“Tumorearen barruan ere desberdintasunak daude, zelula anitz”

“Tumorearen barruan ere desberdintasunak daude, zelula anitz”

Natalia Salazar Orbe

Bularreko minbiziaren kontrako seigarren lasterketa egingo du Acambi elkarteak, etzi, Bilbon. Bularreko Minbiziaren Bizkaiko Elkarteak bost kilometroko ibilbidea prestatu du Guggenheim museoaren, Euskalduna jauregiaren eta udaletxearen artean. Aurreikuspenek gainezka egin diete, eta arrakasta handia izan baitu deialdiak. 0 dortsala ere izango da lasterketan parte hartzerik ez dutenentzat, eta diru ekarpena egiteko aukera ere bai Laboral Kutxako kontu korronte batean: ES51 035.0083.27.0830034765. Prebentzioan eta ikerketan indar egin nahi dute aurten ere. Horretarako, kirola egitearen garrantzia azpimarratu dute Acambi elkarteak zein ikerkuntzan burubelarri ari den Maria del Mar Vivanco doktoreak. CIC Bioguneko ikerlaria da bera. Bularreko minbiziari aurre egiteko garrantzitsua izan daitekeen hipotesi bat dute esku artean hark eta haren taldeak.

Bularreko minbizi batzuek ez diote erantzuten terapiari. Zergatik gertatzen da hori?

Galdera ona da. Horri erantzuten saiatzen ari gara. Azken urteetako ikerketari esker jakin dugu bularreko minbizia oso gaixotasun konplexua eta heterogeneoa dela. Ez soilik pazienteei dagokienez, hori jakina zen lehenagotik ere; baita tumorearen barruari dagokionez ere. Desberdintasunak daude pazienteen artean hainbat mailatan, baita maila genetikoan ere. Eta tumorearen barruan ere desberdintasunak daude; zelula anitz daude. Zelula horietako batzuek ama zelulen ezaugarriak dituzte. Guk ama zelula kantzerigenoak deritzegu. Jakin badakigu zelula horiek tumoreak sortzearen arduradunak direla, eta ditugun terapiekiko beste zelulak baino sendoagoak. Hori guztiori azken urteetan CIC Biogunen egin ditugun ikerketei esker dakigu. Duela gutxiko ikerketak dira eta horiekin lanean jarraitzen dugu.

SOX2 proteina identifikatu duzue, eta hipotesi baten gainean lanean ari zarete. Zein da zuen hipotesia?

Hipotesia da SOX2 proteinaren maila handiak dituzten zelulak erresistenteagoak zaizkiola hormonen terapiari, terapia endokrinoari. Baditugu datu batzuk hori iradokitzen dutenak, eta ikertzen jarraitzen dugu hori egiteko zer-nolako mekanismoa darabilten ulertzeko. Eta, batez ere, aurkitu nahi duguna da nola saihets dezakegun zelula horien portaera hori.

Beraz, zuen hipotesia baieztatuko bazenute, lanean jarraitu beharko zenukete zelula horien portaera saihesteko?

Bai. Bi atal eratortzen dira hipotesi eta proiektu honetatik. Batetik, baliteke SOX2 hau erresistentzia biomarkagailu bat izatea. Hau da, baliteke lagungarri izatea hormonen terapiekiko erresistentzia garatzeko arrisku handiagoa duten emakumeen tumoreak identifikatzeko. Hori konfirmatu nahiko genuke paziente kopuru handi batekin —horretan ari gara orain, Acambi elkartearen laguntzari esker—. Espero dugu baieztatu ahal izango dugula SOX2 erresistentzia biomarkagailua dela. Hori oso erabilgarria izango litzateke.

Bestalde, arrisku handiagoa duten tumore horiek identifikatu ostean zer egin aztertu behar da. Horretan ere lanean ari gara. Proteina horren jarduera murrizten lagunduko diguten inhibitzaileen bila ari gara. Beraz, erresistentzia biomarkagailuaz gain, diana terapeutiko posible bat balitz legez ari gara lanean proteina horrekin.

