Gipuzkoako lorratzari segika

Gipuzkoako lorratzari segika

Peru Azpilaga Diez – Ibai Maruri Bilbao

Goraka doa emakumeen arrauna. Oraindik ere lan asko dagoen arren egiteko, pixkanaka gehiago dira lehian aritzen diren emakumezkoen traineruak, baina, batez ere, geroz eta gehiago dira arraunaren mundura hurbiltzen diren neska gazteak. Gaur egun, emakumezkoen traineruen bi liga baino ez daude. Bat Euskotren liga da, eta bertan hartzen dute parte egungo lau traineru indartsuenek: Orio, Donostiarra, Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia. Laurak gipuzkoarrak dira.

Horretaz gain, orain dela pare bat urte ETE liga sortu zuten; hau da, oraindik maila apalagoan aritzen diren emakumezkoen traineruen liga. Eta hor lehiatzen diren 11 taldeen artean Bizkaiko lau talde ari dira: Deustu, Kaiku, Ondarroa eta Isuntza. Lau horietatik Deustu ibili da aurten azkarren, eta, 115 punturekin, hirugarren tokian sailkatzea lortu du.

Jone Oliban bertako arraunlaria gustura azaldu da egindako lanarekin. “Nahi genukeen baino denboraldi irregularragoa izan da, baina pozik gaude”. Lehia oso handia izan da, estropada bakoitzean puntu dantza handia egon baita: segundo gutxiren aldea lehen postuetan geratu direnen artean. Horregatik, jokoan egon diren hamabost banderak bost taldek eskuratu dituzte: Hibaikak (7), Zumaiak (5), San Juanek (1), Tolosaldeak (1) eta Deustuk (1). “Pena izan da sailkapenean gainetik izan ditugun bi traineruak oso arin urrundu zaizkigula, eta ezin izan gara haiekin aurrez aurreko borrokan sartu”. Bandera lortu duen talde bizkaitar bakarra izan da Deustukoa: Sestaoko Udalaren bandera irabazi dute. “Ezusteko ederra izan zen. Ez ginen azkeneko txandan egon, hirukoak zirelako, eta ez genuen espero, egia esan. Taldeko askorentzat lehen bandera izan zen”. Talde lanari esker lortu zutela nabarmendu du, eta hauspoa izan zela guztientzat. Batzuek bazekiten zer den bandera bat haizatzea: 2018an, Bilbokoa irabazi zuten, etxean, Aste Nagusian.

Banderak hain banatuta egotea ona dela uste du Nagore Osorok, Ondarroako emakumeen taldeko patroi eta entrenatzaileak. “Zenbat eta traineru gehiagok irabazi banderak, orduan eta jende gehiago animatuko da, eta orduan eta jende gehiagok segituko du arraunean”. Haientzat denboraldi berezia izan da aurtengoa. Izan ere, orain arte Lea-Artibai taldea izandakoa bitan banatu da aurten: Lekeitioko Isuntza eta Ondarroa. “Talde gaztea izan da gurea. Astero, bederatzi gazte elkartzen ginen, batzuetan hamar, eta kadete bat patroi. Denboraldi hau ikasteko izan da guztiontzat, jendeak traineru denboraldi bat zer den ikusteko”. Lehia sasoia pozik amaitu dutela esan du, eta taldea garairik onenean zegoenean bukatu dela uste du. Sailkapeneko 9. tokian amaitu dute.

Iaz arte euren taldekide izandako lekeitiarrak ere gustura daude egindako lanarekin. Azkenera arte ez zuten argi izan trainerua osatzea lortuko zuten. Baina behin lehia hasita aurreikuspenak ere gainditu dituztela esan du Ainhoa Lopez Isuntzako arraunlariak. “Emaitza onak eskuratu ditugu, sailkapen nagusiaren erdiko aldean amaitu dugu liga, eta banderaren batean hirugarren postua ere eskuratu dugu”. Uste du taldeak izan dituen gabeziak identifikatzen asmatu dutela; horiek hobetzen egin dute lan, eta, bukaerarako, ahulguneak indartzea lortu dutela iritzi dio.

Lopezen esanetan, talde izaera sendoa lortu dute apurka-apurka, nahiz eta jendea urtean zehar trainerura sartzen ibili den. “Bloke bat osatu dugu amaierarako, eta bloke moduan pentsatu izan dugu”. Hurrengo denboraldian ere bloke horri eutsi nahiko lioke, baina oraindik argitzeke dute Isuntzan zein taldekidek jarraituko duten, nortzuk utziko duten eta nortzuk sartuko diren taldera. Ligari begira ere igualtsu jarraitu nahi luke: Bizkaiko lau talderekin, behintzat. ETE liga sortu izana bultzada handia izan zela iruditzen zaio; izan ere, ordura arte, arraunean aritu nahi zuten andreek Gipuzkoako ligan lehiatu beste aukerarik ez zuten. “Nik uste dut momentu horretan emakumeen arraunak bigarren salto kualitatiboa eman zuela”.

