Bilbon zeuden, Bilbo dira

Bilbon zeuden, Bilbo dira

Ibai Maruri Bilbao

Lursailak konde batenak omen ziren. 1950 eta 1960ko hamarkadetako immigrazio masiboen garaian izan zen. Jendeak lursailak erosten zizkion konde horri, eta era klandestinoan egiten zituen etxeak”, gogoratu du Loli Marimonek. Berak ez zuen garai hura ezagutu. 1970eko hamarkadan joan zen hara bizitzera Agus Perez bikotekidearekin, eta auzokoek kontatu zioten. Baimenik gabe eraiki ziren, eta hala egon dira orain arte Bilboko Betolaza auzoko 57. zenbakitik 127. zenbakira arteko etxe guztiak. Joan den iraileko osoko bilkuran onartutako hirigintza ordenantza berriak legeztatu ditu. Hiriburuan egoera horretan geratzen ziren azken etxebizitzak dira. Denak aldapan eraikita daude, eta familia bakarrekoak dira. 150 lagun inguru bizi dira.

Auzoak premia asko ditu, bizilagunen esanetan. Maite San Jose da Betolazako auzo elkarteko presidentea. “Beti egon gara ahaztuta. Edozer behar bagenuen, udalera deitu eta deitu ibili behar izan dugu. Ados: etxe batzuk hirigintza ordenamendutik kanpo egon dira. Baina gainontzekoak ez, eta haiek izango zuten eskubiderik, ezta?”. Mendian gora dago Betolaza. Eta gaur egun duen arazorik handiena irisgarritasuna da. Bilbobus linea batek lotzen ditu Bilbo erdigunearekin. Igogailu publiko bat dute azpian dagoen Uretamendira, eta handik beste bat Errekaldera jaisteko. Baina auzoan bertan, ordenamendutik kanpo egon diren etxeen arteko komunikazioa oso txarra da.

Auzokoek eurek egindako eskailerak dira batetik bestera joateko modu nagusia. Duela bost bat urte, udalak errepide bat eraiki zuen etxe horien artean, eta aparkalekuak ere egin zizkien. Horrek asko hobetu zuen irisgarritasuna. Orain, Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatuko diote, etxe arteko kalexketako irisgarritasuna hobetzeko. “Erabilera publikoa duten kalexka pribatuak dira; beraz, hobekuntzak geuk ordaindu behar ditugu. Horretarako eskatu ditugu diru laguntzak, eta, diru horrekin, udalak egingo ditu obrak. Hala esan ziguten bilera batean”, azaldu du Marimonek.

Javier Llanaren ustez, udalak bere betebeharrak bete ditu, erdigunetik aparte dauden auzoek gabeziak izan badituzten arren. “Gure bizi kalitatean ez du eragin. Leku onean bizi gara: hirian baina mendian, natura dugu atarian, eta sekulako isiltasuna; baina horrek, derrigorrean, irisgarritasun arazoak dakartza. Dena ezin dugu eduki”. Hala ere, uste du autoarekin traba horiek desagertzen direla. Berak beste arazo bat ikusi dio ordenamendutik kanpo egoteari: “Mailegu hipotekario bat eskatzean, bankuek ez zuten berme modura onartzen; ez dute uste ordenamendutik kanpoko etxe bat hipotekatu daitekeen ondasun bat denik. Orain, arazo hori desagertuko zaigu”.

Perezen esanetan, ordenamendutik kanpo egoteak ziurgabetasuna eman die. “Ez ziren legez eraikitako etxeak; beraz, udalak edozein momentutan erabaki zezakeen gu hemendik bota eta etxeak eraistea. Urteak pasatu ahala, sentsazio hori lausotu da”. Azken urteetan indar handia egin dute bizilagunek, udalak konponbide bat eman ziezaien. Udalak etxeak eraitsi eta etxebizitza blokeak egin nahi zituen, familia guztiak horietan sartzeko. Baina auzokoek ez dute onartu. “Auzo honetan pisu batean sartu behar badut, nahiago dut beste auzo batera joan. Hemen gustura bizi naiz nire etxea dudalako, eta ez dudalako bizilagunik ez gainean ez azpian. Bi solairuko etxea dugu, guretzat bakarrik”, azaldu du Elsa Angosek.

Ez du uste ordenamendutik kanpo egon izanak kalterik eragin dionik. Ezta mesederik ere. Bere irudiko, auzoak behar duena etxebizitzak zaharberritzea da. Eta uste du egungo egoera bizilagunen utzikeria dela. “50 urte baino gehiago dituzten etxebizitza guztiak behartu ditu Eusko Jaurlaritzak azterketa teknikoa pasatu eta egokitze lanak egitera, eta nabaritzen da aldea”. Perezek azaldu du orain arte zer geratu den. Bizilagunak etxerik gabe geratzeko beldur ziren: “Botako badizkigute, zertarako egin konponketak? Orain, ziurtatu digute ez dituztela botako, eta konpontzen hasi da jendea”.

Auzotarrek eraikitakoa

Marimon eta Perez auzora joan zirenean, ordenamendutik kanpo egon diren etxeek ez zuten ur hornidurarik eta ez zeuden estolda sarera lotuta. “Pilar Kareaga alkate zenean [1969-1975], iturriak jarri zituzten, eta auzokoek iturrietatik hodiekin eraman zuten ura etxeetara. Auzolanean egin zen guztia. Hiru etxe baziren kalexka batean, hiru etxeetakoek egiten zuten”, gogoratu du Perezek. Estolderia sarearekin ere beste horrenbeste gertatu zen: eurak auzora iristean, komunik ere ez zuten etxeetan.

Gogoan dute 1977an auzotarrak udaletxera jaitsi zirenekoa, asto gainean, autobusa eskatzera. Autobus publiko batera igo, eta euren auzora joateko eskatu zioten gidariari. Esana bete zuen hark. “Orain asko galdu da auzolan hori”, penatu da Perez. “Baina ordenantzan sartzeko eskaera prozesuak apur bat suspertu du”.