Bela herritarrei hurbiltzeko ekintzak Munduko Txapelketan

Bela herritarrei hurbiltzeko ekintzak Munduko Txapelketan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko portuaren kanpoaldean, Abrako uretan, ehun belaontzi inguru arituko dira lehian, J80 kategoriako Munduko Bela Txapelketa irabazi nahian; besteak beste, Ingalaterra, Frantzia, Irlanda, Alemania, Belgika, Kanada, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako 500 bat estropadalari. Munduko onenak. Baita etxekoak ere.

Nahikoa ikuskizun bada, berez, txapelketa bera. Baina, gainera, 25 bat ekitaldi ere egingo dituzte Munduko Txapelketaren ingurumarian, belaren mundua herritarrengana gerturatzeko. Bela nabigazioaren hastapenekin lotutako proposamenak egongo dira, ingurumena zaintzearekin zerikusia dutenak, ur kirolaren onurak ikusaraztekoak, edo musikaz gozatzeari begirakoak.

Haurrentzat, adibidez, askotariko ekitaldi doakoak prestatu dituzte. Bihartik asteazkenera bitartean, Sail A Future proiektuan parte hartzeko aukera izango dute umeek; nahiko luketen mundua amestu, eta bela birziklatuetan margotzekoa. Bihar eta etzi, irrati kontrol bidezko ontziekin nabigatzen ikasteko aukera izango dute Bela Klubaren eskutik, eta, astelehenetik ostiralera, bela tailerrak eskainiko dizkie Pakea Getxo Eskolak 8 eta 15 urte arteko gaztetxoei.

Bestelako ekitaldiei dagokienez, Rock & Sail herri estropada izango da bihar, bela nabigazioan ibiltzen direnen eta esperientziarik gabekoen topagune gisa. Itsasoan ibilaldia egin ondoren, mokadua eta musika saioa izango dute esperientziak trukatzeko. Arrigunagan hondakin bilketa egiteko txangoa ere izango da bihar. Etzi, bela nabigaziorako hastapen tailerrak izango dira bost euroren truke, eta, astelehenetik ostegunera bitartean, txapelketan parte hartuko duten ontzietara bisita egiteko aukera. Merkatu nautikoa ere izango da, eta kontzertuak, besteak beste.