Usoako langileek protestak hasi dituzte, etorkizuna argitu nahian

Usoako langileek protestak hasi dituzte, etorkizuna argitu nahian

Peru Azpillaga Diez

Ezkerraldeko lantoki handienetarikoa da Usoa. Bertan, laurehun pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, enpresei askotariko zerbitzuak eskainiz. 2017ko Sektore Publikoko Kontratu Lege berriaren ondorioz, ordea, kolokan dira enpresaren egungo egoera eta beharginen lan baldintzak.

Izan ere, beste edozein enpresa baten antzera jarduten badu ere, lantoki berezia da Usoa. Orain dela 30 urte baino gehiago sortu zuten, Barakaldoko Udalaren bidez, dibertsitate funtzionala dutenei enplegu aukera bat eskaintzeko. Hortaz, irabazi asmorik gabeko lantoki babestu bat da, zeinaren helburua edozein urritasun dutenei lan egiteko aukera egonkor eta normalizatu bat ematea den.

“2017ko Sektore Publikoko Kontratu Lege berriarekin, Usoaren lege egoera aldatu egiten da, eta bere nortasuna modifikatzeko hainbat erabaki hartu behar dira”, azaldu du Henar Fidalgo LAB sindikatuko kideak. Jabetza publikoko enpresa bat izanik, Barakaldoko Udalaren finantzaketaren eta kudeaketaren esku dago Usoa, eta, egungo legearekin, bitarteko propio izaten jarraitu ahal izateko, zenbait moldaketa egin behar ditu.

“Legea 2018an martxan jarri bazen ere, oraindik ez dakigu zer neurri hartuko dituen udaleko gobernu taldeak”. Fidalgok adierazi duenez, askotan bildu izan dira haiekin, baina ez dute inoiz erantzun “argirik” jaso. “Bermeak behar ditugu; egoera nola kudeatzen ari diren jakiteko beharra dugu, eta baita zer pauso emango diren jakiteko eskubidea ere”, erantsi du. Jakinarazi duenez, Usoako langileek hilabete asko daramatzate euren lanpostuen etorkizunari buruzko informazioa exijitzen, eta langile batzordeak, erantzunen faltan, pauso bat aurrera ematea erabaki du “langileen etorkizuna bermatzeko”.

Horregatik, mobilizazioen eta protesten bidea hartzea erabaki dute. “Gaurko egunez, ez dugu batere argi zer gertatuko den. Hortaz, enpresaren benetako etorkizuna eta eskainiko den lanaren kalitatearen bermea ziurtatzeko, elkarretaratzeak egiten ari dira egunero langileak”, azaldu du Henar Fidalgok. Langile batzordeak zortzi neurri eskatu ditu langileen etorkizun “duina” bermatzeko: Usoako lantaldea mantentzea eta handitzea; etorkizuna bermatuko lukeen lan kargari behar bezala erantzun ahal izateko, kontratuen ezegonkortasuna murriztea; azpikontratazioak amaitzea; egun enpresan presente dauden atalak mantentzea; eskari berriei aurre egiteko prestakuntza espezifikoa bermatzea; behar den esparru eta tresnetan inbertitzea; iragarritako neurriak ezartzeko epe bat finkatzea; eta Usoaren jardueren batasunari eustea.

Usoak, bere enpresa izaeragatik, lege berriarekin, zenbait betekizun hartu beharko lituzke kontuan. Esate baterako, akziodunen artean beste administrazio publiko bat egotea. “Hori da egun dagoen aukeretako bat. Arazoa da ez dugula emango diren pausoen berririk; dagoen bezala mantendu daiteke, kapital pribatua sartu, enpresa zatitu… Hainbat aukera daude, eta ez dakigu zer jazoko den”.

Gainera, enpresa publikoa denez, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek osatzen dute Usoaren kontseilua. Hortaz, egoera argitu nahian, dokumentu bat helarazi zien langile batzordeak alderdi guztiei, konpromisoa har zezaten Usoak baldintza duinetan oinarritutako etorkizun bat izan dezan. Txostenak lehen aipatutako zortzi neurriak azaltzen zituen Usoaren funtzionamendua mantentzeko berme moduan. “Neurri horiek ezinbestekoak dira Usoa mantendu eta lana sortzen jarraitu ahal izateko”. Fidalgok azpimarratu duenez, alderdi guztiek sinatu zuten dokumentua, batek izan ezik: “EAJk muzin egin dio konpromiso orria sinatzeari, eta, hain zuzen ere, haiena da udaleko alkatetza”.

Fidalgoren esanetan, gainera, udaleko gobernu taldeak, bere garaian, lege berria betetzeko dekretu bat atera zuen: Osakidetza Usoako akziodun izendatzeko asmoa azaldu zuen. Baina, gaur egun, ez dute neurri horren inguruko inongo berririk. “Dekretuaren berri dugu, baina inork ez digu erantzunik ematen. Osasun Sailarekin ere biltzen saiatu gara, baina ez dugu erantzunik jaso”. Horiek hala, mobilizatzen jarraituko dutela azaldu du Fidalgok, Usoako langileen etorkizun “duina” eta enpresaren funtzionamendua bermatuko duen egoera bat lortu arte.