Lekeitioko kaleak arterako leku

Lekeitioko kaleak arterako leku

Peru Azpillaga Diez

Artea Lekeitioko kale eta plazen jabe bilakatuko da asteburu honetan Kaleka jaialdiaren 30. edizioarekin batera. Jada martxan dago jaialdia, eta igandera bitartean egingo da; herrian zehar sakabanatutako gune desberdinetan, mota eta estilo askotako ikuskizunak pertsona ororen eskura jarriko ditu kaleko arteen jaialdiak.

2016tik aurrera, egitura eraldatzeko prozesu batean murgilduta ibili da Kaleka, eta jaialdi hutsa zena kultur eta arte ekoizle esperientziadunen topaleku bihurtu da. Hala, kaleko arte garaikideen sorkuntzari berebiziko garrantzia eman, eta egunerokotasunean eremu lokalean eragina duten egitasmoak bultzatzea du helburu. Hori lortzeko, besteak beste, prozesu parte-hartzaileak izan ditu oinarri jaialdiak. Eraldaketa hori, esate baterako, jaialdiak sekzio ofizialaz harago eskaintzen dituen beste bi ataletan gorpuztu da: Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai sekzioetan, hain zuzen ere.

“Jaialdia hasi zenetik, beti helburua izan da gauzak hobetzea, eta eraldaketa hori jaialdiaren egituran hauteman daiteke”, azaldu dute antolakuntzatik. “Kultur ekintzen egoera aztertuta, prozesu bat jarri genuen martxan”. Jaialdi bati buruz hitz egitean, egun jakin batzuetan ospatu eta kontsumorako bideratzen den esperientzia gisa ulertzen dela adierazi dute antolatzaileek, eta Kalekaren bidez hori gainditu nahi izan dutela azpimarratu du.

“Hori dela eta, urte osora bideratutako ekintzak sortu, eta jaialdiaren kultur ardura handitu genuen”, jakinarazi dute. Horretarako sortu zituzten jaialdiko bi sekzio berriak: “Kalekaz Blairekin, jaialdiko egunetatik kanpo, kultur eragileekin, taldeekin eta publikoarekin harremanak sortu eta indartu nahi genituen; eta, Kaleka Scratchen bidez, sorkuntzaren arloa landu eta garapen prozesuan dauden lanei bultzada bat ematea zen helburua”.

Aniztasuna lanen oinarri

Hala ere, jaialdiaren eboluzioa, egituraz harago, egitasmoaren izaeran bertan ikus daiteke. Izan ere, hasieran kale antzerkira mugatzen bazen ere, gaur egun, mota guztietako kaleko arteak biltzen ditu Kalekak, aniztasunari ateak irekiz. Esate baterako, 30. urteurrenean, 25 ikuskizun izango dira Euskal Herritik zein nazioartetik heldutako konpainien eskutik. Italia, Frantzia, Erresuma Batua, Txile, Herrialde Katalanak, Galizia… kultura eta jatorri askotako artisten plaza ere bada Lekeitioko Kaleka.

“Urteurren honek orain arte egindako lana sendotzeko balio izan du. Antzerki jaialdia genuena kaleko arteen jaialdi bihurtu zaigu, esparru zabalago bat barnean hartuz”. Jaialdia berriro bideratzeko prozesu horretan, hizkuntza ezberdinak lantzen dituzten konpainia, kolektibo eta artistak erakartzeko bidetik jo nahi izan dela nabarmendu dute, aniztasuna jaialdiaren oinarri bilakatuz.

“Bizia duen jaialdia da Kaleka, inguruarekin parte hartze aktiboa duen egitura du, eta estilo ezberdinak lantzen dituen espazioa da”. Horren adibide da aurtengo edizioko egitaraua. Eduki eta formatu anitzeko mota guztietako ikuskizunak bildu dituzte antolatzaileek: keinu antzerkia, dantza, zirkua, clowna, esperimentazio espazioa, kabareta, txotxongiloak, eta beste asko. Ikuskizun horiek guztiak dohainik eskainiko dira herriko guneetan zehar, eta, aurreko urteetan bezala, hiru lan lerro bereiziko ditu horretarako sortutako atalekin.

