Munduko greba feministei buruzko erakusketa bat antolatu dute Basaurin

Munduko greba feministei buruzko erakusketa bat antolatu dute Basaurin

Peru Azpillaga Diez

Greba orokor feministarantz erakusketa ikusgai dago Basauriko Marienea emakumeen etxean, ekainaren 19tik. Esposizioak XIX, XX eta XXI. mendeak biltzen ditu, eta emakumeek urte haietan egindako greba eta mobilizazio esanguratsuenak jasotzen ditu. Horretarako, hamahiru unitateren bidez, mundu mailako ibilbide kronologiko eta tematikoa egiten du erakusketak, eta idatzitako historian ikusezin bihurtutako emakumeen ekarpena aldarrikatu, bizipen kolektibo horietako batzuk ahanzturatik ateratzeko helburuarekin.

Azken bi urteetan Martxoaren 8aren harira antolatutako grebek bultzatuta hasi ziren Marienekoak erakusketa prestatzen, eta, nahiz eta badakiten “segur aski” emakumeen historiako pasarte batzuk “kanpoan geratu direla”, harro agertu dira egindako lanaren emaitzarekin. Izan ere, Marieneak gauzatzen dituen hamaika ekintzen artean, erakusketek berebiziko garrantzia dute. “Gure espazioa eta lana ezagutzera emateko balio digute erakusketek, baita institutuekin eta ikasleekin egiten dugun lana aurrera eramateko ere; oso baliabide erabilgarria dira sentsibilizaziorako”, azaldu du Anabel Sanz del Pozo Basauriko Berdintasun eta Lankidetza teknikariak.

“Martxoko grebarekin emakume asko batu ginen. Besteak beste, hemen egin genituen grebako asanbladak, Marienean, eta motibazio handia sortu zitzaigun”. Horregatik, bultzada hori baliatuta, emakumeen greben inguruko gogoeta bat egiten hasi ziren: “Zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, bagenekielako azken urteetako grebak ez zirela inondik inora lehenak; emakumeon historian erresistentzia eta borroka adibide asko egon izan dira eta”, nabarmendu du Sanzek.

Hala, informazioa biltzen hasi ziren beren kabuz, baina, gaia zer zabala zen ikusita, historialari batekin harremanetan jartzea erabaki zuten. “David Beorlegi historialariari proposatu genion erakusketa gurekin batera prestatzea”. Beorlegi arduratu da dokumentazio historikoaz. “Proposatu genionean, ilusio handia egin zion, eta, bi egunen bueltan, informazio pila genuen esku artean”. Ikusita zenbat informazio zegoen, arreta soilik emakumeek egindako grebetan jartzea erabaki zuten, gatazka guztiak biltzea ezinezkoa egiten zitzaielako.

Hori bai, kontaketa kronologikoa egiteaz gain, hasieratik izan dute argi erakusketak beste kontinenteetako bizipenak ere bildu behar zituela. “Maiz, Europan eta Ipar Amerikan gertatutakoa baino ez dugu buruan; oso ikuspegi eurozentrista dugu, eta ahaztu egiten zaigu beste tokietan ere izan direla emakumeen erresistentzia esperientzia indartsuak”, aldarrikatu du Sanzek.

Azaldu duenez, Greba orokor feministarantz izendatu dute erakusketa, besteak beste, azken urteetako gertakariekin greba kontzeptua bera irauli dela uste dutelako. “Feminismotik grebari beste esanahi bat ematea lortu dugu; badirudi jada ezin izango dela greba orokor bat egin alde erreproduktiboa kontuan hartzen ez bada”. Horrekin batera, emakumeek historian zehar izandako pisua belaunaldi berriei helaraztea “funtsezkotzat” jo du Sanzek. “Iraultzari begira, ezinbestekoa da jakitea zer paper izan duten emakumeek historian zehar eta nola antolatu garen gure helburuak lortzeko”. Hori dela eta, “eskuinaren aurrean” antolatzen jarraitu behar dutela azpimarratu du: “Argi dago zer gertatzen den boterea eskuratzen duten bakoitzean; Madrilen eta Iruñean ikusi berri dugu”. Horregatik, Martxoaren 8an egindakoak gauza “puntual” bat baino gehiago izan behar duela azpimarratu du: “Egunero lanean jarraitu behar dugu, oraindik asko baitaukagu egiteko”.

13 unitatetan antolatuta

Hiru mende eta mundu osoko emakume grebak biltzen dituen erakusketa izanik, garai eta gai ildo jakinei lotutako hamahiru unitatetan antolatzea erabaki dute. Unitate horietako bakoitzak emakumeek bizitako historiako garai eta borroka jakin batzuei egiten die erreferentzia. Esate baterako, Ingalaterran ehungintzako fabriketan ziharduten emakumeek egindako greba aitzindarien bizipenak bilduz abiatzen da erakusketa. Horren ostean, emakumeen grebek iraultza garaietan izandako garrantzia aztertzen da; esaterako, Errusian.

Horri jarraituz, beste hainbat gai ere jorratzen ditu erakusketak: gizonezkoen soldata bera jasotzeko eskubidearen aldeko borrokak, hirurogeiko hamarkadan bakearen alde emakumeek egindako grebak, emakume migranteek pairatzen duten zapalkuntza hirukoitza, Hego Ameriketako emakumeek diktaduren aurka egindako lana, emakumeen lehenengo gose eta egarri grebak, eta Asiako hego ekialdeko eta Egiptoko oihalgintza lantegietan emakumeek lan eskubideen alde antolatutako greba masiboak.

Esposizioa borobiltzeko, hamahirugarren unitatean, erakusketaren beraren izenburuari heltzen zaio, eta azken urteetan Euskal Herrian feminismoak izandako gorakadari eta jazotako gertakari esanguratsuenei egiten zaie erreferentzia. Hala nola 2018an egindako greba feministari eta aurten bertan Euskal Herriko kaleak lepo bete zituen lehenengo greba orokor feministari.