“Ambuibericak praktika kontratuekin betetzen ditu egiturazko postuak”

“Ambuibericak praktika kontratuekin betetzen ditu egiturazko postuak”

Natalia Salazar Orbe

Ambuiberica enpresak Bizkaiko itunpeko anbulantzietan kontratu prekarioak eta diskriminazio sexista darabiltzala salatu dute. Enpresa horretako langile bat da Jon Fernandez (Barakaldo, 1971).

Zeintzuk lan baldintza dituzue?

Ambuiberica enpresak, aurrekoak egiten zuen bezala, praktiketako kontratuak egiten ditu. Kontratu horien xedea da trebatzea formakuntza bukatuta sektorean sartzen diren beharginak, ikasitakoa praktikan jar dezaten. Praktikan, ordea, enpresak kontratu horiek baliatzen ditu egiturazko lanpostuak betetzeko. Askotan, gainera, langile horiek inolako ikuskapenik gabe jarduten dira: bakarrik joaten dira anbulantzian, eta laguntzaile bat ere eramaten dute, euren ardurapean.

Osakidetzako anbulantzien zerbitzu programatua kudeatzeaz gain, IMQrekin ere kontratua du enpresak. Lan hori guk egiten genuen lehen, baina Osakidetzaren zerbitzu programatura pasatu gintuztenez, enpresak praktiketako kontratuak egin zituen behar zituen lanpostuak betetzeko. Ambuibericak praktika kontratuekin betetzen ditu egiturazko postuak.

Zer eragin du enpresaren jokabide orokortu horrek?

Gehienez, bi urte irauten dute kontratuok. Egoera horretan, ulertzekoa da langileei zaila gertatzea enpresaren aginduei uko egitea. Egoera prekarioan daudenei, esaterako, txanda aldaketa proposatzen badie zuzendaritzak, zaila dute ezetz esatea. Ez baitakizu kontratua luzatuko dizuten. IMQren zerbitzurako lanean ari diren langileei txandak aldatzen dizkiete egun batetik bestera. Egoera horretan, ezinezkoa da lana eta familia uztartzea.

Horrez gain, praktika horrek eragiten du esperientzia handiko langilerik ez izatea. Praktika kontratuarekin bi urtean trebatu diren eta segurtasuna hartu duten langileei kontratua berritu ezean, esperientzia hori galdu egiten da. Ondo dago praktiketako langileak hartzea, treba daitezen, baina ezin duzu kontratu mota hori etengabe erabili benetan egiturazkoak diren lanpostuak betetzeko.

Noiztik zabiltzate horrela?

Hasieratik bertatik. Aurreko enpresak ere erabiltzen zituen praktiketako kontratuak. Langileok elkartzea zaila da, baina salatu dugu egoera. Lortu genuen langileek euren egunerokoa antolatu ahal izateko egutegiak osatzea, baina, lan egoera ezegonkorrean zaudenean, ez diozu esaten ezetzik enpresak txanda aldaketak edo bestelakoak eskatzen dizkizunean.

Administrazio publikoak ez du inolako kontrolik egiten?

Hori da daukagun arazo nagusietako bat. Sektore hau oso delikatua da. Pazienteekin ari gara, egoera delikatuetan dauden pertsonekin. Ezin da publikoa beharko lukeen zerbitzua enpresa pribatu bati eman eta zerbitzu egokia ematen duen ez aztertu. Kontuan hartu behar da enpresa pribatuek irabazi ekonomikoak lortzeko helburua dutela. Kontratu prekarioak ez dira bateragarriak zerbitzu egokia ematearekin. Besteak beste, pazienteak berandu iristen dira tratamenduetara edo kontsultetara, eta galdu ere egiten dituzte ordu horiek.

Zergatik da garrantzitsua zerbitzu horretako langileek esperientzia handia izatea?

Pazienteak mugitu behar ditugu, sarri asko, ohetik aulki batera, anbulantzian sartu eta atera… Gauza bat da ikasketak egitea, alegia, teoria. Praktika beste kontu bat da. Egunerokoan, ikasi eta landu beharreko gauza asko daude: pazienteak, egoerak, jardun beharreko lekuak… Esperientziarekin, detaileak eta trikimailuak ikasten dituzu. Praktikaldia beteta kontratua berritzen ez badizute eta beste langile bat kontratatzen badute, berriz ere hasieratik abiatu beharko du. Horrez gain, praktiketako langile batzuek zerbitzua eurek bakarrik egiten dute. Anbulantzia eurek gidatzen dute. Zuhurtziagabekeria hutsa da. Ondoan ez dute laguntza emango dien inor. Lan honetan sentsibilitatea behar da, kontu handia. Egoera delikatuetan, deserosoetan edota mingarrietan dagoen jendearekin aritu behar gara. Bestalde, salatu dugu ibilgailuetako asko egoera txarrean daudela eta arriskuan jartzen dituztela langileak eta erabiltzaileak.

Horrez gain, enpresak diskriminazio sexista egiten duela ere salatu duzue.

Gidariaren laguntzaileak mailaz igotzeko aukerak izaten dira. Laguntzaile horietako batzuei gidari lanetarako aukera eskaintzen diete. Emakumezko langile batzuei zegokien, antzinatasuna kontuan hartuta, igoera horretarako aukera, eta, eurei egin ordez, gizonezkoei egin zieten eskaintza. Gauza bera gertatu zen praktiketako kontratuarekin laguntzaile gisa lanean ari zen beste emakume batekin ere. Horiei ere anbulantziak gidatzen uzten diete, dauden beharretara moldatzeko modua izan dezaten. Emakumeei, ordea, proposatu ere ez zieten egiten. Antzinatasun handiagoa izan arren, ez zieten ematen aukerarik.

Zer egingo duzue egoera salatzeko?

Sindikatuek elkarlanean aritzeko asmoa dute. Denek batera aurkeztuko dugu salaketa, praktiketako kontratuak baliatuta langileen baldintzak murrizten direlako. Lanpostuak mantentzeko modua dira, kostuak murriztuta.