Pertsonen arteko zubiak

Pertsonen arteko zubiak

Natalia Salazar Orbe

Herri bateko hizkuntza ezagutzea da herri horretako ikuspegirik zabalena antzemateko bidea. Horrez gain, bertako kulturara gerturatu eta hori ulertu eta barneratzea ere lagungarria da integraziorako bide horretan. Elkar ezagutza sustatu eta harremanak saretzeko aukera ematen die horrek, bai bere herria atzean utzi duen etorkinari, bai iritsi berri hori berean herrikide gisa hartuko duen lagunari. Egoera horretaz jabetuta, Bizilagunak proiektua darabilte martxan Getxon, hainbat urtetan.

Bizilagunen Bazkariak egitasmoarekin egin zituen hastapenak proiektuak, bazkari baten inguruan herrialde eta kultura anitzetako familiak elkartuta. Bide luzea egin du orduz geroztik, Getxoko Udalaren, Getxoko Etorkinen Plataformaren eta Egizu Getxo Euskaldun elkartearen eskutik. Elkarbizitza hobetzea, parte hartzea ahalbidetzea, diskriminazioa prebenitzea eta aniztasunaren indarra aprobetxatzea, horiexek egitasmoak finkatu dituen helburuak. Hori guztia lortu nahi dute herritarren pertzepzioak, jarrerak eta portaerak aldarazteko.

Emakume gazteak dira bereziki proiektuak antolatzen dituen jardueretara batzen direnak. Hala azaldu du Ainhoa Romarate Egizu Getxo Euskaldun elkarteko dinamizatzaileak. “Ama diren asko etortzen dira. Batez ere emakumeak dira parte hartzen dutenak, ia denak; euskaldunak zein migratuak. Eta familiak. Familia arloan garatzen da, eta umeek ere harremanak garatzen dituzte. Oso polita da”.

Joan den asteburuan elkartu ziren azkenekoz, Munduko Arrozak egitasmoaren barruan. Eta aurrera begira ere hainbat saio zehaztuak dituzte. Mila Zapore dute hurrengoa. “Munduko toki anitzetako platerak kozinatzeko elkartzen gara. Pertsona batek azaltzen du nola kozinatzen den, nondik datorren platera. Taldeetan banatu, eta talde bakoitzak plater bat egiten du. Kozinatu ostean, denok batzen gara elkarrekin afaltzeko”.

Bestearena ezagutu eta norberarena ezagutarazteko helburu horri garrantzi handia ematen dio egitasmoak. Hori lortzeko, irtenaldi kulturalak egiten dituzte. Besteak beste, iaz Durangoko Azokara egin zuten txangoa. “Hona etorri diren pertsona askok ez zuten ezagutzen azoka. Beraiei gure kultura gerturatu, ezagutarazi eta azaldu nahi diegu”. Azokaren historia ezagutzeaz gain, harremanetan sakontzeko ere baliagarritzat dituzte era horretako irteerak.

Bestalde, Euskal Herriko hainbat lekutan galdua edo desitxuratua zegoen Gau Beltza baliatuko dute kulturen arteko harremanean sakontzeko. Hego Amerikan tradizio den Hilen Gaua eta Euskal Herriko Gau Beltza ezagutu eta uztartuko dituzte azaroaren 2an. Liburutegiak Topaleku jarduera baliatuko dute horretarako. “Liburutegia aitzakia hartuta kultura anitz elkartzen gara. Dantzak egiten dira, ipuin kontalariak izaten dira; iaz, txalaparta ikastaroa izan zen, janaria dastatzeko aukera ere izaten da… Eta garrantzitsuena: elkartu egiten gara”.

Getxoko folk jaialdiaren inguruko Munduko Terrazak ere batzuk eta besteak elkartzeko beste aukera bat da. “Karpa handi batean, munduko hainbat herrialdetako janaria kozinatzen dute. Getxoko Etorkinen Plataformak antolatuta, Boliviako, Filipinetako, Marokoko eta beste hainbat lekutako janaria prestatzen da, eta plateron zergatiaren berri ematen dute”.

Topaketa bakoitzaren ostean, inkesta bat egiten dute, erabiltzaileen iritzia jasotzeko. “Feedbacka oso positiboa izaten da”. Dena den, parte hartzaileak gustura dauden seinalerik argiena zein den azaldu du Romaratek: “Gero eta pertsona gehiagok hartzen du parte, eta gero eta jarduera gehiago eskatzen dituzte”.

Gazte talde amazig baten bilakaera ekarri du gogora, proiektuaren eragina agerian uzteko: “Herrian parte hartze aktiboa izaten hasi dira. Esaterako, Algortako jaietako jaitsieran parte hartu zuten. Munduko Arrozen egunean ere izan ziren, eta Txoria txori abestu zuten. Harremana sortu da gazteen eta kuadrillen artean”.

Getxo kulturartekotasunaren herri bilakatzeko helburuarekin, hamabost urte daramatza udalak. Bizilagunak proiektua helburu horretan txertatu du, herriko eragileekin batera. Argi du egitasmoa elkarren arteko ezagutza eta harremanak sustatzeko baliagarria dela, eta pertsonen arteko zubiak eraikitzen dituela.