Peru Azpillaga Diez
Gorputegi hutsa zen, ez zegoen inolako laguntzarik, ezta zerbitzurik ere; emakumeak lurrean erditzen ziren, eta seme-alabak besoetan nola hiltzen zitzaizkien ikusten zuten”. Milaka izen desagertu ziren 1936ko gerran; hala nola horien baitan gordetako istorio eta bizipenak. Oraindik ere ezezagunak dira gerra hartan bizi izandako hamaika pasarte. Kontaezinak, irekita dauden zauriak. Horregatik, urteak pasatu arren, indarrean diraute ahanzturan eroritako herritarren memoria berreskuratzeko ahaleginek, historiaren pisuak lurperatutako izenak loratzeko ariketek.
Hori da, hain zuzen ere, Ascension Badiola Ariztimuño idazle eta historialariak (Bilbo, 1961) Individuas peligrosas liburuaren bidez lortu nahi duena: Euskal Herriko memoriaren zatitxo bat berreskuratzea. Oroimenaren eraikuntzari bere ekarpena gehitzea. “Zornotzan bertan, gutxi izango dira Karmelo ikastetxea emakumeentzako espetxe izan zela dakiten pertsonak”, baieztatu du Badiolak. “Eta, are gutxiago, frankismoko emakumeen kartzelen sarearen baitan zegoen eraikin hartan milaka pertsonak bizi izandako sufrimenduaz”, azaldu du liburuaren zergatiaz galdetuta.
Izan ere, Badiolarena da Zornotzako emakumeen kartzelaren inguruan argitaratu den lehenengo lana. Dokumentazio guztia galduta dago, eta txinaurri lana egin behar izan du osatzeko. Orain arte, ezer gutxi jakin ahal izan da espetxean jazotako gertakariei buruz; Badiolaren ahaleginari esker, baina, bertan egondako 1.200 izen berreskuratu ahal izan dira. “Zornotzako kartzela ez zen anekdotikoa izan”, nabarmendu du. Frankismoak osatu zuen emakumeentzako espetxe sistemaren muinean zegoen. “Espainiar estatu osoko norbanako arriskutsuak giltzapetzeko erabili zuten”. Iparraldeko presondegietako bat zen, Saturraran (Mutriku, Gipuzkoa) eta Durangokoarekin batera. “1939tik 1947ra bitartean erabili zuten, eta oso fama txarra zeukan”.
Garai hartan, estatu frankistak emakume “arriskutsuak” atxikitzeko espetxe sare bat osatu zuen: Herrialde Katalanak, Andaluzia, Madril… hainbat ziren estatuan zehar sakabanatutako kartzelak. Asko famatuak egin ziren, erabiltzen zuten biolentzia dela eta. “Adibide oso esanguratsuak daude, hala nola Madrilgo Ventas espetxeko Hamahiru Arrosen kontua edota Malagako espetxean emakume gorrien gen berezia aurkitzeko egindako esperimentuak”, adierazi du Badiolak. Sare horren baitan iparraldeko kartzelek ere “fama bereziki txarra” zutela ohartarazi du. “Zornotzakoa bereziki gogorra zen, ahaztuenetarikoa izan zelako; pentsa, mediku bakarra zegoen, eta heriotzak egiaztatzea zuen lan bakarra”.
Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako emakumeak jaso zituen. “Madrilen horiak izena jarri zieten hango presoei, goseak eta hainbat gaixotasunek jota zeudenez kolore txarra zutelako”. 1.200 izen berreskuratu ditu Badiolak, baina Zornotzako espetxean askoz emakume gehiago izan ziren: “Mugimendua etengabekoa zen, kartzela batetik bestera zituztelako beti”.
Testigantzarik ez
La represión franquista en el País Vasco izeneko tesia idatzi zuen Badiolak orain dela bost urte. Agiri eta bizipen andana bildu zituen horretarako. Aurkeztu eta gutxira, ordea, emakumeen presentzia urria zela iruditu zitzaion: “Oso informazio gutxi nuen, Saturrarani buruzkoa baino ez. Horregatik, zerbait gehiago egin behar nuela erabaki nuen; orduan, Zornotzatik hitzaldi bat emateko deitu zidatenean sortu zen liburuaren ideia”.
Bere lana garatu ahal izateko, berriz, Tomasa Cuevas militante komunistaren bizipenak funtsezko garrantzia izan duela ere azpimarratu du Badiolak. Izan ere, norbanako arriskutsuak izendatzen zituzten, eta, horren baitan, mota guztietako emakumeak sartzen ziren. Ezkerreko emakumeentzako kartzelak izan arren, haietako asko ez ziren politikoki aktiboak. “Aski zen frontean egondako senitarteko bat izatea”.
Tomasa Cuevas, ordea, militante sutsua izan zela esan du. Beste hainbat espetxeren artean, Zornotzan ere izan zen. “Gose greba bat ere antolatu zuten bertan, ur beroa baino ez zietelako ematen jateko”. Bizi bitartean, Cuevas berarekin batera preso izandako emakumeen testigantzak biltzen ibili zela erantsi du Badiolak: “Hori izan nuen abiapuntua, gerora beste kartzeletako espediente eta ikerketekin osatu dudana”.
Berriro ere espetxeko egunerokotasunari lotuz, emakumeen eta gizonen presondegien arteko ezberdintasunez mintzatu da Badiola. Alde nagusietako bat Elizak jokatutako papera dela gogoratu du. “Emakumeen espetxeetan mojek egiten zituzten zuzendaritza lanak. Zornotzan, esaterako, kudeaketaz arduratzen ziren, diziplina eta zigorrak ezartzen zituzten, eta baldintzapeko askatasuna ere haien esku zegoen”.
Sufrimenduak genero aldetik bereizketarik ez duela esan arren, Badiolak emakumeen eta gizonezkoen espetxealdiak desberdinak zirela azaldu du. “Lau hormen artean sartuta ematen zuten eguna, beti itxita eta inora irteteko eskubiderik gabe; asko, gainera, seme-alabekin batera zeuden giltzapetuta…”.
Liburua osatzeko egindako ikerketa lan eskergarekin gustura azaldu den arren, damu da testigantzak bildu ezin izanaz. Hango presoen lekukotzarik ez duela lortu zehaztu du. Izan ere, Zornotzatik igaro ziren gehienak Euskal Herritik kanpokoak ziren, eta, gainera, dagoeneko hilda daude asko. Hala ere, frankismoan ahazturiko pertsonen memoria berreskuratzeko ariketen garrantzia azpimarratu du. “Gerran senitartekoren bat galdu zuten pertsonen mezuak jaso ditut. Batzuk nire lanei esker topatu dituztela esan didate, eta hori, benetan, oso hunkigarria izaten da”.