Eider Mugartegi
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko kideen aurkako operazioan atxilotu zuten Arantza Zulueta (Lekeitio, Bizkaia, 1960) abokatua, 2014ko urtarrilean, beste zazpi lagunekin batera, Guardia Zibilak EPPKren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontra egindako operazioan. Espetxeratzea eta bakartzea pairatu ondoren, epaiketari egingo dio aurre orain, presoen babes taldeetan aritzea egotzita auzipetuta dauden beste 46 lagunekin. Astelehenean hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bihar, manifestazio nazionala egingo da Bilboko kaleetan: 17:30ean hasiko da.
Zelan zaude epaiketa atarian?
Zaila da norberaren sentimenduez hitz egitea horrelako egoera batean, eta, behar bada, nire kasuan zailago, militante, kide eta errepresaliatu askoren errealitatea ezagutu dudalako eta haien sentimenduak konpartitu ditudalako epaiketa bati aurre egin behar zaionean. Karrusel bat da batzuetan. Goian zaude batzuetan, edozeri aurre egiteko indarrez; beste zenbaitetan baxu, zer gertatu daitekeen kezkaz.
Kezkatuta zaude orain?
Kezkatuta nago, eta ez bakarrik gure etorkizunaz, baizik eta Espainiako Estatuaren apustua errepresioaren aldekoa delako, eta oraindik ere gerra jokaera dagoelako. Mendekua nagusi denean, zer gertatu behar da barruan ditugun 248 preso politikoekin?
47 auzipetu, guztira 601 urteko kartzela eskaera, 8 eta 20 urte bitartekoak denak… 18/98 auzitik euskal herritar gehien epaituko dituzten kasua da. Zein da 2019an halako epaiketa bat egitearen arrazoi politikoa?
Kontua ez da epaiketa 2019an egingo dela, baizik eta presoen aldeko elkartasun eta babesaren kontra 2013an operazio politiko-poliziala abiatzea. Ordurako ETAk bertan behera utzita zeukan borroka armatua, eta EPPK-k bide demokratikoen aldeko hautua eta kalteen onarpena eginak zeuzkan. Hala ere, Espainiako Estatuak operazio hau abiatu zuen, eta, horren ondorioz, salbuespen auzitegiak epaituko gaitu orain. Mendekuan oinarritutako politikan jarraitzen dute, kontakizunaren gerran daude. Badakite presoak herri honetarako altxor inportantea direla, eta haiekin jokatzen dute herri honek askatasunaren alde hartutako bidea oztopatzeko sakabanaketa, urruntasuna, isolamendua, legea eta auzitegiak errepresio neurri gisa erabiliz.
Euskal presoen inguruan aritutako jende asko zarete epaituko direnak.
Ez dugu ahaztu behar hau presoen sostengu eta elkartasunaren kontrako epaiketa bat dela azken finean, euskal preso politikoak helburu dituen operazioa, haiekiko kalean dagoen elkartasuna eta babesa mozteko asmoa duen operazio juridiko-poliziala. Horretarako, operazio horrek, medikuak, Herrirako kideak, abokatuak, bitartekariak eta Etxerateko kideak atxilotu eta espetxeratu zituen. Presoen inguruan lanean geunden 47 kide:horiek gara astelehenetik aurrera epaituko gaituztenak eta urte askotako espetxe mehatxuari aurre egin beharko diogunak.
Auzi honek dituen eragin eta ondorio politikoez gain, 47 pertsona eta haien bizitzak daude auzitan. Zelan egin zaio aurre horri?
Honelako epaiketa batek sufrimendu pertsonal eta ekonomiko handia dakar, kontuan hartu gabe Auzitegi Nazionaletik zigorra baino ezin dugula espero. Lana utzi behar, asteroko bidaiak, estresa eta egonezina, ez bakarrik auziperatuentzat, familientzat ere bai: seme-alabak, guraso nagusiak… Esperientzia badugu: 18/98 epaiketan bizitakoa oso gogorra izan zen, ahaztu barik lagun bi utzi genituela bidean—Jokin Gorostidi eta Jose Ramon Aranguren—.
Azkenengo makroepaiketak akordio batez amaitu dira. Aurre ikusten duzue horrelakorik?
Ez dugu Espainiako justizian sinesten. Ezin dugu ezer onik atera salbuespen auzitegi batetik. Esperientziak eta memoriak erakutsi digu: frogarik gabeko zigor amaiezinak, espetxeak, urrunketa, sakabanaketa, isolamendua… Jarrai-Haika-Segi, 18/98… azkenengo makroepaiketak akordio batean bukatu dira, baina badakigu guri ez dizkigutela akordio baterako baldintzak erraz jarriko. Presoen elkartasuna eta babesa desagertzea du helburu Espainiako Estatuak, eta, beraz, zigortzen jarraitu nahi dute. Hala ere, guk arduraz jokatu nahi dugu, eta sakrifizio pertsonalerako prestatuta gaude, herri honek bere askatasunerako erabaki duen bideari laguntzen badio. Irtenbidearen alde, konponbidearen alde eta presoak etxeratzeko bidean egin behar dena egiteko prest gaude.
’47ak herrian’ leloa erabili da epaiketa hau salatzeko.
Irtenbidearen garaia da; ez dira bakarrik 47 etxera ekarri behar direnak, denak baizik. Aski da! Herri honek preso guztiak etxean behar ditu bidean aurrera egiteko, eta hori Espainiako Estatuak ondo daki. Horregatik ez digu utzi nahi korapilo errepresibotik ateratzen. Baina herri honek duen determinazioa ez dute desagerraraziko. Aktibazio sozialean dugun indarrean sinetsi behar dugu, eta, denon artean, presoak etxera ekarriko ditugu.
Elkartasun egitasmo ugari sortu dira epaiketa horren kontra. Bihar, Bilbon, manifestazio nazionala egingo da.
Eskertzekoa da jasotzen ari garen elkartasuna. Milaka eta milaka lagun —batzuk modu anonimoan eta beste batzuk haien eragina eta izena emanez— gurekin daudela eta presoen aldeko elkartasunaz eta babesaz daudela adierazi digute. Bakoitza bere tokitik bere indarrarekin, baina denon papera oso garrantzitsua izaten ari da. Hala ere, lortutakoa ezin da epaiketa honetan bakarrik gelditu. Manifestazioa eta lortutako indar eta elkartasun guztia presoak herriratzeko erabili behar dugu. Lortutako guztia presoen aldeko olatu bihurtu behar dugu. Indarra dugu presoak etxeratzeko, eta sinetsi egin behar dugu. Frantziako Estatuan lortu dugu hurbilketan pausoak ematea; ezker abertzaleak pauso handiak eman ditu. Presoen kolektiboak ere, oso baldintza txarretan, pauso eta adierazpen garrantzitsuak egin ditu herri honen etorkizunaren alde. Bada garaia Espainiako Gobernuaren politika errepresiboa aldatzeko. Salbuespen neurriak bertan behera utzi behar dira. Korapiloak askatzeko garaia da.
Zer mezu zabalduko zenieke herritarrei?
Presoak herriarenak direla aldarrikatu, eta presoak etxeratzeko urratsak egin behar direla. Horretarako antolaketa garrantzitsua da. Gaur dugun tresnarik eraginkorrena Sare mugimendua da. Indartu egin behar dugu.