“Ez naiz kiroletik bizi, eta ez dut uste bizi ahalko naizenik”

“Ez naiz kiroletik bizi, eta ez dut uste bizi ahalko naizenik”

Amaia Igartua Aristondo

Ekainaren azken egunean, Europako Duatloi Txapelketa jokatu zen Errumaniako Targu udalerrian. Irene Loizate (Durango, 1995) lehena izan zen helmuga zeharkatzen. Aurtengo enegarren garaipena da lasterkariarentzat: Espainiako Txapelketa irabazi zuen apirilean, diziplina berean, eta Oñatiko 10 kilometroak, Europako Txapelketa bereganatu baino astebete lehenago. Azken urteetako joera positiboa berretsi du 2019an, baina garaipen horiek guztiak ez zaizkio aski jarraipena bermatzeko. Hurrengo urteetan kirolean jarraitu nahi du, baina afizio moduan, halabeharrez, kirolak ez baitio bizitzeko lain ematen. BAMEa (barruko mediku egoiliarra) ere prestatzen ari da, ogibidea ziurtatze aldera.

Zer balorazio egiten duzu Europako Txapelketari buruz?

Oso ona. Aurtengo denboraldiko helburu garrantzitsu bat zen, eta oso ondo irten zitzaidan.

Zer estrategia pentsatu zenuen hasi aurretik?

Denok uste genuen lasterketa horretarako indartsuen zegoena frantsesa zela [Sandra Levenez]. Gainera, bi edo hiru urtean izan da Europako txapeldun. Hasieran pentsatu genuen lasterketa haren atzetik hastea, hark ipinitako erritmoan, bukaerara arte hari jarraitzen ahalegintzea, eta, amaieran, hari irabazten saiatzea. Nik behintzat pentsatu nuen, eta uste dut beste denek ere baietz. Eta, gutxi gorabehera, hori egin nuen.

Behin lasterketan zeundela, aurreikuspen horiek egokitu zenituen?

Hasieran, lasterketa zelakoa izango den imajina dezakezu, baina ezin duzu zehazki jakin. Gero, lasterketa garatu ahala, estrategia aldatuz joan behar duzu. Hasi ginenean, ikusi nuen frantsesa ez zegoela hain fuerte. Orduan, austriarrak [Sandrina Illes] aurreratu egin zuen, eta harekin joatea pentsatu nuen.

Nolakoak izan dira irabazi geroko egunak?

Normalak, beste egunak moduan. Momentuan bertan ilusioa egiten dizu, baina, egun batzuk pasatuta, beste lasterketa baten moduan geratzen da.

Uste duzu zure garaipenak merezitako oihartzuna izan duela?

Ez dut uste oihartzun askorik izan duenik. Nire inguruan, bai: familiakoak, kuadrillakoak eta lagunak. Baina hortik kanpora ez dut uste oihartzun handirik izan duenik.

Zergatik ez du eduki, zure ustetan?

Alde batetik, duatloia ez delako triatloia bezain famatua, eta ez duelako hainbeste propaganda ematen. Beste alde batetik, igual nesken kirolari ere, orokorrean, oihartzun gutxiago ematen zaio.

Hain txikia izanda, kirol honetatik bizi daiteke?

Ni ez naiz honetatik bizi, eta ez dut uste inoiz biziko naizenik. Baina gutxi batzuk badaude. Hala ere, lasterketetan postu onak egitea baino, gehiago da sare sozialetan propaganda egitea. Hortik ateratzen dute diru gehiena.

Zuk ez duzu sare sozialen kontua ustiatu nahi?

Ez, oraingoz ez. Niretzat hori beste lan bat da, eta ez zait interesatzen.

Medikuntza ikasten aritu zara. Medikua izan nahi duzu ogibidez, eta kirola aisialdirako utzi?

Medikuntza karrera bukatu dut, eta, orain, BAMEa prestatzen ari naiz, gero mediku bezala lan egin ahal izateko. Bestalde, espero dut triatloian segitu ahal izatea, eta, maila onenean jarraitu ahal baldin badut, hobeto.

Hainbeste gauza eginda, nola kudeatzen duzu denbora?

Bada, ez da erraza; egunak 24 ordu baino ez ditu. Ondo antolatuta, azkenean lortzen da.

Nola hasi zinen kirol honetan?

Triatloian hasi nintzen Durangoko taldean, 15 urterekin, lagunekin. Atletismoa sekula ez dut egin. Orain dela hiru urte edo, Santutxuko taldekoek eurekin krosak korritzea eskaini zidaten. Baietz esan nien, krosa gustatzen zaidalako.

Noiz eman zenuen duatloirako jauzia?

Triatloia egiten dugunok neguan duatloiak egiten ditugu normalean. Beti parte hartu izan dut Euskal Herriko duatloietan.

Hobekuntza nabarmenak egin dituzu azken urteetan, emaitzei erreparatuta. Zeren ondorio izan dira?

Orain dela bi urte hasi nintzen serio Robertorekin [Corujo], nire entrenatzailearekin: pixkanaka-pixkanaka gero eta ordu gehiago sartzen, entrenamendu zailagoak egiten. Gero, hori emaitzetan ikusi da.

Luze gabe, zeintzuk dira zure planak?

Orain ikasten ari naiz, beraz, formarik ez galtzen saiatuko naiz, behintzat ez askorik. Eta, kirolari dagokionez, ea aurten bezala Europako Txapelketara joateko aukera dudan. Munduko Txapelketara ere joango naiz, ea han postu on bat egitea posible den. Podiumera igo ahal banaiz, hobeto.

Europako Txapelketa irabazi eta gero, zein da orain zure erronka nagusia?

Datorren urteari begira, Munduko Txapelketa izango litzateke erronka nagusia. Eta triatloiko nazioarteko txapelketa batean parte hartzea ere gustatuko litzaidake.

Modu bereziren bat pentsatua duzu Munduko Txapelketarako prestatzeko?

Oraintxe amaitu dut denboraldia, eta, oraingoz, atseden hartuko dut. Gero, entrenatzailearekin hitz egingo dut, eta ikusiko dugu.