Memoria erein eta zabalduz

Memoria erein eta zabalduz

Ane Maruri Aransolo

Poloniako Auschwitz Birkenau kontzentrazio esparrua II. Mundu Gerrako sarraskiaren irudirik ezagunenetakoa da. Eta Gernika-Lumori, berriz, 1936ko gerran bonbardatu zutenez geroztik, Bakearen Hiri esaten zaio. Bonbak zerutik iritsi ziren Busturialdeko udalerrira, eta babeslekuetan gorde ziren 1937ko apirilaren 26an Gernikan zeuden herritarrak. Orain, baina, babesleku horietako batek Auschwitzeko kontzentrazio esparruan gertatutakoa gordetzen du. Biktima haiek Polonian sufritu zutena erakusten du, memoria historikoa erein, landu eta zabaltzeko asmoagaz.

Kulturarako fabrika sozialaren ondoan dagoen Astrako babeslekuan, ikasturte bukaerara arte ikusi ahalko da Alemaniako nazien heriotzaren esparrua. Konzentrationslager Auschwitz erakusketa. Heriotzaren fabrika delakoan gertatutakoaren berri jakiteko, aurrez izena eman behar da www.auschwitz.online helbidean. Erakusketa ikusteko aukera bakarra izango da Euskal Herrian; Bizkaitik Espainiara eroango dute.

Auschwitzen preso zeudenen bizimoduak ezagutarazten ditu erakusketak. Argazkietan oinarritutako proiektua da, baina arduradunek kontaerari ematen diote berebiziko garrantzia. “Argazkietan egoerak islatzen dira, baina gertaeren zergatiak ezagutzea beharrezkoa da, gertaeren aurrean kritikoagoak izaten ikasteko”, diote APTC elkarteko arduradunek.

1930. urtetik abiatuta eta 1945. urtera arteko epean, eremu horretan gertatutakoak lantzen ditu proiektuak. 30 informazio oholetan banatuta, taula bakoitzarekin hausnarketa prozesu batera bideratzen ditu ikusleak; presoen bizipenak zein gerran naziek eragindako sarraskiak batzen dituzte. Kontzentrazio esparruaren sorrera landuko dute lehenengo, eta, horretarako, Europako historia ezagutaraziko diete bertaratzen direnei. Bigarren atalean, berriz, Holokaustoaren nondik norakoak landuko dituzte, eta kontzentrazio esparruaren eremua zelan hasi zen ezagutuko dute. “Kontzentrazio eremu txiki bat zena industria fabrika nola bihurtu zen landuko dute bertaratzen direnek”, zehaztu du Eduardo de Ocampo erakusketako komisarioak.

Kontzentrazio eremuaren mugak aztertu ondoren, bertan preso zeudenen bizipenak ikusiko dituzte. Norbanakoen esperientziak eta ikuspuntuak jasoz. Hala, garai haietako gosea, zigorra eta sufrimentua nolakoak ziren ikassiko dute. Gogoeta prozesua bultzatu gura dute, gertaerak ezagutzeaz gain, jarrera kritikoa bultzatzeko.

Erakusketaren azken atalean, berriz, erresistentzia mugimendua jorratuko dute. Ez bakarrik Auschwitzekoa, baita inguruan bizi zirenen herritarrena ere.

Hezkuntza esperientzia

Gertatutakoa ezagutarazteaz gain, Auschwitz Birkenau kontzentrazio esparruari buruzko hezkuntza esperientzia bultzatzea helburu duen erakusketa da honako hau. Hori horrela, jarduera didaktikoak eta jolasak egingo dituzte, babeslekuan ikusitakoari buruzko gogoetan sakondu ahal izateko.

Ikasleek II. Mundu Gerra lantzeko aukera “desberdin bezain eraginkorra” izango dutela esan du Ocampok, “liburuz gaindiko beste esperientzia bat delako”. Izan ere, Holokaustoaren nondik norakoak eta gerrako gertaerarik garrantzitsuenak landuko dituztela adierazi du. Halaber, ikasleekin gaur egungo egoerak landuko dituzte, baita arrazakeriari eta biolentziei buruz hitz egin ere.

Iragana lantzeko beharra

Pioter Cywinski Auschwitzeko Birkenau Museoko zuzendariaren berbetan, beharrezkoa da iragana gogoratzea etorkizunean hobeto jokatu ahal izateko: “Iragana ezagutzen ez duenak ezin izango du oraina ulertu, ez eta etorkizunari buruzko hausnarketa bat egin ere”. Hala, iraganeko ikurrak gogoratzea beharrezkotzat jotzen du, eta, harentzat, horietako ikur bat da Auschwitz: “Nola jokatu ez dakigunean, zer egin behar den ez dakigunean, iraganeko ikurrek laguntzen dute hori erabakitzen”.

Gaur egungo politikak eta jokabideak ez direla “zuzenak” uste du, eta horiek zuzentzeko bidea iragana ezagutzea dela iruditzen zaio. Hori horrela, erakusketa Poloniako mugetatik at zabaltzea erabaki dute.

Esan du errefuxiatuen inguruan Europako herrialdeek ez dituztela erabaki onak hartu: “Informazio asko daukagu, eta munduan zehar zer gertatzen ari den badakigu. Hala ere, duela bi urte Birmaniako genozidioan 50.000 pertsona hil eta 150.000 zauritu ziren. Hainbat dira euren herrietatik ihesean dabiltzanak, eta Europako herrialdeek ez dugu ezer egin horren aurka”. Behar dutenei laguntzeko gero eta ahalegin txikiagoa egiten dela esan du, eta beharrezkotzat jo du erakusketaren zeregina.

Marzenna Adamczy Poloniako enbaxadorea da Espainian. Bat dator zuzendariak esandakoagaz, eta biktimen memoria gorde eta zabaldu egin behar dela esan du. “Polonian, 1930eko hamarkadan gertatutakoa Europako historiako unerik negargarrienetakoa da”. Sarraskien biktimak behar bezala gogoratzeko balio du erakusketak, “berriro horrelakorik ez gertatzeko”.

Izan ere, Auschwitzeko kontzentrazio esparrua zutik mantendu izana aprobetxatu egin behar dela uste du: “Gerra bukatu zenean, agintariek kontzentrazio esparruekin zer egin behar zen erabaki zuten, etorkizunean hori lantzeko. Gazteei zein helduei gertatutakoa erakutsi behar zaie. Memoria errespetatu eta zabalduz”.

Auschwitzeko testigantzek, dokumentuek eta argazkiek horietako batzuk inoiz argitaratu gabeak Gernika-Lumo izango dute aterpe hurrengo hilabeteetan, eta horrek zerbaiterako balio izatea gura badute, horrelakorik berriro ez gertatzeko. Udalerriak eta Auschwitzek, bateko zein besteko biktima zein biztanleek bizitakoa ez errepikatzeko, alegia. Horregatik, gaurko joera politikoen aurrean, jarrera propio bezain kritikoak izateko aldarria zabaldu dute: “Ezin da ahaztu Gernikak eta Auschwitzek esan gura dutena: errautsetatik jaio dira”.