Henna eta haimak Larrabetzun

Henna eta haimak Larrabetzun

Aitziber Laskibar Lizarribar

Basamortuan, Aljeriak utzitako lurretan. Ezerezaren erdian eraikitako etxola edo oihalezko dendetan. Urik gabe, gutxieneko azpiegiturarik gabe. Hala bizi dira Tindufeko kanpamentuetan errefuxiatuta dauden milaka haur, gazte eta zahar. Duela berrogei urtetik baino gehiagotik, euren lurretatik bota zituztenetik. Latza da bizimodua basamortuan. Gogorra neguan, kasik jasangaitza udan. Ohikoak dira 50 gradutik gorako tenperaturak ur gabezia nagusi den eremuan.

Eta osasunean nabari da. Batez ere, garatzen ari diren umeen osasunean. Desnutrizioa ohikoa da haur eta gaztetxoengan. Hazteko arazoak nagusi dira, eta basamortuan ez dago gutxieneko osasun laguntzarik. Horiei arnasa emateko jaio zen Oporrak Bakean programa duela 35 urte; oso egoera zailetan bizi diren haur sahararrei haize pixka bat emateko. Bizileku dituzten lur astunen gogortasunetik eta tenperatura jasangaitzetatik libratu, eta Euskal Herriko haize freskoa hartzen dute, bi hilabetez, urtero. 8 eta 12 urte arteko umeak txandaka etortzen dira Euskal Herrira, guztiek izan dezaten idortasun hartatik, hilabete batzuez, irteteko aukera.

Elikaduraren garrantzia

Fisikoki sendotzea ere ahalbidetzen die programak bisitariei; batetik, apur bat gizentzea. Izan ere, elikadura da egitasmoaren beste jomuga nagusietakoa. Nazioartetik iristen zaien laguntza humanitarioari esker dute jatekoa errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararrek, eta, bizitzea bai, baina elikadura orekatua izatea ez die ahalbidetzen horrek. Bi hilabetez fruta, barazkiak, haragia, arraina eta nahi adina urekin elikatu ahal izateak “urte osoari eusteko indarra” ematen dietela diote haur horiek etxean izan dituztenek. Bi hilabeteko igaroaldiaren ondoren, sendoago itzultzen dira haurrak bizileku duten basamortura. “Nabarmena da etortzen direneko eta joaten direneko aldea”, dio Samuel Ruiz Oporrak Bakean egitasmoko arduradunak.

Osasun azterketak. Egitasmoaren beste jomuga nagusia. Osasun arazoren batekin datozen haurrei behar bezalako azterketa eta tratamenduak ematen saiatzen dira antolatzaileak. Ageriko arazo larririk ez dutenei ere euren bizilekuetan egin ezin dizkieten askotariko probak egiten dizkiete, eta ikusmen azterketak zein haginlariarenerako bisitak, esaterako, ohikoak izaten dira oporraldiko lehen asteetan.

Elkartasuna eragile

Hori guztia, elkartasunez egiten da, musu truk. Baita etxeetan hartzen dituzten familien zaintza ere. Aurten, 130 bat haur etorri dira Bizkaira. Bertan igaroko dituzte uztail eta abuztua, kanpalekuetara itzuli arte. Etxeetan egoten dira haur gehienak, harrera familiako beste kide bat bihurtuta.

Azken urteetan, ordea, behar adina familia lortzeko zailtasunak daudela ohartarazi du Ruizek: “Gero eta gehiago kostatzen da familiak bilatzea, duela zazpi bat urtetik, krisia hasi zenetik edo”.

Haur sahararren premiek, ordea, berdin jarraitzen dute, eta beste irtenbide bat aurkitu zuten proiektuan buru-belarri ari direnek: udalekuak antolatzea. Iaz arte, Urduñan antolatu dituzte familiarik aurkitu ez duten haurrentzako egonaldiak. Iaz, Larrabetzuk hartu zuen lekukoa.

Aurten, 10 eta 12 urte arteko 32 haur daude Larrabetzuko eskola publikoan, eta udalak bestelako azpiegitura batzuk ere jarri ditu haien eskura; besteak beste, frontoia eta igerilekua. Esker oneko hitzak besterik ez ditu Ruizek: “Herria eta udala izugarrizko laguntza ematen ari dira, eta primeran daude haurrak Larrabetzun”. Basamortuan bizi direnentzat, ametsa da igerilekuan bainua hartu ahal izatea. “Igerilekua edo futbol zelaia ikustean, harrituta geratzen dira, zoratzen”. Mendia ezagutzen ez duten haurrak lehen aldiz eramaten dituzte mendira, bestelako irtenaldiak ere egiten dituzte, eta kirol jarduerak. “Han ez dute aukerarik”, nabarmendu du Ruizek.

Larrabetzun bezala, Axpen beste hamar bat haur saharar daude udalekuetan. Bestalde, Durangon, Rio del Oro elkarteak antolatuta, beste dozena bat haur dago; kasu horretan, elbarritasun edo arazo larriak dituzten haurrak.

Horientzat guztientzat, egun handia izango da biharkoa. Larrabetzun elkartuko dira, ongi-etorria emateko antolatu zaien jaian. Egun osoko festa izango da, haurrei harrera eskaini, horiek hartu dituzten familia eta boluntarioei esker ona adierazi, eta Mendebaldeko Sahararen eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko. Haurrak protagonista izanik, haientzako ekitaldiak izango dira nagusi, eta Saharako kulturak hartuko ditu kaleak.