBLIKOA
Suhiltzaile parke berri bi

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak Europako erreferente bihurtu nahi du Bizkaia larrialdi zerbitzuetan. Horretarako, “punta-puntako teknologia” duten suhiltzaile parke berri bi egingo dituzte, Zallan bata eta Arratzun bestea. Udalen digitalizazioa ere bultzatuko du. Agintaldi honetan foru funtzionario taldearen %17 berritu beharko da, erretiroengatik.

AZPIEGITURAK
Bilbo aldeko saihesbidea

Bilboko hegoaldeko saihesbidearen luzapena eta itsasadarraren azpiko tunela izango dira agintaldiko proiektu nagusiak. Ibilgailuen eta errepideen arteko konektibitate digitala ere sustatu nahi du Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Errepide plan berria eta bidegorriena ere igarri ditu.