Iragan liskartsua atzean utzi nahian

Gotzon Hermosilla

Joan den astean gobernu akordioa sinatu zuten EAJk eta PSE-EEk, Barakaldoko Udala elkarrekin gobernatzeko. Hitzarmena, bistan da, bi alderdiek duten harreman onaren ondorio logikoa da: elkarrekin ari dira Jaurlaritzan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan eta udal gobernu nagusietan, eta pentsatzekoa zen Bizkaiko bigarren udalerria ez zela horretan salbuespen izango. Baina gauzak ez dira diruditen bezain errazak, Barakaldon bi alderdiek oso harreman gatazkatsua izan baitute azken urteetan.

1990eko hamarraldian, Carlos Pera sozialista alkate zelarik, gobernu itunak egin zituzten sozialistek eta jeltzaleek behin baino gehiagotan. Baina gero harremana mikaztu egin zen. Bi arrazoi egon ziren horretarako. Alde batetik, ez da ahaztu behar Barakaldoren garrantzi estrategiko eta sinbolikoa: Bilboren ostean Bizkaiko udalerririk populatuena da, historikoki PSE-EEren gotorleku izandakoa, eta sozialistentzat hari eustea bezain garrantzitsua zen jeltzaleentzat alkatetza berreskuratzea —jeltzalea izan zen trantsizioaren osteko Barakaldoko lehen alkatea—. Lehia hain estua eta gogorra izateak ez zuen laguntzen bien arteko harremanak samurrak izan zitezen.

PSE-EEko Alfonso Garcia alkatetzara iritsi zenean, 2013an, asko tenkatu ziren haren eta oposizioko buru Amaia del Campo jeltzalearen arteko harremanak. 2015eko udal hauteskundeak inoizko estuenak izan ziren Barakaldon, eta Del Campo Garciari gailendu zitzaion, oso tarte eskasagatik gailendu ere: 70 boto inguru.

Barakaldoko sozialistentzat oso gogorra izan zen alkatetza galtzea, eta are gogorragoa PSE-EEren zuzendaritzak agindu zienean jeltzaleen gobernuari trabarik ez jartzeko. Garai hartan, ituna sinatua zuten EAJk eta PSE-EEk, instituzio guztietan elkarrekin aritzeko, eta buruzagi sozialistak ez zeuden prest eskema horretan salbuespenik egiteko. Gogoz kontra, baina Barakaldon sozialistek boto zuria eman zuten Amaia del Campo alkate izendatzeko bozketan.

Behartutako harreman horrek ez zuen asko iraun. Handik gutxira, Barakaldoko sozialistek apurtutzat eman zuten jeltzaleekin egindako akordioa, eta berriro itzuli zen liskar giroa udalera. Barakaldo Irunekin batera izan zen PSE-EAJ itunak huts egin zuen toki bakarra.

Azken udal hauteskundeetan, sozialistek Alfredo Retortillo sailburu izandakoa aurkeztu zuten hautagai, alkatetza berreskuratzeko asmoz. Apustua ez zen ondo atera, EAJ errazago gailendu baitzen bozetan; baina argi zegoen Retortillo ez dela Garcia, eta koalizio gobernu batean aritzetik zetorren hautagai batekin errazagoa izango zela bi alderdien arteko harreman txarrak onbidera ekartzea.

Orain badirudi iragan liskartsu hori atzean utzi nahi dutela. PSE-EAJ koalizioak Barakaldoko Udalean dauden 27 zinegotzietatik 19 ditu eta, beraz, horrek asko erraztuko dio bidea Del Campo alkateari. Gobernu Batzordean, berriz, hamabi sailetatik lau izango dituzte sozialistek, horien artean Hirigintza eta Enplegua. Denak irabazle.

Operazioak baditu bere arriskuak, noski. Orain, ezkerreko oposizioa Irabazi-Ahal Dugu eta EH Bilduren eskuetan geldituko da; baina sozialistek badakite beste erakunde batzuetan jeltzaleekin batera jarduteak ez diela aparteko higadurarik ekarri, eta itxaropena dute Barakaldon ere berdin gertatuko dela.

Bitartean, lehenengo kritikak azaleratu dira. Berri Otxoak pobreziaren eta bazterkeriaren kontrako plataformak salatu du gobernu itunaren ondorioz asko handituko direla Gobernu Batzordea osatuko dutenen diru sariak —250.000 euro gehiago; orotara, 1.015.000 euroko gastua—, eta elkarretaratzea egin zuten joan den asteartean, horren aurrean protesta egiteko.