Sekzio nagusian, Kaleka ofiziala izenekoan, formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batu dituzte, hala nola Murmuyo, Chiara Marchese eta Zero en Conducta atzerriko konpainiak izango dira, baina baita Lokke eta Zanguango Euskal Herrikoak ere. Era berean, bi esperimentazio espazio irekiko dira. Izan ere, antolatzaileek argudiatu dutenez, “arte eszenikoei edo arte biziei lotuta jarraitzen du Kalekak, baina gauza berriak barneratzen joan da; ekintzetan parte hartzeko prozesuak, esaterako”.

“Parte-hartze proposamen horien artean, aurten, esperimentazio espazioak aipatu behar ditugu; berrikuntza dira”. 30. jaialdiko berrikuntzak dira, hurrengo jaialdietara begira mantentzeko helburuarekin sortutakoak. Batetik, Kaleka Egin espazioa izango da. Truca Rec kolektiboa arituko da hor, eta, stencil teknika erabiliz, ehunezko poltsak eta motxilak sortzeko gune berri bat diseinatu dute. Bestetik, Createctura kolektiboak, jokoaren bidez, herriko parke baten fisionomia eta erabilera eraldatuko dituen bi eszenografia ludiko aurkeztuko ditu Kairos gunean. Gune horretan bertan, hamar hilabete eta bost urte bitarteko umeak dituzten familientzako ekintzak eta jolasak ere izango dira. “Esperimentazio espazioak partaidetza bultzatzeko guneak dira, gauza berriak ezagutu eta inguru lokalarekin harremanak sustatzeko tresna”, azaldu dute.

Horiekin batera, sekzio ofizialetik kanpo, Scratch eta Blai sekzioak egongo dira. “Helburu nagusietako bat da jaialdia sorkuntza arloaren eskura jartzea; horretarako sortu genuen Scratch atala”. Sekzio horrek garapen edo sorkuntza prozesuan dauden lanak bilduko ditu, ikuslearekiko trukea bultzatzeko espazio bat sortuz eta artistei haien lanak erakusteko erakusleihoa eskainiz. Jaialdiaren ustetan, sekzio hori lan berriak “begi bistan” jartzeko aukera ematen duen zutabea da, eta konpainia horiei euren lanaren sormen prozesuan “aurrera egiteko” gunea aurkezten die. Aurten, hogei proposamen jaso dira Scratch sekzioan parte hartzeko, eta horietatik bost aukeratu dituzte aurtengo jaialdian parte hartzeko.

Era berean, Blai sekzioak, Kaleka jaialdiari urte osoan jarraitutasuna ematea du xede, eta beste bi ataletan bildutako lanak baliatzen ditu horretarako, herritarren parte hartzera bideratutako espazioak eskainiz. Hori lortzeko, era guztietako formatuak uztartzen dituzte antolatzaileek: entsegu irekiak, erakusketak, tailerrak… Esate baterako, aurten, Euskal Zine Bilerarekin elkarlanean, Iturriotz institutuko ikasleek jaialdia sustatzeko bideoak egin dituzte.

Kale jaialdietan aitzindari

Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, kale antzerkiak bildu zituen Euskal Herriko lehen jaialdia izan zen Kaleka. “Lekeitioko kultur eskaintza handitzeko helburuarekin, kaleko arteak herriko hainbat gunetara atera eta ikuskizunak herritar eta bisitarien bistara jartzea izan da hasieratik jaialdiaren asmoa; 1989tik eboluzio handia izan du, baina muin berbera du oraindik ere”. Gaur egun, kaleko arteen sektoreak osasun “bikaina” du, antolatzaileen hitzetan. Alde horretatik, Artekale elkarteak egiten duen lana azpimarratu dute. Elkarteak euskal konpainia eta kolektiboen bitartekari lanak egiten ditu, eta, antolatzaileen aburuz, horrek, “hain garrantzitsua den bizitasuna” ematen dio kaleko arteen sektoreari.

Era berean, jaialdiak aurrera begira jarraitzen duela azaldu dute; hurrengo pausoak zehaztu eta Kaleka jaialdia “kultur baliabide” bat bilakatzeko helburua dutela. “Ikusleentzako kultur ekarpen bat eskaini, eta inguru lokalean kaleko arteak biltzeko gunea osatzeko nahia dauka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak, eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu”. Horregatik, Lekeitioko kultur eragileekin duen harremana ere sustatzen du jaialdiak. “Kaleka Lekeitioren parte da, eta hala izan behar du. Hori horrela, herriak eskaintzen dituen aukerak erabiltzeko lana egiten du, kultur eragileekin duen harremanak sustatuz”, ondorioztatu dute.