Ikerketak garrantzitsua dirudi.

Bai, hala da. Hastapeneko ikerketa nazioartean oihartzuna duen aldizkari batean argitaratu zuten, eta lanean jarraitzen dugu lehenago baino paziente gehiagorekin, garrantzitsua baita ebaztea SOX2 ea erresistentzia benetan biomarkagailu bat izan daitekeen. Aldi berean, diana terapeutikoa delako ustearekin lanean dihardugu.

Bularreko minbizia zerk sortzen duen ez dakizue oraindik, ezta?

Ez. Arrisku faktoreetako askoren berri dugu. Horietako batzuen aurka ezin dugu ezer egin. Besteak beste, emakume izateagatik bularreko minbizia garatzeko gizonek baino arrisku handiagoa daukagu. Badira, ordea, alda daitezkeen zenbait faktore. Horien gainean eragiten saia gaitezke. Besteak beste, badakigu ariketa fisikoa egitea, dieta zaintzea edota bizitza osasungarria egitea beste gaixotasun eta minbizi batzuk saihesteko garrantzitsuak direla. Bada, bularreko minbiziaren testuinguruan ere faktore garrantzitsuak dira. Horregatik da garrantzitsua Acambiren lana. Ikerketa babesteaz gain, ariketa fisikoa ere sustatzen dute lasterketaren bidez. Izan ere, uneotan bularreko minbizia prebenitzeko ez bada, minbizia agertzeko arriskua murrizteko edo gaixotasun hori izan duena berriz gaixotzea saihesteko bide bat ariketa fisikoa egitea da.

Zer faktorek areagotzen du bularreko minbizia pairatzeko arriskua?

Emakumea izateaz gain, gero eta nagusiago egin ahala, mutazioak pilatzeko eta gaixotasun bat garatzeko arrisku handiagoa dago. Horrez gain, faktore batzuk babesleak dira: seme-alabak izatea, kasurako, baldin eta umeok gazte izaten badituzu. Bularra ematea ere faktore babeslea da. Bestalde, ez dago erabat argi eragina duten, baina pilula antisorgailua edo ordezko hormonaren terapia arrisku faktore gisa hartzen dira. Horien arrisku mailari buruzko eztabaidak zabalik daude; ez dago argi benetan arrisku handia dakarten edo ez. Eztabaida irekita dago.

Ba al dago bestelako ikerketarik gailu hormonalen eraginari buruz?

Aurretik aipatutako bi horien gainekoak dira ikerketarik argienak. Beste elementuren bati buruzko nahikoa datu argirik ez dago. Pilula antisorgailua ere testuinguru egokian kokatu behar da. Izan ere, pilulak arazoak sor zitzakeela erakusten zuten ikerketek duela zenbait urteko formulak hartzen zituzten kontuan. Eta horiek gaur egun erabiltzen direnak baino hormona maila altuagoak zeuzkaten. Beraz, pilula aipatzen dugunean kakotx artean egin behar dugu. Izan ere, alarma sor dezake, eta arrisku areagotzea txikia da.

Zer-nolako laguntza duzue era horretako ikerketak egiteko?

Acambi elkartearen babesa oso garrantzitsua da, eta azpimarratu egin nahi dut. Guretzako ekarpen handia dira babesa bera eta lasterketaren bidez lortzen den dirua. Horrez gain, estatuko eta Euskadiko proiektuen babesa ere badaukagu.

Zer esango zenieke igandeko lasterketan izango direnei?

Eskerrak bihotzez Acambi elkarteari eta igandeko lasterketan parte hartzen duten guztiei. Euren babesa oso garrantzitsua da gure ikerketarako. Ikerkuntza horretan buru-belarri jarraituko dugula agintzen diegu. Minbizi mota horren arriskua murrizten saiatuko gara, eta bizi iraupena handitzen.