Ausardiak garaitutako izua

Ausardiak garaitutako izua

Natalia Salazar Orbe

Bermeotik Mundakarako bidean zegoen Arrosaren ermitaren historia kondaira zahar bati lotuta dago. Neska gazte bermeotar baten ausardia eta iratxuak izeneko zerri beldurgarri batzuk ditu ardatz. Juan E. Delmasek Gaztelugatx eta Bizkaiko kostaldeko beste ipuin batzuk lanean jaso zuen Iratxuak kondaira, XVIII. mendearen amaiera aldean kokatua.

Bermeo eta Gernika-Lumo lotzen dituen errepidea egin gabe zegoen garaian, egungo bidea baino metro batzuk gorago dagoen bide zahar eta zakar batetik joan behar izaten zuten oinezkoek. Troka edo sakan hartan iratxuak bizi zirela dio izen bereko kondairak: txerri txiki eta nazkagarri gisa deskribatzen ditu elezaharrak. Eguzkiaren azken izpiak ezkutatu bezain laster, euren lozorrotik ateratzen ziren, handik igaroko ziren ibiltarien bila. Animalietako bakoitzak faroltxo bat zeraman zintzilik buztanean. Oinezkoren bat aurkituz gero, eraso egiten zioten alde guztietatik, eta, sarri asko, haien afari bihurtzen zen bidaiari ibiltaria. Egoera hori ikusirik, erabat izututa bizi ziren inguruko bizilagunak. Hala, gaua iritsi orduko paraje hartatik ihes egiten zuten denek.

Kondairak dio garai hartan neska bat nabarmentzen zela Bermeoko gazteen artean, haren izaeragatik eta agertzen zuen borondate onagatik. Ines izena zuen.

Udako arratsalde sargori batean, etxera bidean zihoan Ines, esku bete galburu astunekin. Mundakatik Bermeorako bidean dagoen Lamiarango aldapa jaisten ari zela, estropezu egin, eta trokaren sakoneraino erori zen. Buruan kolpea jo, eta zauri handia egin zuen. Odoletan hasi zen Ines, eta konorterik gabe gelditu zen.

Bere onera etorri zenean, ez zeukan handik ateratzeko indarrik. Neska gaztea bere patuaren zain geratu zen. Jakin bazekien zer arrisku zeukan iratxuek bera aurkitzeak. Hala ere, ez zen kikildu.

Etorkizunak ekar ziezaiokeenaren zain zegoela, irrintzi ozen eta luze bat entzun zuen handik gertu. Bide hartan zegoen zubiaren arkupeko beheko harri bat zabaltzen zela ikusi zuen. Handik iratxu bat atera zen, buztanean faroltxoa zeramala. Beste bat atera zen haren atzetik, eta gero beste bat, eta beste bat… Ehunka ateratzen hasi ziren. Denak zihoazen ilaran, bide zaharrerantz. Zubiaren hormak soilik banatzen zuen Ines animalia talde hartatik.

Bat-batean, beste irrintzi ozen eta luze bat entzun zen. Iratxuen armada haren erdian, gizaki baten irudia azaldu zen, baina oso txikia. Ipotx bat zen. Hark txalo bat eman, eta iratxuak mendian zehar barreiatu ziren. Iratxu bakarra geratu zen ipotxaren ondoan. Ipotxa zubitik askatutako harriak utzitako zulotik sartu zen. Barruan zegoela, kanpoan geratu zen iratxuaren laguntzarekin harria bere lekuan jarri zuen, zuloa itxita. Gero, iratxua bere kideekin elkartu zen.

Hura ikusita, etxerako bidea hartzea erabaki zuen Inesek. Lehenago, ordea, iratxuak atera eta ipotxa sartu zen dobelaren parean harri mordoa jarri zuen, nondik ere ez zekiela ateratako indarra baliatuta. Gero, han ondoan aurkitu zuen arrosondo batetik arrosa zuri bat hartu, eta, musu bat emanda, bertan utzi zuen.

Borrokarako prest

Etxera iritsi zen, eta bizitako abenturaren berri eman zien erabat kezkatuta zeuden senideei. Txerri haiek akabatzeko zuen asmo irmoaren berri eman zien. Txerri taldeak ezin zuen gotorlekuan sartu, eta haien buruzagiak ere ezin izango zuen atera, Inesek sarrera aurrean jarri zituen harritzarrak zirela eta.

Inesen asmoekin bat egin zuten denek. Lamiarango basora abiatu ziren, denetariko armak hartuta. Eguna argitzear zen, eta txerriak euren ezkutalekura itzultzeko ordua gerturatzen ari zen. Bermeotik abiatutako taldeak denak hil zituen, aiztoak baliatuta. Borrokak iraun zuen bitartean, irrintzi beldurgarriak entzun ziren zubiaren barrenetik. Ipotxaren oihuak ziren. Ahalegindu arren, ezin zituen kendu gotorlekuko sarreran Inesek jarritako harri handiak. Ordutik, iratxuak desagertu egin dira, eta ordukoa da Arrosaren ama birjinaren ermita: Ines borrokara eraman zuen lorearen omenez hartu zuen izena. Ermitaren harri zaharrek zutik diraute oraindik, utzita.