Olibanek aitortu du Bizkaian oraindik lan asko egin beharra dagoela gipuzkoarren parera heltzeko; hala ere, lau taldeak norabide onean ari direla deritzo. “Nik uste dut Bizkaiko arrauna prozesu batean dagoela, Gipuzkoakoak duela urte batzuk egin zuen prozesuan. Egonkortzeko garaian dago. Gero eta fundamentu gehiago dago; arraunlariek serio hartzen dute, klubek gero eta esfortzu handiagoa egiten dute nesken arrauna babesteko, eta horrek lagundu du denboraldiz denboraldi hobetzen”. Osororen ustetan, Bizkaiko emakumeen arraunak bospasei urteko atzerapena darama, Gipuzkoakoen aldean. Hala ere, urterik urtera arraunlarien mailak nabarmen gora egiten duela azpimarratu du.

Talde bila, etxetik gertu

Kaikuko arraunlari Maria Lopezek uste du helburua Euskotren ligan talde gehiago sartzea izan beharko litzatekeela, eta tartean bizkaitarrak egon beharko direla. “Ni arraunean hasi nintzenean, lauzpabost talde baino ez zeuden, eta hara orain. Urte batzuen buruan asko aldatuko da egoera, apurka-apurka gora egiten ari baikara”. Bera Santurtzin hasi zen, baina elkarteak ez du emakumeen trainerurik. “Ez dago seniorrik, eta elkartean arraunean ibili garen emakumeok alde egin behar izan dugu. Beti gabiltza lekuren bat bilatzen, etxetik gertu, baina ez da erraza”. Hala, sortzez bizkaitarrak diren zortzi arraunlari dabiltza Euskotren ligan, Gipuzkoako traineruetan: Andrea Estudillo, Sarai Caamaño, Estizen Duque, Marcia Rosalia Larrea eta Judith Llanes, Arraun Lagunak-en; eta Nerea Badiola, Amaia Galdos eta Olatz Ortega, Orion.

Lopezek etxeko taldean aritu nahi luke, Santurtzin, eta egunen batean bere herriko taldeak ere emakumeen trainerua izango duen esperantza badauka. Momentuz, datorren urtean Kaikun jarraitzeko asmoa du, nahiz eta oraindik ez dioten ezer zehaztu. Sestao, behintzat, sorterritik oso gertu du. Gogor entrenatu beharko dute aurtengoa baino denboraldi hobea egiteko. Ez da txarra izan, baina zapore gazi-gozoa utzi die uda bukaerako balantzeak. Seigarren geratu dira ETE ligako sailkapenean.

Aitortu du hasieran Kaikuko emakumeek helburu handiak zituztela, baina asteek aurrera egin ahala apaldu egin behar izan dituztela: “Ez ditugu guztiz lortu, eta desilusio handiak hartu ditugu. Ez dugu banderarik lortu, eta banderetako askok segundo gutxigatik egin digute ihes”. Azaldu du lehia gehienetan hiru traineru egon izan direla segundo bakarreko aldearekin; eta Kaikukoak beti izaten dira hirugarrenak, azkenak. Horregatik, “frustrazioa” sentitu dute: “Hasieran, goian geunden, baina, gero, beste talde batzuk oso azkar igo dira. Fisikoki eta psikologikoki nekatuta amaitu dugu”. Banderarik ez dute eroan Sestaora, Bizkaiko txapelketa “baino ez”: “Ez da gauza bera”.

Haiena bereziki talde gaztea izan da: 17 eta 20 urte artekoak izan dira arraunlari guztiak. Dena den, batzuek bazuten esperientzia; Lopezek berak Deustun egina zuen aurreko denboraldia. Gainera, neguan kostatu zaie hamahiru kideak elkartzea entrenamenduetarako; hala ere, behin denboraldian hasitakoan, guztiek “oso serio” hartu dute.

Trainerua osatzeko zailtasun handiena, hain zuzen, eskatzen duen konpromisoa da. Kirol “sakrifikatua” dela aitortu du Olibanek: “Jarraitutasun bat eskatzen du, eta ez da erraza. Ikasketak direla, lana dela, familia dela… Hori guztia entrenamenduekin bateragarri egitea asko kostatzen da”. Eta gero nabaritzen da: arraunlari askok ezin diote erritmo horri eutsi. Urte batetik bestera aldatu egiten da taldea: batzuk badoaz eta beste batzuk etortzen dira. Ondorioz, hein handi batean, urtero hasieratik ekin behar izaten dute: berriro ere arraunlariek elkar ezagutu behar dute, eta talde batasuna eraiki behar da.

Arraun elkarte askok ez dute andreen trainerua osatzea lortzen, eta batelen eta trainerillen ligetan lehiatzen dira, kide gutxiagorekin osa dezaketelako taldea. Dena den, Deustu, Kaiku, Isuntza eta Ondarroako lau arraunlari hauek uste dute datozen urteetan gehiago izango direla trainerua osatzea lortuko duten taldeak. Neska gazte askorentzat erreferenteak dira, eta parte hartzeko akuilu ere bai.