“Ikusezin” bihurtu dira

“Ikusezin” bihurtu dira

I. Maruri Bilbao

Kanpadenda guztiak elkarren ondoan zituzten lehen, baina orain ahalegintzen dira elkarrengandik aparteago egoten, eta, batez ere, kanpadenda ezkutuagoan izaten. Besterik ez da aldatu. Gazteek hemen jarraitzen dute, eta erakundeek ez dute baliabiderik jarri. Eta badirudi orain hedabideen eta politikarien interesa galdu duela”, azaldu du Merce Puigek. Bilboko Portuan Ingalaterrara, Portsmouthera eroango dituen ferryra sartu nahi duten migratzaileez ari da. Haiei laguntza ematen dien Zierbenako boluntario taldekoa da. Azken bi urteetan albiste izan dira Albaniatik Erresuma Batura eroango dituen bidaiaren azken tartea polizoi modura egitea erabaki duten gazteak. Beti izan da eskura izan duten aukeretako bat, baina ez nagusia: Frantziako Gobernuak Calaisko kanpalekua hustu zuenean hartu zuen garrantzia. “Konponbide gisa” Portu Agintaritzak lau metroko horma batekin indartu zuen perimetroa.

Gero eta gaitzago dute ferryra sartu ahal izatea. Baina, Puigen arabera, horrek ez du gazteen asmoetan eraginik. “Orain, euren bizitza gehiago arriskatu behar dute, nahi duten hori lortzeko, baina berdin-berdin arriskatzen dute”. Hezur hautsi eta zauri gehiago dago orain gazteen artean. Joan den uztailean, batzuk intoxikatu egin ziren. “Bide berri bila, estoldetatik sartzea erabaki zuten, eta ospitalean amaitu zuten; gazteetako bat zainketa berezietako unitatean egon zen”. Nabarmendu du istripuren bat duten aldiro “oso ondo” artatzen dituztela Gurutzetako ospitaleko medikuek; “bakarrik zein lagunduta joan”. Komeriak gero izaten dira, ospitaleko sendagiria jasotakoan. “Oina apurtu eta egun batzuetan atseden hartzeko 20 edo 30 egunez geldi egoteko agindu diotenari, adibidez, gizarte zerbitzuek bizpahiru egunetarako ostatua baino ez diote eskaini. Eta kanpadendan ezin dira geldirik egon; ez da elbarri dagoen batek atseden hartzeko lekua”.

Horrela, bada, herritar “eskuzabalek” emandako laguntza baino ez dute jasotzen. Puigek salatu du erakunde publikoek entzungor egiten dietela euren eskaerei. “Urte bi eta erdi daramagu eskatzen, eta jarraituko dugu: gutunak bidaliko ditugu, bilerak eskatuko ditugu…”. Azaldu du iazko udan Bizkaiko Gurutze Gorrikoak Zierbenan izan zirela eurekin batera bi hilabetez. Migratzaileen egoera aztertu eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzeko txostena egitea zen asmoa. “Dirudienez, guk azaldutako premiak ez ziren sinesgarriak. Eta, azkenean, ondorioztatu zuten guk esandako premia horiexek zituztela”. Gurutze Gorrikoekin eta gobernukoekin harremanetan jartzen ahalegindu dira, txostenaren berri izan eta zer neurri hartuko diren jakiteko. Baina ez dute erantzunik jaso. “Alferrik egindako azterketa” iruditu zaio.