“Bakarlari lanetan aritzeko ilusio handia daukat”

“Bakarlari lanetan aritzeko ilusio handia daukat”

Ane Maruri Aransolo

Abenduaren 22ko goizaldean, Marijesietako bakarlariaren ahotsa emankumezkoa izan zen historian lehenengoz. Ane Miren Arejita (Gernika-Lumo, 1995) sopranoa izan zen lan horiek egiten zituen lehenengoa, eta momentu hori “oso hunkituta” bizi izan zuela aitortu du. Denetariko agertokietan aritu da bakarlari, eta berezienetako momentutzat du aurten Euskalduna jauregian harpa batekin bakarlari moduan abestutako momentua. Hala ere, marijesiekin kalez kale aritzea “berezia” da Arejitarentzat.

Marijesietan bakarlari lanak egin dituen lehenengo emakumea zara. Zelan bizi izan zenuen momentu hori?

Harritu egin ninduen proposamenak, baina ilusioagaz bizi izan nuen. Arduratuta nengoen, lehenengoz marijesietan bakarlari modura abestuko nuelako, eta ez nekielako ondo kantatuko nuen edo ez. Hala ere, barrutik zirrara berezia sentitu nuen. Denis Azkaratek unean bertan egin zidan abesteko proposamena, eta gurasoei abisatu nien segituan. Etxetik jaitsi ziren Labakoa aurrera, bertan abestu nuen-eta lehenengoz.

Nire ahizpak eta amak beti brometan esaten zuten ni izango nintzela marijesietan bakarlari lanetan arituko zen lehen emakumea, baina egia bihurtu zela ikustean asko hunkitu ziren. Egun horretan, gainera, Gaudeamus koralagaz ere aritu nintzen, eta jarraian joan nintzen marijesietara.

Txikitatik ezagutzen duzun tradizioa da marijesiena. Zein oroitzapen dituzu?

Hiru urte nituenetik, gurasoek marijesiek herrian duten garrantzia eta balioa erakutsi didate. Askotan parte hartu dut aitarekin; eskutik hartuta, goizaldean kalera ateratzen ginen. Unibertsitatean nengoela eta gaur egun ere, egun jakinetan bakarrik joaten naiz abestera. Hala ere, marijesiei agurra egiteko leihoa beti zabaltzen dugu etxean.

Emakumeen parte hartzeak gorakada izan du azken urteetan, eta bakarlari modura ere aritu zara. Berdintasunerantz pausoak ematen ari dira marijesiak?

Egia da jatorriz gizonezkoen ohitura dela, baina apurka-apurka emakumeak ere animatu gara, eta, orain, nahiko parekatuta egoten da taldea. Emakumea bakarlari modura aritu izana ere aurrerapauso bat ematea izan da. Baliteke urrats honek emakume gehiagoren parte hartzea bultzatzea etorkizun hurbilean.

Abenduaren 24an egunez egiten dute bidea marijesiek. Han ere bakarlari aritu zinen.

Bai, Andra Mari eliza aurrean abestu nuen, egunez, lehenengoz. Egun hori ere berezia izan zen, nire aitaren denda aurrean gelditu ginelako, eta haren aurrean abesteko aukera izan nuen. Nor eta nor bizi da etxetsu zahar horretan estrofa abestu nuen bertan.

Erraz moldatu zinen?

Mutilen doinuan abestu nuen. Orain, baina, egokitze lanak egin beharko ditugu. Taldea nire doinura eta ni eurenera egokitzeko entseatu egin beharko dugu, baina denborarekin lortuko dugu. Gustura abestea lortu nahiko dugu. Kaleko jendea ere ohitu beharko da gauean etxean daudela emakumeen doinua entzutera.

Aurrera begira, bakarlari moduan jarraitzeko asmoa duzu?

Behin hasiz gero, horri eustea tokatzen da orain. Gogoa badaukat, eta saiatuko naiz, baina ez da bakarrik gogo kontua. Gaudeamus koralean ere abesten dut, eta neguan kontzertu asko izaten ditugu. Gaudeamusen ere bakarlaria naiz, eta ahotsa zaindu beharra daukat. Baina, 2019an ikusiko da. Egunero ez bada ere, egun batzuetan bakarlari moduan abestuko dut, ilusio handia daukat.